INFO

Haur eta nerabeak sexu abusuen aurrean sentsibilizatzeko #EzNaizIsilduko kanpaina aurkeztu dute

Save The Childrenek #EzNaizIsilduko kanpaina aurkeztu du, gizartea, eta batez ere haurrak eta nerabeak, sexu abusuen salaketaren garrantziaz sentsibilizatzeko helburuarekin. Arartekoak, aldiz, esku-hartze eraginkorra ziurtatzeko gomendio sorta bat argitaratu du.

#EzNaizIsilduko kanpaina aurkeztu du Save The Childrenek.

#EzNaizIsilduko kanpaina aurkeztu du Save The Childrenek. Honen helburua «gizartea, eta batez ere haurrak eta nerabeak, sexu abusuen salaketaren garrantziaz sentsibilizatzea» da.

«Sexu abusuak jasaten dituzten adingabeek ez dute normalean kontatzen, lotsatuta sentitzen dira eta horrek indarkeria urte luzez iraunarazten du», azaldu du Catalina Perazzok, Save the Childreneko Sentsibilizazio eta Haur Politika arloko zuzendariak. «Haurrek eta nerabeek laguntza eskatu eta isiltasuna hauts dezaketela jakitea», dute jomuga.

Erakundeak ohartarazi du gaur egun espainiar Estatuan sexu delituengatik egiten diren bi salaketatik batek adingabe bat duela biktima gisa eta ohartarazi du, kopuru handiak izan arren, «kasu askotan oraindik ezkutatuta» jarraitzen dutela «biktimek sentitzen duten bakardadearen ondorioz».

Haur eta nerabeen kontrako sexu abusuak saihesteko, Save the Childrenek ezinbestekotzat jotzen du familiek, medikuek, irakasleek eta neska-mutilekin zuzenean lan egiten duten beste profesionalek trebakuntza eta informazioa edukitzea tratu txar posible baten aurrean nola jokatu jakiteko. Era berean, erakundeak baieztatzen du plataforma digitalek funtsezko eginkizuna betetzen dutela haurrak babesteko eta indarkeria aurreikusteko, eta beharrezkoa dela aliantzak online ingurunean babes mekanismoak indartzeko.

Bide horretan, TikTok plataforman ere abiatu dute ekimena. Begiak, belarriak eta ahoa (hiru tximino jakintsuek bezala) estaltzea eta agerian uztea proposatzen dute. Parte hartzen duten pertsona guztiek «ez ditut begiak itxiko», «entzungo dut» eta «ez naiz isilduko» keinuak egitea proposatu dute.

Arartekoaren gomendioak

Errealitate honen aurrean, Arartekoak gomendio sorta bat kaleratu du. 2019an, Arartekoak protokolo baten proposamena prestatzeari ekin zion, arlo horretan espezializatutako pertsona eta erakunde guztiek adierazi zuten gabezia bat arintzeko.

Eta helburu argi bat adierazi du: «Esku-hartze eraginkorra ziurtatzea haurren aurkako sexu-abusua edo sexu-esplotazioa gertatzen direnean, kasu guztietan bermatuz biktima babestuko dutela eta egindako kaltea konponduko dela». 

Zentzu horretan, «jarduera guztiak bigarren mailako biktimizazioa arintzera bideratuta» egon behar direla nabarmentzen du, «eginbide errepikakorrak saihestuz eta gutxieneko esku-hartzearen, bizkortasunaren eta espezializazioaren irizpideetara egokituz». Era berean, biktima diren haur eta nerabe guztiek tratamendua jaso ahal izatea lehentsi du, «kaltea albait azkarren konpon dadin».

Honela, erakundeei gomendio horiek betetzea eta haien eremuan zabaltzea eskatu die, baita alor profesionaletako prestakuntzak sustatzea eta bilakaera hori jarraitzea.