INFO

Konfiantza badauka, baina puntu gehiago behar ditu orain Eibarrek

Armaginek hirugarren garaipena jarraian lortu behar dute bihar Ipuruan (20.00) Betisen aurka mailari eusteko borrokan bizirik jarraitu nahi badute. «Mailari eusteko helburua Europan jokatzea baino askoz garrantzitsuagoa da beti», gogoratu du Mendilibarrek bi taldeen helburuak alderatuz.

Eibarrek garaipena lortu zuen Villamarinen lehen itzulian. Argazkiak, deialdira itzuli den Pozo, partida haren jokaldi batean. (Rafael T.R./LOF)

Miraria gertuago dauka Eibarrek denboraldian lehen aldiz bi garaipen jarraian lortu ondoren. Horrek «animoa, konfiantza eta poza» eman dizkio talde armaginari, José Luis Mendilibarrek aitortu duenez. Baita ezinbesktekoak zituen puntuak ere baina, bere egoera hain txarra zenez, boladari jarraipena ematera behartuta dago mailari eusteko borrokan bizirik jarraitu nahi badu.

Hurrengo urratsa Betisen kontra eman beharko du bihar Ipuruan (20.00). Aurkari gogorra, 2021ean jokatu dituen 21 partidatan bi porrot besterik (Sevilla eta Barcelonaren aurka) jaso ez dituena. «Lehen itzulian kostatu» zitzaion Manuel Pellegriniri nahi zuen taldea ikustaraztea, entrenatzaile armaginaren esanetan, «baina orain badaude. Defentsan talde indartsua da, aurkariari eusten dakiten erdilariekin, eta baloia hartzen badute, errez iristen dira areara, zelai erditik gora arriskua sortzen duen jendearekin».

Talde andaluziarra, gainera, eskuan duen Europarako sailkapena ziurtatu nahi du. Helburu erakargarria baina, garrantziaz aritzean, argi dauka Mendilibarrek Eibarrena «garaile» dela. «Mantentzeko helburua Europan jokatzea baino askoz garrantzitsuagoa da beti. Klubarentzat, ekonomikoki, jokalarientzat, talde teknikoarentzat, klubaren inguru guztiarentzat…, askoz garrantzitsuagoa da Lehen Mailan jarraitzea Europan jokatzea baino. Guk gehiago dugu jokoan».

Helburu hori, noski, «gertuago ikusten» dute gorri-urdinek orain «baina oraindik ez dugu ezer lortu», gogorarazi du beren entrenatzaileak. Aukera badago, hala ere, eta «gure esku» dagoela azpimarratu du, «partida guztiak irabazten baditugu. Baina orain Betisen bakarrik pentsatu behar dugu». Ildo berean, ez du nahi sailkapenaren azken postuetan dauden taldeak zer egiten dutenari buruz pentsatzea baina argi dago Eibarrek, Ipuruaz gain, beste zelai batzuetan ere jokatuko duela gaur eta bihar. Izan ere, jardunaldiko emaitzen arabera, bihar beherapen postuetatik kanpo egin dezake lo. Ezinbesteko baldintza, edozein kasutan, hiru puntuak eskuratzea da.

Seguruenik, aurreko partida bietan aritu den hamaikako berberarekin saiatuko da talde armagina Betisen aurka ere. Partidaren aurrekoan albiste ona ere jaso du Mendilibarrek, erizaindegia hutsik geratu baita Pozok bere arazo fisikoak gainditu ondoren. Lehen taldeko jokalari guztiak sartu ditu zaldibartarrak deialdian, filialeko Dufur, Atienza eta Unai Arietarekin batera.