INFO

«777», zenbaki borobila denboraldia errematatzeko

Datorren ostiralean Kopako final laurdenetako kanporaketa jokatuko du Bera Berak Malagaren aurka. Kanaria Handiak jasoko du txapelketa erakargarri honen azken fasea eta donostiarrak oso maila onean iristen dira bertara. Nolanahi ere, iazko txapelduna garaitu beharko dute aurrera jarraitzeko.

Bera Berako jokalariak, lurrean, garaipena ospatzen. (Jon URBE / FOKU)

«Pentsatu dut bai, 777 ideala litzateke», aipatu du barre artean Tati Garmendiak. Izan ere, Bera Berak zazpi liga eta Superkopa irabazi ditu, eta oraingoz sei Kopa poltsikoratu ditu. Zenbaki borobil bat lortu dezake, beraz, hurrengo asteburuan. 

Horretarako, datorren ostiralean Malaga garaitu beharko du final laurdenetako kanporaketan. «Indartsu gaude», argitu du Menendezek, «mentalki, hauspoa suposatu du liga irabazteak». Hala erakutsi zuten pasa den ostiralean, ligako azkenaurreko jardunaldian Rocasa jipoitzean. 

«Egokitu zitekeen arerio gogorrena egokitu zaigu, baita beraiei ere», dio Garmendiak. Izan ere, Malagak iazko Kopa irabazi zuen eta maiatzean Europako Challenge Cup irabazi du. «Tituluak irabazteko talde onenei kanporatu behar zaie», gogoratu du Bera Berako arduradunak, erronka berriari aurre egiteko prest daudela abisatuz. 

Imanol Alvarez entrenatzailearen iritziz, lehen partida gaindituta, bidea argitu egiten da, 48 orduan hiru neurketa jokatzeko talde orekatua izatea plus bat delako. «Hirugarren egun horretara iristen bagara, logikoena litzateke gu maila onean iristea, jokatu eta maila ona eman dezaketen 14 jokalari ditugulako». 

Nolanahi ere, Kopa ezustekoen topagunea da eta inor ez da fio, «lehen neurketa horretan indarrak parekatuta daudelako».