INFO

Behin Liga irabazita, Koparekin hitzordua du Bera Berak eta Malaga izango du lehen aurkari

Matematikoki Liga lortu eta ospatu ostean, Bera Berak beste erronka bat du orain: Telden jokatuko den Kopa irabaztea. Horretarako, ostiral honetan, final-laurdenetan, Rincon Fertilidad Malaga egungo txapelduna gainditu beharko du finalerdiak jokatu ahal izateko.

Moreno, Pizzo, Hernandez, Fernandes, O'Mullony, Cesareo, Silva, Ainhoa Etxeberria, Cavo eta Boadak –azken hau ez da agertzen argazkian– ez dute oraindik Kopa irabazi. (BERA BERA)

Dobletea nahi du aurten Super Amara Bera Berak. Duela aste gutxi zazpigarren Liga altxatu zuen, eta orain Kopa nahi du bere palmaresean. Baina ez hori bakarrik: hiru zazpikoak ere nahi ditu. Hau da, zazpi Liga, zazpi Superkopa eta zazpi Kopa.

Horretarako, Telden (Kanaria Handia) jokatuko den txapelketan hiru aurkari gainditu beharko ditu, eta lehena Rincon Fertilidad Malaga egungo txapelduna da. Arantza kendu nahian iritsiko dira gipuzkoarrak, izan ere, irailean Alhaurin de la Torren ezohizko moduan ospatu zen lehiaketan Elxek Bera Bera kaleratu zuen final-laurdenetan.

Ostiral honetan egingo du debuta talde donostiarrak (16.00, Teledeporte), eta badira jokalari batzuk oraindik Kopa irabazi ez dutenak: Mirene Moreno, Pizzo, Laura Hernandez, Mariane Fernandes, O’Mullony, Eli Cesareo, Silva, Ainhoa Etxeberria eta Malena Cavo.

Teldera bidaia egin aurretik, Laura Hernandezek honakoa onartu du: «Kopa jokatzeko irrikan nago». Eta taldea «oso motibaturik» dagoela aitortu du. Aurkariaz, «Malagak gauza ondo egin ditu eta Arderiusek –Bera Berako jokalari ohiak– zuzentzen duen erasoko joku hori moztu behar dugu defentsa eta atezainekin«, adierazi du.

30. partaidetza, guztiak jarraian

Klubak Kopari buruzko datu esanguratsu batzuk jakinarazi ditu aste honetan. Hasteko, 30. partaidetza beteko du Super Amara Bera Berak Telden, guztiak jarraian. Egun lehiatzen direnen artean titulu gehien izateaz gain –sei–, 1992az geroztik (Valentzian jokatu zen) talde finkoa da Kopan.

Bera Berak Kopako 75 partida jokatu ditu, 67 fase finaletan eta beste sei final-zortzirenetan, 2015, 2016, 2018, 2019 eta 2021ean: Kordoban eta Zarautzen –partida bakarrera-, bi Ibizako Santa Eulariarekin, beste bi 2019an Helvetia Alcobendasen aurka eta aurten Morvedrerekin, bi.

67 partida hauetatik, 48 irabazi ditu eta 25 galdu 28 edizioetan. 20 aldiz gainditu ditu final-laurdenetan, 20 finalerdietatik 15 irabazi ditu –azkeneko zortziak- eta jokatutako 15 finaletatik, sei irabazi ditu. Donostiarrek aurreneko lau finalak galdu zituzten: 1993 (Pinto), 1996 (Donostia), 1997 (Elda) eta 2006an (Leon). Azken 15 edizioetatik, Bera Berak 12 final jokatu ditu sei irabazita: 2007, 2009, 2013, 2014, 2016 eta 2019an.

Aurtengo Kopako fase finala, hasiera batean Gipuzkoan ospatu behar zen, baina pandemiaren ondorioz, urte hasieran Bera Berak zalegoak sartzeko murrizketak izango zirela mahai gainean jarri zuen. Rocasak erakundeekin fase finala hartzeko egindako kudeaketak ondo atera ziren eta Bera Berak ez zuen oztoporik jarri, Morvedreren aurka kanporaketa jokatu arren. Hori bai, Gipuzkoak 2022koa hartuko du eta Bera Berak txapeldun bezala jokatu nahiko du.