INFO

Jexux Andueza pilotari ohi azkoitiarra zendu da 64 urterekin gaixotasun baten ondorioz

1978. urtean Munduko txapeldun eta 1979an Bigarren Mailako Buruz Buruko txapelduna izan ondoren, 22 urte egin zituen Azkoitiko Oteiza pilota eskolako arduradun bezala eta beste mordo bat Gurea pilotalekuko kantxero gisa.

Jexux Andueza, Azkoitiak irabazi duen Gipuzkoako azkjen Herriartekoa ospatzen. (Imanol OTEGI/FOKU)

Aurtengo Buruz Burukoa Azkoitiko Gurea pilotalekuan hasiko den egun berean, urte asko eta askotan bertako kantxero izandako Jexux Andueza pilotari ohia hilda ostiral honetan, 64 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Irabazitako txapelketez harago, Anduezatarren dinastian seigarrena izandakoak sekulako lana egin zuen pilotaren sehasketako bat izan den Azkoitian, bertako pilota eskolako arduradun izan baitzen 22 urtez.

Kirol ibilbidea ere oparoa izan zuen Jexux Anduezak, afizionatuetan urrea lortu zuen Baiona eta Biarritzen 1978.urtean jokatuzen Munduko txapelketan eta aurretik, urte berean, Espainiako txapelketa.

Buruz Burukoan finalerdietara

Emaitza on hauek lagunduta profesional mailarako jauzia eman zuen 1979an. Bergarako Udal Pilotalekuan jokatu zuen maila honetako lehen partida eta urte horretan bertan Bigarren Mailako Buruz Buruko txapela jantzi zuen finalean Arzelusi irabazita. Hurrengo urtea ere oparoa izan zuen, lehen mailakoan finalerdietara heldu baitzen Migel Bengoetxea, Gorostiza eta Roberto Garcia Ariñori irabazita. Antton Maizek utzi zuen finaletik kanpo, Julian Retegik bere lehen txapela eskuratu zuen urtean.

Baina arlo profesionaletik harago, Jexux Andueza lan eskerga eginikoa Azkoitiko da Oteiza pilota eskolan. 1995ean hartu zuen bertako ardura eta bere eskutik irabazi zituen Azkoitiak Gipuzkoako Herriartekoaren bere azken hiru txapelak, 1999an, 2003an eta 2006an. Aurretik, pilotari bezala beste hiru zituen irabaziak, 74an, 75an eta 77an.