Presoak etxeratzeko bidean fase berria ireki du Sarek ‘Ibilian-ibilian’ dinamikarekin
Udako kanpainari ekin dio Sarek ‘Ibilian-ibilian, etxerako bidean’ dinamikarekin. Urrira bitartean, eskualdeka mobilizazio ezberdinak garatuko dira eta, elkarri lekukoa pasaz, Donostian izango du amaiera dinamikak, urriaren 23an egingo den mobilizazio nazional batekin.
Eskualdeka eta elkarri lekukoa pasaz. Logika horren baitan eraiki du Sarek udako kanpaina. ‘Ibilian-ibilian, etxerako bidean’ lelopean, urrira arte ekimen ezberdinak hartuko dituzte eskualde eta herrialde ezberdinek eta dinamikari urriaren 23an emango zaio amaiera, Donostian burutuko den mobilizazio orokor batekin.
Dinamikaren aurkezpenean Joseba Azkarraga eta Bego Atxa eledunek gogora ekarri dute une zailak bizi baditugu ere pandemia garaian presoen etxeratzearen aldeko aldarriek ez dutela etenik izan. Hala, eskaera horrekin bat eginda Euskal Herriko mendi nagusietan 15.000 pertsonak bat egin berri dutela edota Kontxako hondartzan 600 lagunek ‘Resolution’ mezua marraztu zutela ekarri dute gogora, baita hilabeteotan egin diren kirol erronka, manifestazio eta giza-kateak nabarmendu ere.
«Hilabete oso gogorrak izan dira guztiontzat, baina esan beharra dugu Saretik oso pozik gaudela guztion artean lortutako kale aktibazioarekin eta presoen etxerako bidea ahalbidetzeko eman ditugun urrats sendoekin», ziurtatu dute eledunek.
Aktibazioari eusteko, fase berri bati emango zaio orain hasiera: ‘Ibilian-ibilian, etxerako bidean’ udako kanpainari. Igande honetan hasi eta urrira bitarterako «egutegi oparoa» prestatu dutela aurreratu dute, «bizi dugun une garrantzitsu honetan» salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta bizikidetzan aurrera egiteko herritarren bultzada «ezinbestekoa» dela irizten dutelako.
«Horregatik, urratsak egiten jarraitzeko euskal heritarrak ibilian jarri nahi ditugu, herrialdez herrialde antolatu ditugun martxa eta erronken bitartez. Mugimenduan den herria izan nahi dugu», jarri dute azpimarra.
Lehen lekukoa, Gipuzkoa
Kanpainari hasiera igande honetan bertan eman zaio eta abuztuaren 21era bitartean iraungo du. Gipuzkoa izango da maratoiari hasiera emango diona: bi astean behin bailara batek hartuko du lekukoa eta ekimenari amaiera Donostian emango zaio, herrialde mailako martxa batekin.
Uztailaren 22, 23 eta 24an Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostia batuko dituen bizikleta martxa izango da protagonista. Hiriburuok aldarri zehatzak bilduko dituzten manifestazioak ere jasoko dituzte uztaila eta abuztua bitartean (uztailaren 3an Iruñean, abuztuaren 3an Gasteizen, 21ean Donostian eta 27an Bilbon).
Irailarekin batera dinamika herrialdez aldatu eta Bizkaia, Nafaroa eta Arabara iritsiko da. Bizkaitarrek abuztu amaieran hartuko dute lekukoa, nafarrek gau eta egun egingo den bizikleta martxa osatuko dute irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean eta herrialdekako dinamikari arabarrek emango diote amaiera.
Azkenik, ‘Ibilian-ibilian, etxerako bidean’ kanpaina urriaren 23an iritsiko da une gorenera, Donostiak hartuko duen mobilizazio orokorrean herrialde guztietako herritarrak bilduz.
«Urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu eta horretara animatu nahi zaituztegu Euskal Herri osoko herrtarrak. Izan gaitezen aldaketa honen bultzatzaile, izan gaitezen ibiltari etxerako bidean», eskaintza eginez eman diote amaiera agerraldiari.