INFO

«Ados Pilota» eskuzko emakume pilotari profesionalen lehen kluba eratu da

"Ados Pilota" eskuzko emakume pilotari profesionalen lehen klubak profesionaltasuna du xede. 13 pilotari batu dira eta Martinez de Irujo, Eugi, Goñi eta Unai Arrizabalaga bezalako pilotari ohiak izango dira entrenatzaileak. Txapelketa berri bat ere aurkeztu dute, ekainaren 4an hasiko da Leitzan. 

Iera Agirre pilotariak hartu du parte astelehen honetako prentsaurrekoan. (Gorka RUBUO/FOKU)

Eskuzko emakume pilotari profesionalen kluba aurkeztu dute astelehen honetan Leitzan. "Ados Pilota" izenpean, esku-pilotako emakumezkoen lehenengo kluba eratu dute Maite Ruiz de Larramendi pilotariaren ideiari jarraiki. 

Pilotarien baldintzak hobetzeko asmoz sortutako proiektua da honakoa. Halaxe adierazi dute aurkezpen prentsaurrekoan Ruiz de Larramendi berak zein Iera Agirrek ere. Baldintzak hobetzearekin batera, txapelketak urte guztian zehar luzatzea ere badute xede, nolabaiteko jarraikortasun bat emateko. 

Hori esan bezain pronto, txapelketa berri bat ere aurkeztu dute. Ekainaren 4an bertan hasiko da abuztuaren 14ra arte luzatuko den txapelketa. Leitzan hasi eta bukatuko da eta Nafarroa, Bizkaia zein Gipuzkoako udalerrietan jokatuko dituzte partidak. Nobedade gisara, Bartzelonara ere mugituko dira, duela sei urte eginiko topaketetan sentitu zuten berotasuna eskertzeko. 

Aire librean jokatuko dituzte partidak, emakumezkoen pilota herrien erdiguneetara eraman asmoz eta hala, «ikusgarritasuna» ere areagotzeko. «Pilotalekura doana propio doa, baina pasa daiteke asmorik ez duen horrek bidean topatu eta begira geratzea», azaldu dute. Era berean, sasoi bateko erraketistak ere halaxe hasi zirela gogorarazi dute. 

«Badirudi orain telebistan agertzen garelako eta abar profesionalak garela baina inoiz ez dugu lortu profesionaltasunik eta gainera, nahiko urrun gaude. Ikusten genuen bultzada bat behar zuela honek eta mutilezkoen kasuan enpresa pribatuetara ohitu bagara ere, gure kasuan kluba sortu dugu, lortzen ditugun diru-sarrera guztiak klubera bideratuko direlako, profesionaltasun horren bidera», azaldu du Iera Agirrek. 

Bi ardatz: profesionaltasuna eta formazioa

Klubak bi ardatz izango ditu. Bata izango da alor profesionala eta bertan, hamahiru jokalari daude. Andrea Aldaregia, Amaia Aldai, Eneritz Arrieta, Olatz Arrizabalaga, Ilantzu Etxebeste, Ainhoa Ruiz de Infante, Naroa Agirre, Gentzane Aldai, Naroa Elizalde, Oihana Orbegozo, Maite Ruiz de Larramendi, Olatz Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre. 

Txapelketa bakoitzean kontratuak egitea, aseguru pribatuan izen ematea, aipatu egutegia luzatzea eta entrenamenduetan ere urrats bat gehiago ematea izango dute xede. Hala, entrenamenduen maila handitzeko, Juan Martinez de Irujo, Patxi Eugi, Fernando Goñi eta Unai Arrizabalaga pilotari ohiak prestatu dira entrenamenduak zuzentzeko, baita Aritz Altadill fisioterapeuta ere, pilotarien zainketarako. «Orain arte bakoitzak ahal zuen moduan egiten zuen eta uste dugu entrenamenduetan urratsak eman ahala handituko dela gure maila», adierazi dio NAIZi Iera Agirrek. 

Formazio alorrean ere edukiko du zereginik klubak, nahiz eta nabarmendu dute udalerri bakoitzeko eskolek lan handia egiten dabiltzala. Hala, 12-13 urte bitarteko nesketan jarriko dute arreta, adin horretan askok pilota uzten baitute jada mutilekin ezin dutelako lehiatu edo zailtasun gehiago dituztelako mutilekin lehiatzeko eta gero jarraikortasunik ez dagoelako emakumezkoen txapelketei dagokionez. Hemen, pilotariak beraiek prest agertu dira gazteenei entrenamenduetan laguntzeko. 

Nafarroako Gobernua, udalerri ezberdinetako udalak, Lacturale eta Ibaisek, hala nola beste babesle pribatuen laguntzarekin ekin dute abentura berri hau, profesionaltasunaren bidean beste hazi bat landatu asmoz. Argitu dute "Ados Pilota" klubak ez duela zerikusirik Emakume Pilotarien Elkartearekin (EPE).