INFO

Mobilizazioak Bilboko auzitegian, Irune Costumeroren aferaren epaiketaren aurrean

Bizkaiko Foru Aldundia, Gizarte Ekintzako diputatua, Haurren Harrera eta Balorazioko burua, Haurren Zerbitzuko burua eta gizarte langile bat epaituko dituzte ekainaren 7, 8 eta 9an, «prebarikazioa» eta Irune Costumero eta haren alabari «tratu txarrak eta lesio psikikoak» eragitea leporatuta.

Irune Costumero bere alabaren zaintzagatik borrokan ari da. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Bizkaiko Auzitegiak ekainaren 7, 8 eta 9an Bizkaiko Foru Aldundia, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua, Maria Antonia Giner Haurren Harrera eta Balorazioko burua, Consuelo Alonso Haurren Zerbitzuko burua eta Maika Urutxurtu gizarte langilea epaituko ditu. «Prebarikazioa» eta Irune Costumero eta haren alabari eragindako «tratu txarrak eta lesio psikikoak» eragitea leporatzen diete. Epaiketarekin bat, elkarretaratzeak deitu dituzte auzitegiaren atarian hiru egunetan, 09:00etan.

2017ko abuztuaren 3an, Aldundiak beharrezkotzat jo zuen adingabearen tutoretza bere gain hartzea, eta Ertzaintzaren eta segurtasun pribatuko hiruna agente bidali zituen haurra eta ama banatzera, Haurren Zerbitzuan hitzordua jarri zietenean. 

2020ko martxoan epaiketa honi bide eman zion auto judiziala irmo agertu zen gertakariekin, eta une oro zalantzan jarri zuen Gizarte Gaietako «indar fisikoarekin eta jarrera bortitzarekin» jarduteko modua, «jakinda Foru Aldundiak ez zuela zilegitasunik».

Inputazio autoak jasotzen duenez, Costumerori alaba besoetatik kendu zion foru aginduak ez ditu bete «proportzionaltasun irizpideak», «indarkeriaz» aritu dira, Aldundiaren txostena «ez dator errealitatearekin bat» eta haurrarengan «ondorio larriak» sor ditzake egoera horrek guztiak. Era berean, autoak zehazten du Gurasoen Alienazio Sindromea erabili dela eta emakumeen eta haurren kontrako eskubideen kontrako eraso garbia dela hori.

«Itxaropena daukat, froga garbiak ditut eta alaba nirekin ekartzea lortuko dudala espero dut. Ez daukat hori sinestea beste erremediorik. Denbora asko daukagu berreskuratzeko eta zauriak sendatu behar ditugu», adierazi zuen Customerok Gaur8-n egindako elkarrizketan.