Alavesek lanak errematatu ditu Granada mendean hartuta eta mailari eutsi dio (4-2)
Alavesek beste urte batez Lehen Mailan jarraituko duela ziurtatu du igande honetan. Granadaren aurka funtsezko garaipena eskuratu dute babazorroek eta azken jardunaldira etxeko lanak eginda iritsiko dira. Granadak berdindu egin du baina ondo erreakzionatu dute etxekoek. [Partidaren xehetasunak]
Alavesek neurketa hasiera onaren fruituak jaso ditu Pere Pons eta Ruben Duartek eginiko golekin. Hogei minutuan 2-0eko abantaila lortu du. Molinak, baina, atsedenaldiaren hondarrean, aldeak murriztu ditu, bigarren zatian zetorrenaren abisu gisa. Antonio Puertasek 62. minutuan berdinketa egin du baina ondo erreakzionatu dute etxekoek eta, segituan, Joseluk 3-2koa egin du. Riojak, 72. minutuan, lasaitasuna ekarri duen gola lortu du.
Funtsezkoa zuen garaipena igande honetan Gasteizko taldeak eta ez du hutsik egin duela hilabete baino zerbait gehiago iritsita, taldea berpiztu duen Callejak gidatuta. Entrenatzaile madrildarra Arabara iritsi zenetik, porrot bakarra jaso du Alavesek (Eibarren aurka, berriro zalantza itzularazten) baina igande honetan minutu batetik bestera egin bezala, jardunaldi batetik bestera, Gloriosoren erreakzioa heldu zen Elxen eta hala, hiru berdinketa eta lau garaipen batuta, salbaziorako bidea marraztu du arabarrek.
Granadaren aurka segituan maldan behera jarri zuten neurketa Pere Ponsek 8. minutuan eginiko gol bati esker. Riojak maila ezinhobean bukatu du denboraldia, hala nola Joselu berak ere, eta Almeriakoak lehen golean kasik pasea egin badu –Aaron atezainak desbideratu du baloia eta aldaratzea probestu du Ponsek 1-0ekorako– lasaitasunaren gola ere berak egin du bigarren zatian, kontraeraso batean.
Lehenengo zatian ere lasaitasunaren gola izango zela zirudien Duarteren golak, hogeigarren minutua bete berritan 2-0ekoa egin badu. Dena ondoegi zihoan gauza onerako... Eta Molinak atsedenaldia iritsi aurretik, jokoaren orduerdia pasata, aldeak murriztu ditu. Bigarren zatian urrats bat atzera eman du talde babazorroak, nahiz eta Battagliaren erremate bat zutoinarekin topatu den hasi eta berehala.
Granada baloi jabetza gehiago edukitzen eta hobeto maneiatzen hasi da, Antonio Puertasek binakoa egin duen arte. Kalitate handiko jokalariak ditu Granadak erasoan eta hutsune bat emanez gero, probesteko gai dira, nahiz eta erritmo aldetik nabaritu den jokoan zerbait zuena Alaves zela. Eta hala, berandu baino lehenago erreakzionatu dute babazorroek berriro ere markagailuan aurrea hartzeko. Joseluk egin du 3-2koa eta badaezpada, ezustekoak saihesteko –nahiz eta, egiari zor, gainontzeko taldeen emaitzak ere alde zituen Callejaren taldeak– Riojak errematatu ditu igande arratsaldeko etxeko lanak.
Ondo sufrituta, hilabete eta erdian azken sailkatua izatetik azken jardunaldira hamabosgarren postuan heltzeraino igaro da Alaves. Denboraldi osoan zehar hiru entrenatzaile ezberdinen aginduak izan dituzte babazorroek, nahasmen eta zurrunbilo asko sortu da taldearen inguruan, eta azkenean denboraldiko helburua lortu dute.