INFO

Pandemiak haurrengan duen eraginari buruzko dekalogoa prestatu du nafar Osasun Departamentuak

Familien Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ‘Haurtzaroa zainduz beti eta, are gehiago, pandemian’ dekalogoa aurkeztu du pandemiak haurrengan duen eragin emozionalari aurre egiteko.

Osasun Departamentuak egindako dekalogoaren kartela. (Osasun Departamentuak)

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) dekalogo bat prestatu du covid-19aren pandemiak haurtzaroan duen eragina murrizteko eta ongizate emozional, fisiko eta soziala sustatzeko gakoekin. ‘Haurtzaroa zainduz beti eta, are gehiago, pandemian’ izeneko lan honek adingabeei entzutearen, denbora eskaintzearen, emozioak ezagutu eta onartzearen eta arlo guztietan koronabirusaren prebentzioan hezitzearen alde egiten du, besteak beste.

Haurren zaintzaileei eta familiei zuzentzen zaie dekalogoa, haurtzaroan lan egiten duten profesionalei ez ezik, eta maiatzaren 15a, Familien Nazioarteko Eguna dela-eta aurkeztu da orain. NOPLOIk adingabeei pandemiari buruzko informazio argia ematera, haien erantzukizuna eta autonomia sustatzera eta aniztasunarekiko errespetuan heztera ere bultzatzen du.

Era berean, bizimodu osasungarria izatearen alde egiten du (elikaduran, loan edo pantailak erabiltzean), haiek zaintzearen alde, haien segurtasunerako arrisku-egoerak saihestearen alde (hala nola, istripuak, indarkeria edo tratu txarrak) eta pandemiak irauten duen bitartean egunero prebentzio-neurriekin gozatzearen alde.

Proposamen horiek, gainera, kartel batean eta orrialde-markagailu batean jaso dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta osasun-zentroetan, gizarte-zerbitzuetan eta auzo-unitateetan, ikastetxeetan eta haur-eskoletan, Haur Hezkuntzako Adimen Osasuneko Zentroan, Arreta Goiztiarreko Zentroan, haurtzaroarekin lotutako erakunde eta elkarteetan, eta Nafarroako liburutegi publikoen sarean banatuko dira.