INFO

Haurdun egoteagatik lanik gabe utzitako suhiltzaileari kontratua egin dio Bilboko Udalak

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Bilboko Udalak «egungo legedia kontsultatu» ostean, haurdun egoteagatik lanik gabe utzi zuen suhiltzaileari kontratua egin diola. Biharko bizkaitar hiriburuan deitutako mobilizazioa bertan behera utzi du sindikatuak. 

Emakume bat haurdun egoteagatik lanik gabe utzi dutela salatu zuen atzo ELAk. (ELA)

Bilboko Udaleko Giza Baliabideen arloak haurdun egoteagatik lanik gabe utzi zuen suhiltzaileari kontratua egitea erabaki du, ELAk baieztatu duenez. «Udalak dio egungo legedia kontsultatuta, kontratua egitea dagokiola», adierazi du sindikatuak.

Atzo ohar baten bidez jakinarazi zutenez, duela zenbait hilabete, suhiltzaile horrek haurdun zegoela jakinarazi zuen lantokian. «Lan-osasuneko protokoloei jarraituz, bere baldintzetara egokitutako lanpostu batera berresleitu zuten. Bitarteko kontratua amaitu zizaionean, langile horri, kontratazio-zerrenda berrian duen posizioagatik, beste izendapen bat egitea zegokion, baina Udalak, lan-poltsak kudeatzeko irizpideei jarraitu gabe, kontratu gabe utzi zuen».

Sindikatuaren hitzetan, Udalak zioen, «haurdun dagoenez, ezin zuela suhiltzaile lanik egin». Hori dela-eta, lanpoltsaren zerrendatik kanpo utzi, eta kontraturik gabe geratu zen. Orain, aldiz, erabakia aldatu du Udala.

ELAren iritziz «ekintza sindikalaren fruitua» izan da aldaketa hau eta «langileari berez zegokiona esleitzea besterik ez du egin Udalak». Zentzu horretan, auzia dela eta, biharko, maiatzaren 20rako, deitutako protesta bertan behera utzi dute.