INFO

«Kezkagarritzat» jo dute EiTB-k «Euskal Netflix» elebiduna proposatu izana

Netflix Euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenek streaming plataformetan euskararen presentzia aldarrikatzeko elkarlanean ariko direla iragarri dute. EiTBk iragarritako «Euskal Netflix»-a elebiduna izatea «kezkagarritzat» jo dute, «EITBren elebitasunak gazteleraren aldeko desoreka izan baitu».

Netflix Euskaraz plataformaren agerraldia, Durangon. (Endika PORTILLO/FOKU)

Netflix Euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenek streaming plataformetan euskararen presentzia aldarrikatzeko batu eta hemendik aurrera elkarlanean ariko direla iragarri dute. Hala, herri ekimen bakoitzak abian dituen sinadura kanpainak elkarrekin sustatuko dituzte pantailakeuskaraz.eus web-orrialdearen bitartez. Kanpainentzat helburuak ere zehaztu dituzte: abenduaren 3ra bitartean, 20.000 sinadura lortu nahi dizute Netflix Euskaraz kanpainari lotuta eta 10.000, berriz, Disney+ euskaraz kanpainari dagokionez.

Herri ekimenek EiTBko zuzendari Andoni Aldekoak aste honetan iragarri duen «Euskal Netflix»-aren gaineko irakurketa ere egin dute. «Positiboa iruditzen zaigu EITB-ko zuzendariak gure diskurtsoa bere egin duela ikustea, esaten duenean euskararen etorkizunarentzat ezinbestekoa dela plataformetan presentzia sendoa izatea», jarri dute balioan, baina alde ilunak ere ikusi dizkiote proposamenari. «Kezkagarria iruditzen zaigu plataforma elebiduna izango dela jakitea, ikusirik orain arte EITBren elebitasunak gazteleraren aldeko desoreka nabarmena izan duela programazio eta aurrekontuetan», ziurtatu dute.

Gauzak hala, «zuhurtziaz» jokatuko dutela eta ematen diren urrats berrien «jarraipen zorrotza» egingo dutela ziurtatu dute».

Plataforma nagusiak, erdaretan

Horrez gainera, argi dute balizko plataforma berri honek ez lukeela konponduko Euskal Herrian gehien ikusten diren streaming plataformetan (Netflix, Disney+, HBO, Prime Video) euskarak duen ikusgarritasun gabeziaren arazoa eta horietan euskararen presentzia bultzatzen jarraituko dutela ziurtatu dute. «Horietan euskararen presentzia bermatu beharra dago eduki arrakastatsuenak euskarara bikoztu eta azpidatziz, euskarazko etorkizun bat irudikatu nahi badugu», ziurtatu dute.

Orain arte bai Netflix Euskaraz zein Disney+ Euskaraz herri plataformetatik egindako indarrari eta gizarteak emandako babesari esker «erakundeak mugiarazi» dituztela nabarmendu eta lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute: «Horrek erakusten du indartsu jarraitu beharra dagoela atxikimenduak biltzen, streaming plataformetan euskarak bizi duen egoera larriari konponbidea emateko. Herritar guztiei dei egiten diegu euren babesa emateko», egin dute deia.

Azkenik, nabarmendu dte ikusentzunezkoen alorreko eta euskalgintzako hainbat eragilerekin lanean ari direla ikusentzunezkoetan euskararen egoera iraultzeko proposamen bat elkarlanean aurkezteko. «Datozen asteotan emango dugu proposamen honen berri», iragarri dute.