INFO

Arrasate: «Ziurrenik nagusitasun handienarekin menderatu gaituen taldea izan da Atletico»

«Berez da talde indartsua, menderatzeko zaila, eta Liga jokoan edukita are eta zailagoa izango da», onartu du Osasunako entrenatzaileak, nahiz eta gorritxoak «talde guztiei gauzak zail ipintzeko gai» direla aldarrikatu. Adrian, Aridane eta Calleri ez dira garaiz osatu eta ez daude deialdian.

Arrasate, partida batean epailearekin kexu (Iñigo URIZ / FOKU)

Osasunak Liga erabakita utzi dezakeen liderraren zelaian jokatuko du bihar, Simeoneren Atleticoren aurka Wanda Metropolitano estadioan (18.30, Movistar+), baina Jagoba Arrasatek argi utzi du bere agerraldian «talde guztiei gauzak zail ipintzeko gai» dela bere taldea.

«Berez da talde indartsua Atletico, menderatzeko zaila, eta Liga jokoan edukita are eta zailagoa izango da teorian», onartu du Berriatuko entrenatzaileak. Baina era berean, «partida ona egin eta emaitza on bat ateratzeko» ilusioz bidaiatuko dutela aurreratu du.

Aurrekariak ikusita argi dago Atletico bereziki aurkari gaiztoa dela Osasunarentzat, azken neurketa eta emaitzek hala diote, eta Arrasatek ere ez du ezkutatu gehienetan emaitza on bat lortzetik «gertu ere ez» direla egon. «Ezin izan dugu esan: ‘lehiatu egin dugu eta gertu ibili gara’».

«Ziurrenik nagusitasun handienarekin menderatu gaituen taldea izan da aurtengo eta iazko denboraldietan jokatu ditugun partidetan», gehitu du, aukerak izateko Osasunaren «bertsio onena» ikusi beharko dela gehituz.

Adibide moduan, madrildarrek Realaren aurka jokatutako azken neurketa ipini du, Simeoneren taldeak egin zuen partida hasiera indartsuan azpimarra eginez. «Erritmo handia, aukera asko eta sakontasun handia» nabarmendu ditu entrenatzaileak Atleticoren jokoa aztertzerakoan, talde «oso fisikoa» dela aipatuz, bai baloiarekin eta bai baloirik gabe.

«Gure lanean pentsatzen dugu soilik, ez emaitzak Liga irabazteko borrokan suposatu dezakeenaren inguruan. Hori ez da gure borroka eta gure helburua neurketa txukun bat egitea da», amaitu du bere prentsaurrekoa Jagoba Arrasatek.

Aldaketak hamaikakoan

Entrenatzaile bizkaitarra aldaketa asko egiten ari da bere hamaikakoetan azken asteetan, eta beraz bihar Wandan zelairatuko duen taldea asmatzea ez da batere erraza. Hori bai, baja ugari dituenez, aukerak ere apur bat murrizten zaizkio Arrasateri.

Adrian, Aridane eta Calleri ez dira osatu eta ez dira deialdian sartu, eta Nacho Vidal zigortuta dago. Hori horrela, gorritxoen hamaikakoa honako hau izan liteke gutxi gora-behera: Sergio Herrera; Ramalho, Unai Garcia, Roncaglia, Juan Cruz; Torro; Kike Barja, Darko, Moncayola, Jony; eta Budimir.

Atleticori dagokionez, Thomas Lemar da baja bakarra, baina Madrilgo komunikabideek diotenez baliteke Simeonek aldaketa batzuk egitea hamaikakoan Realaren aurka jokatu zuenarekin alderatuta. Informazio horien arabera, Kondogbia Saulen ordez arituko da, eta Joao Felix eta Renan Lodi sartuko lirateke taldean.

Jubenilak

Azkenik, Osasunak jakinarazi duenez, gorritxoek Alavesen aurka jokatu behar zuten jubenil mailako partida bertan behera geratu da talde gasteiztarrean Covid-19 kasu bat agertu ostean.