Berdindu Eskolak, prestakuntza milaka ikasle eta irakaslerentzat
Orain artean 7.000 irakasle inguruk jaso dute Berdindu Eskoletako prestakuntza, eta dagoeneko 18.000 ikaslerengana heldu da ekimen berritzailea EAEn
Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko Berdindu zerbitzuak sexu eta genero aniztasunarekin harremana duten gaiei buruzko informazioa eta arreta ematea du xede. Hala, gay, lesbiana, pertsona transexual, bisexual eta intersexualei eta euren ingurukoei arreta eta laguntza ematen die, baita sexu eta genero aniztasunarekin lotutako aholkularitza behar duten adingabeen sendiei ere.
Zerbitzuak bultzatzen duen egitasmoetako bat dira Berdindu Eskolak, eta orain artean 7.000 irakasle inguruk jaso dute prestakuntza, eta 18.000 ikaslerengana heldu da ekimen berritzailea Euskal Autonomia Erkidegoan. Helburu nagusia argia da: sexu eta genero aniztasuna eta LGTBI diskriminazio arazoak lantzeko interesa duten ikastetxeetan irakasleei aholkularitza eta prestakuntza ematea. Ikastetxeei, orientatzaileei, aholkulariei, ikastetxeko zuzendaritzari eta, oro har, irakasleei zuzendutako arreta eta prestakuntza ikastaroak dira.
Aholkatu, hezi eta sentsibilizatu
Aipatutako helburuak lortzeko, Berdindu Eskolak hiru zutabe nagusi ditu oinarri. Batetik, aholkularitza lana egiten du, hots, ikastetxeei orientazioa eskaintzen die, homosexualitate, transexualitate, bisexualitate edota intersexualitate errealitateak detektatuz gero.
Bestetik, izaera publikoa daukan egitasmo horren bitartez, irakasleak euren ikastetxean bertan modu pertsonalizatuan prestatzen dituzte, sexu aniztasunaren ikuspegia eskoletako eguneroko praktikan txertatzen da, eta «talde eragileak» deiturikoak sortzen dira, lehenago aipatutako errealitateak antzeman eta baliabideak eta jarraibideak emateko.
Hirugarren zutabea sentsibilizazioa da. Izan ere, berebizikoa da ikastetxeetako, eta oro har gizarteko, sexu aniztasuna normalizatzea eta lantzea, bizikidetza hobetzen laguntzeko eta baita ikasle guztien garapen pertsonala eta giza garapen askea sustatzeko, modu horretan, arrisku giroak murriztuz.
Horiek horrela, sexualitatea, sexu aniztasuna eta familia aniztasunaren inguruko sentsibilizazioa, eguneroko jardunean «ohikoak» diren usteak eta aurreiritziak antzemateko gaitasunak lantzen dituzte.
Bestalde, oinarrizko kontzeptuen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko aukera izaten dute prestakuntza jasotzen duten kideek. Besteak beste, maskulinitatea, feminitatea edota heterozentrismoa bezalako kontzeptuak jorratzen dituzte, eta genero eta sexu identitatea eta orientazioak ikuspegi eta jarrera positibotzat hartzea bilatzen dute.
Lan metodologia
Berdindu Eskolak, esan bezala, gertuko eta konfiantzazko formakuntza eskaintzen die haren laguntza eskatzen duten EAEko ikastetxeei. Lehenik eta behin, egitasmoko ordezkariak ikastetxera joaten dira zentro horretan egon daitezkeen arazo eta beharrak ebaluatzera. Bestalde, Berdindu zerbitzuak eskaini ditzakeen baliabideei buruzko informazioa eta aholkularitza ematen du, eta eskuragarri dauden formakuntza saioen berri ematen die eskolako zuzendariari, irakasleei eta gainerako eragileei.
Berdindu Eskolek aniztasuna txertatzen laguntzen dute. Helburua burura eramateko oinarrizko formakuntza saioak ematen dizkiete eskolako klaustroa osatzen duten kideei. Prestakuntza saio horiekin lortu nahi dena irakasleak sentsibilizatzea eta sexu eta genero aniztasunaren aurrean euren begirada eta ikuspuntua zabaltzea da. Hori lortzeko bidean ikasgelan bertan lantzeko pistak eta gakoak ematen zaizkie parte hartzaileei, baita material eta baliabide pedagogikoak hautatzeko aukera ere.
Azkenik, esan beharra dago formakuntza saioetan parte hartzen dutenek gutxienez lau orduko prestakuntza jaso behar dutela. Irakasleei lan ereduak adibide zehatzen bidez irakasten zaizkie, eta alderdi praktikoari ere garrantzia handia ematen zaio. Gerora, mahai gainean jarritako praktika onak eta ikasitako lezioak bildu eta ebaluatu egiten dira, eskainitako zerbitzua eta prestakuntza optimizatzeko.
Materiala eta baliabideak
Berdindu Eskoletako formakuntza saioak egiteko erabiltzen dituzten tresnak ugariak eta askotarikoak dira. Aipatzekoa da, alde batetik, ikus-entzunezko materialen erabilera eta azterketa; hala nola, “Laukitxoaren historia”, “Soineko berria” edota “Test de la vida real” izeneko filma. Horrez gain, gaian trebatzeko baliagarriak diren material didaktikoak ere aztertzen dituzte, baita eduki bibliografikoak ere.
Behin marko teorikoa landuta, kasu praktikoak jorratzeari ekiten diote Berdindu Eskoletan. Hala, arestian aipatutako edukiak barneratu ondoren, eguneroko bizitzan nola jokatu ikasten dute, eta errealitate ezberdinen aurrean legeak ematen duen babesa ere aztertzen dute.