INFO

«Kontent naiz zu ikusirik; baita ni ere»

Ipar Euskal Herriko ostalariek azkeneko zazpi hilabetetan jasotzeko irrikan izan diren eskaera maiz entzun dute maitzaren 19ko goiz honetan: «Kafe bat, otoi». Berdin da zein kalakaldi hasiera molde hautatu, sentimendu bera adierazteko balio zuen agurrak: «Faltan bota zaituztegu».

Xarles Bidegain euskaltzainak kafea hartu du Sandrine Dulonge (gibelean) jabe duen Pyrennees ostatuan. (Bob EDME)

Aski goibel esnatu da eguna. Hala ere goiz erditsuan hodeien artetik eguzkiak kuku bat edo beste egin du.

Eguraldiak euritakoa aldamenean atxikitzea gomendatzen bazuen ere, bezeroen eta ostalarien arteko agurrek berotu dute aski fite giroa Ipar Euskal Herriko txoko gehienetan.

Kafe baten bueltan, deskalatze planaren bigarren fasea abiatu da, maiatzaren 19 honetan.

«Kafe bat, otoi?». Baionako Les Pyrennees ostatuko jabe deb Sandrine Dulongek, kezka guztien gainetik, ohi bezala, kementsu ekin dio aspaldiko partez aurreko lan egunari.

Zazpi hilabete igaro dira San Andresko plazan kokatzen den ostatuak ateak itxi zituenetik. Goizean goizetik bata bestearen atzetik, kafea egunero bertan dastatzeko ohituta galdu ez duten bezeroak bertaratu dira.

Ostatutik aski gertu dagoen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean ibilbide luzea egin duen Xarles Bidegain euskaltzain bezero goiztiarren tropelean heldu da.

«Faltan bota zaituzteko. Baita guk ere». «Kontent naiz zu ikusirik. Baita ni ere». Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ostatu zein jatetxetan ahots grabagailu bat piztuz gero kikara, plater eta ontzien zaratarekin batera, horiek eta gisa bereko esaldiak nagusituko lirateke gaur.

«Kafea hartzeko gogo handia banuen, ostatuan eserita, nahiz eta giroa fresko dugu gaur». Bidasoa ostatu eta jatetxea Hendaiako Errepublika plazan dago. Hantxe egin digu aitorpena Juliette izeneko auzokide batek.

Hilera berean bata bestearen ondoan jatetxe eta komertzioak berriz ere zabalik ikusi ditugu.

L’Oumar jatetxeak «drive» zerbitzuaren bidez eutsi egin dio itxialdi luzeari. Oumar Cieutat sukaldariak, lehen unetik, pandemiari erantzuteko grina erakutsi zuen, hala nola Baionako eritxeari bere platerak proposaturik.

Gaurtik aurrera beste etapa bat irekiko da berarentzat baita Le Ttiki ostatuarentzat edo elizara zertxobait gehiago hurbilduz topatu daitekeen Luru izeneko zapata dendarentzat, edo, plazaren bestaldetik Herriko Etxearen lerro berean dagoen Andre Huribarreren lore-dendarentzat.

Komertzioen eguna bada ere gaurkoa

Ostatuak eta jatetxeekin batera lehenasunezko gaiak saltzen ez dituzten komertzioek ateak zabaldu dituzte gaur. Gutxiago aipatzen bada ere, esaterako udaberriko sasoia kasik galdurik arropak eta apaingarriak proposatuko dituzten denden egoera ez da samurra, on line salmentaren gorakada itzela ekarri baitute pandemiari aurre egiteko frantses Gobernuak harturiko osasun protokoloek.

Museo, zinema edo antzokiek berriz ere ikusleak hartzeko parada izanen dute. Beti ere distantzia araua eta aforo murrizketak errespetatuz.

Estreinaldia eguna da gaurkoa kulturgile askorentzat. Itxiera iraun duen bitartean askotan aldarrikatu dute kultura segurua izateaz gain osasuntsua bezain premiazkoa dela gizakientzat.

Etxeratze-agindua 21.00etan

Maiatzaren 19ak preziorik ez duen beste aldaketa ekarri du besopean. Gaurdanik arratsaldeko 19.00etan etxeratu beharrean, gaueko 21.00ak arte kalean egoteko aukera izanen dute herritarrek.

Bi ordu irabaziko dituzte eguneroko beharrei era lasaiago batean egiteko, baita eskola kanpoko jarduerak, kirol edo aisialdi ekimenei bestelako errimoa hartzeko ere.

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko herri eta hirien paisajea aldatu da gaur. Izan ere, pandemiaren datuak gero eta hobeagoa badira ere, deskalatzea mantso egiteko agindua berretsi dute osasun agintariek.

Hala ere, protokoloak azkarrago lausotzeko beharra ikusten duten hautetsiak ez dira falta. Biarritzeko auzapez den Maider Arosteguy Les Répoublicains alderdiko kideak karrikan maskara eramateko agindua bertan behera uztea galdetu zion joan zen astean Pirinio Atlantikoen prefetari. Deskonfinamendu planak jasotzen ez duen neurria aldarrikatu du aste honetan bertan: diskotekak berriz ere irekitzea.

Bere erranetan gaueko lokalak zabalduz besta sabaiak ahalko dira hobeki ekidin.

Hurrengo geltokia, ekainaren 9a

Momentukoz, Emmanuel Macronek deskonfinamendua pausuz pausuz ekitea hobetsi du.

Deskonfinamenduaren hurrengo geltokia ekainaren 9an finkatuta dago. Egun horretatik aurrera telelanari ekiteko gomendioa bertan behera utziko du frantses Gobernuak.

Edonola ere martxoko konfinamendu berezituak ez duela telelanaren orokortzea ekarri jakin behar da. Frantziar Lan Ministaritzak behin eta berriro neurri horren aldeko aginduak zabaldu baditu ere, etxetik lan egiteko aukerak ez du inondik inora iragan urteko udaberrian izan zuen jarraipen maila ukan.

Era berean, ekainaren 9an ostalariek ahalko dute haien lokalak guztiz ireki. Hau da, terrazetan soilik ez barnean ere bezeroak ahalko dituzte errezibitu, beti ere neurriak errespetatuz.

Dagoeneko hainbat kirol taldek jarduerak kanpoan proposatzen badituzte ere data horretan kirol aretoak irekiko dituzte eta etxeratze-agindua berriz ere atzeratuko da 21.00etatik 23.00etara pasatuz.

Finean, ekainaren 30ean etxeratze-agindua guztiz kenduko dute eta data horretatik aurrera mila pertsona arteko biltzen dituzte kultur edo kirola ekimenak ahalko dira antolatu.

Ordurako osasun ziurtagiria plantan eman nahi du Parisko Gobernuak. Hala aipaturiko dokumentoa daukaten herritarrek soilik ahalko dute lehenbabiziko ikusgarri horietara bertaratu.

Goibel hasi den goiza eguzkipean bukatzeko moduko albistea eman dute gainera Irisarrin EHZko antolatzaileek: uztailaren lehen egunetan berriz hegalak zabalduko ditu berriz festibalak.