Kopako finaletik kanpo geratu da Bera Bera, finalerdian Elxeren kontra galduta (26-28)
Elxeko Nicole atezainak –10 geldiketarekin–, Ana Martinez eta Gabriela Bitolo golegileek –8 eta 9 gol bakoitzak– eta Bera Berako jokalarien hamasei baloi galtzeek Kopako finalik gabe utzi dituzte donostiarrak. Elx-Valladolid izango da igande honetako finala.
Super Amara Bera Berak ezin izango du «dobletea» egin denboraldi honetan. 7-7-7 zenbaki erakargarria lortzea zuen jokoan Imanol Alvarezen taldeak. Duela bi aste Elxeri gailenduta bere historiako zazpigarren Liga irabazi bazuen, larunbat honetan, aurkari beraren kontra, Kopako finalerdietan kanporatua geratu da eta ezingo du igandean Kopako zazpigarren titulua izango litzatekeena lortu –Superkopan beste zazpi titulu ditu–.
Porrot honek ezin du denboraldi gorabeheratsu eta gogor honetan egindako lan bikaina zikindu. Pandemiaren denboraldia gaizki hasi zen donostiarrentzat, Superkopa eta iazko Kopan galduta, baina zazpigarren Liga altxatu dute, eta hori ezin du edonork esan.
Larunbat honetan aurrean izan duen Elxek bere karta guztiak jarri ditu mahai gainean eta bikain atera zaio. Bi taldeen artean dagoen oreka berriro ere agerian geratu da, eta hori beti izaten da ona txapelketari begira. Alacanteko taldeak Kopako bigarren finala jokatuko du jarraian, eta bere aurkaria Valladolid izango da (igande honetan, 16.00etan), Atletico Guardesi 28-32 irabazi ostean.
Erritmo bizia, baina huts ugari
Bi taldeek erritmo ikaragarria eman diote partidari hasiera-hasieratik. Lehen golak bi ateetan etorri dira, baina Bera Bera 5-2 lehenik eta 6-3 ondoren aurreratu da, Malena Cavoren gol eder batekin –airean zegoela, esku batetik bestera pasa du baloia gola sartzeko–.
Baina orduan etorri da lehen zatiko momenturik garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, Elx, 1-6ko partzial batekin, 6-8 aurreratu da. Eskerrak Alice Fernandes Da Silva bikain ari zela atean –8 geldiketarekin amaitu du lehen zatia, horietako bi jarraian egindakoak, jokaldi berean– eta Adriana Cardosok botatako hiru penaltiak sartu dituen 8-8koa egiteko.
Maitane Etxeberriak 9-8koa egin du donostiarrak aurretik jartzeko berriro ere, baina Gabriela Bitolo eta Ana Martinez –Bera Berako jokalari ohiarentzat azken Kopa da erretiroa hartu aurretik– bikain eta trebetsu aritu dira. Azken honek sei gol sartu ditu lehen 30 minutuetan, eta bere taldeak 0-4ko beste partzial batekin markagailuan ihes egin du (10-13, 21. minutua).
Honek Imanol Alvarezen hutsartea ekarri du, baina bere taldeak sei baloi galdu ditu lehen zatian eta hori, azkenean, nabaritu egin da markagailua atsedenaldira 16-18 joateko.
Baloi galtzeak –guztira hamasei izan ditu Bera Berak–, Elxeko Nicole atezainaren geldiketak –hamar egin ditu– eta Ana Martinez eta Gabriela Bitoloren golak –8 eta 9 gol bakoitzak– erabakigarriak izan dira, eta bigarren zatian nabaritu da gehienbat.
Mariane Fernandes ez da final-laurdenetan bezala aritu gaurkoan –partidako jokalari onena izendatu zuten–, eta 19-20koan iritsi da bere lehen gola. Hori bai, gol ikusgarri bat izan da, indarrez betetakoa.
Elxek ez zuen garaipena ihes egiten utzi nahi eta bereak egiten jarraitu du. Ana Martinezek eta Bitolok golak sartzen jarraitu dute, donostiarrek huts gehiago egin dituzte eta Imanol Alvarezek hutsartea eskatu behar izan du hamar minuturen faltan (22-25).
«Pazientzia izaten kapazak izan behar dugu. Denboraz, erlojuaz, ahaztu zaitezte», adierazi die entrenatzaileak bere jokalariei.
Ermuarraren hitzek oraingo honetan ez dute espero zuten emaitza izan. Lau golera aldendu da Elx (22-26). Gainera, Nicole bereak egiten jarraitu du atean eta 58:51an, markagailuan 26-28 zela, Alvarezek berriro geratu du partida azken bi jokaldiak prestatzeko.
Cardosok zutoinera bidali du baloia eta akabo, hor amaitu dira Bera Beraren esperantza guztiak Telden jokatzen ari den Kopa honetan. Behintzat, garaipen batekin, final-laurdenetan Malagaren kontra lortutakoa, bueltatuko dira Donostiara.
PARTIDAKO FITXA:
26 - Super Amara Bera Bera: Silva, Mirene Moreno, Fernandes (2), A. Etxeberria (2), Alba Menendez (1), Cavo (4) eta Maitane Etxeberria (2) –hasierako zazpikoa–, Arruda, Arrojeria (1), Pizzo (6), Teres (2), Laura Hernandez (1), Cesareo (1) eta Cardoso (4).
28 - BM Elche Visitelche.com: Nicole, Zhukova, Guilabert (2), Musons (5), Flores (1), Encinas, Bitolo (9), Tchaptchet (2), Gasco (2) eta Ana Martinez (8).
Epaileak: Friera Cavada eta Alvarez Menendez. Bi minutu kaleratu zituzten Menendez, Hernandez eta Maitane Etxeberria; eta Tchaptchet (2) eta Ana Martinez (2).
Partzialak bost minuturo: 5-2, 6-5, 8-8, 10-11, 13-15, 16-18 (atsedenaldia), 17-20, 19-21, 21-23, 22-25, 23-26, 26-28 (amaiera).
Joseba Rodriguez, beste urtebete Zuazon
Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak beste urtebete jarraituko du Zubileta Evolution Zuazoko lehen taldea gidatzen. Hala adierazi du Barakaldoko klubak larunbat honetan.
Bizkaitarra 2018-29 denboraldian iritsi zen taldera, eta urte guztietan ikusi da bere zigilua. Aurten, esaterako, salbazioa lortu du Zuazok eta gertu izan du bigarren faseko taldeko lidertza.
Klubak sare sozialetan aipatu duenez, «kontratu berritzeak argi esaten du proiektuaren jarraipena» nahi duela Zuazok.