INFO

Ugalketa-teknika bat behar bakoitzerako

Bikotearen bateraezintasuna, arra eta emea leku desberdinetan bizitzea edo ondare genetikoa denbora mugagabean kontserbatzea dira intseminazio artifiziala egiteko arrazoi nagusiak

Semen freskoarekin intseminatzeko teknikak ernaltze naturalak bezain emaitza onak eragin ditzake. Getty IMAGES

Intseminazio artifiziala gizakiak lagundutako ugalketa-teknika bat da, eta hainbat zirkunstantziagatik bi txakurren bat egiteak espero diren emaitzak ematen ez dituenean egiten da. Bikotearen bateraezintasuna edo arra eta emea leku desberdinetan bizitzea dira intseminazio artifiziala egiteko arrazoiak.

Intseminazio artifizialeko hiru teknika daude: semen freskoa erabiliz, hoztua edo izoztua. Lehenbiziko teknika hori erabiltzen da hazleak ernalketan arrakastarik lortzen ez duen bikote bat duenean, honako arrazoi hauengatik, besteak beste: karaktereen bateraezintasuna, txakur baten edo bien esperientziarik eza, arraren edo emearen min fisikoengatik...

Semen freskoarekin intseminatzeko teknika honetan datza: emea harbera dagoela egiaztatu ondoren, albaitariak arraren semena jasotzen du, mikroskopioarekin aztertzen dena. Horrela, espermatozoideen kopurua, itxura eta mugikortasuna egiaztatuko dira. Espermaren kalitatea egokia bada, emearen baginan sartuko da bagina-zunda batekin edo, umetokian bada, umetoki-zunda batekin.

Emea intseminatu ondoren, komeni da txakurrak atzeko hankak hamar bat minutuz altxatuta edukitzea, espermatozoideen igoera errazteko.

Arrazoi beragatik, komenigarria da emeak txiza ez egitea intseminazioaren ondorengo minutu batzutan. Semen freskoarekin intseminatzeko teknikak ernaltze naturalak bezain emaitza onak eragin ditzake, hau da, %80 inguruko arrakasta.

Semen hoztua

Bigarren teknika hau erabiltzen da bi ugaltzaileak leku ezberdinetan bizi direnean, distantzia dezentetan, adibidez, Portugalen bizi den txakurkume bat Espainian bizi den ar batekin gurutzatu nahi denean. Joan-etorrietako gastuak murrizteko, hoztutako haziarekin intseminatzea aukeratu daiteke.

Intseminazio mota hori egiteko teknika honetan datza: albaitari baimendu batek arraren hazia jaso eta aztertu egiten du; ondoren, hoztu egiten da, 4 gradu zentigraduko tenperaturaraino, eta ontzi termiko batean bidaltzen zaio beste albaitari bati. Hark egingo du intseminazioa, espermaren kontserbazio-egoera eta emearen eskuragarritasuna kontrolatu ondoren.

Eragiketa horiek 48 orduko epean egin behar dira, hazia ateratzen denetik emearengan ezartzen den arte. Horregatik, sinkronizazio ona behar da prozesuan parte hartzen duten pertsonen artean.

Semen izoztua

Semen izoztuaren teknika ugaltzaile on baten ondare genetikoa denbora mugagabean kontserbatzeko balio du. Horrela, hazia erabil daiteke, txakurra hil bada ere. Teknika hori gauzatzeko, hazia jaso eta espermatozoideen kalitatea eta kopurua aztertzen dira.

Albaitari batek egin behar du intseminazio mota hau, eta teknika hori aplikatzeko prestakuntza egokia izan behar du. Izan ere, 150 milioi espermatozoide mugikor baino gutxiago edo %30 baino gehiago forma anormalak dituzten espermak saihestu egin behar dira.

Azterketa hori egin eta gero, kriobabesle batekin diluitzen da semena, eta denbora mugagabean gorde daitezkeen ontzietan jartzen da semen-banku batean, nitrogeno likidoarekin eta 196 gradutik behera.

Semen izoztua ezin da erabili txakur ugaltzailearen jabearen baimenik gabe. Txakurraren jabeak salmenta-prezio bat adostu dezake hartzailearen jabearekin. Akordio horiei dagokienez, semen-bankuaren zeregina zerbitzu bat ematea da. Albaitari batek egin behar du intseminazioa semen izoztuaren laginekin, teknika hori aplikatzeko prestakuntza egokiarekin.

Esan bezala, semen izoztuaren teknika ugaltzaile on baten ondare genetikoa denbora mugagabean kontserbatzeko balio dezake, baina beste aplikazio batzuk ere izan ditzake.

Esaterako, distantzia handietara dauden herrialdeen arteko truke genetikoak egiteko; adibidez, ezinezkoa da zakur eme bat bidaltzea Ingalaterran dagoen hazitarako txakur batekin gurutzatzeko, berrogeialdian jarri gabe. Edo desagertzeko bidean dauden arraza batzuk salbatzeko eta osasun-arazoak sor ditzaketen arrazen zenbait ezaugarri zuzentzeko. Adibidez, bulldog kasuan, arraza honetako lehen txakurren hazia erabil daiteke –hain sudur-motzak ez zirenak–, arnas arazo gutxiago dituzten animaliak lortzeko.