INFO

Datorren astean erabakiko du Marcelo Nicolak Gipuzkoa Basketen segiko duen ala ez

Bi urtez Acunsa Gipuzkoa Basketen ardura eraman ostean, «faktore guztiak aintzat hartu» nahi ditu Marcelo Nicola entrenatzaileak bere etorkizun pertsonalari begira. Alabaina, lehenengo eta behin, igande arratsaldeko Morabanc Andorraren aurkako partida «behar bezala» prestatu nahi du.

Ikusi egin beharko datorren urtean Marcelo Nicolak Gipuzkoa Basket zuzentzen jarraituko ote duen. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Acunsa Gipuzkoa Basketek 2020/21 denboraldiko azkenengo neurketa igandean jokatu du Morabanc Andorraren kantxan 18.30etan. Berau izango da ere GBCk oraingoz ACB Ligan jokatuko duen azkena, datorren denboraldian Urrezko LEB Ligan izango baita berriro.

Bestalde, ikusi egin beharko da Marcelo Nicolak zuzentzen duen azkenengo partida izango ote den ala ez. Entrenatzaile argentinarrak 2019/2020 sasoian hartu zuen, Unieiro Forli talde italiarrean entrenatzaile buru kargua estreinatu ondoren. Aurrez Benneton Treviso, UCAM Murtzia, Lietuvos Rytas, Hapoel Jerusalen eta Brose Bamberg taldeetan aritu da, ia beti bigarren entrenatzaile karguarekin –Murtzian izan ezik, entrenatzaile buru izendatu baizuten Oscar Quintana bota ondoren, 2013/14 denboraldian–.

Domekako partidari buruz eta bere etorkizunari buruz ere galdetu zaio ostiral honetan entrenatzaile argentinarrari. Oraingoz, hala ere, ez du bere etorkizunari buruz ezer argitu Nicolak. «Aurrez Ligako azkenengo partida jokatu behar dugu Andorraren aurka eta behar bezala prestatu behar dugu», azpimarratu du duela 50 urte Rafaelan sortutako teknikariak.

«Unicajaren aurka talde borrokalaria garela erakutsi genuen maila galduta izanagatik, eta azkenera arte duintasun horrekin berarekin jokatu behar dugu», gaineratu du.

ACB Ligako Fase Erregularra amaitu ostean ikusiko da Marcelo Nicolak Donostian jarraituko duen ala ez. «Hiria oso gustuko dut eta oso atsegina izan da talde honen proiektuan parte hartzea bi denboraldiotan. Baina dena hartu behar dut aintzat erabakirik hartu aurretik», amaitu du.

Horrez gain, Jaime Echenique pibot kolonbiarrak minutuak izango dituela ziurtatu du. «Oso pozik« azaldu da Nicola Ehcenique belauneko lesio larri bat hain arin atzean uzteko kapaz izan delako eta taldeari «ekarpenik egiteko» prest ikusten duelako.