INFO

Larunbateko pentsiodunen mobilizazio egunarekin bat egin du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuak pentsiodunek maiatzaren 29 larunbaterako deitu duten mobilizaziora batu dira. Datozen urteetan egon daitezkeen murrizketez ohartarazi dute, eta borrokatzera deitu dute.

Euskal gehiengo sindikalaren ekitaldia pentsionisten Maiatzak 29ko mobilizazio egunarekin bat eginez. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Astelehen honetan Bilbon eginiko agerraldietan, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek maiatzaren 29rako pentsiodunek Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu duten mobilizazio egunarekin bat egingo dutela iragarri dute. Kalean irudikatu dute.

Sindikatuek nabarmendu dute pentsioena ez dela egun erretiroa hartuta daudenen borroka soilik: «Egungo langileok bizitza duina izan dezagun lan baldintza duinen aldeko borroka egitearekin batera, erretiroa hartzean bizitza duinerako eskubidea bermatua izan dezagun borrokatu behar dugu».

2011 eta 2013ko pentsio erreformak indarrean jarraitzen dutela gogoratu dute eta gaur egungo Madrileko Gobernuak norabide aldaketa egiteko prest ez dagoela salatu dute. Toledoko Itunaren gomendioek eta ondoren Kongresuan emandako bozkaketak «erreforma berrien atarian jartzen gaituztela» azpimarratu dute, Europatik datozen Next Generation diru funtsen baldintzapekotasunen artean ere «pentsio sistema jomugan dagoela».

«Madriletik ezartzen diren erreforma guztiek bezala, ate-joka dugun honek zer dakarren argi eta garbi dugu: murrizketa berriak. Erretiro adina luzatu nahi dute, enplegu sistema osagarrien eredua hedatu eta finean kapituloz kapitulo iragartzen ari diren neurrien bidez pentsio sistema publikoa deseraiki. Hau guztia gainera lan erreformak bertan behera utzi gabe eta ondorioz prekarietatea hedatuz doan eredu baten erdian», adierazi dute.

Egoera «xamurra» dela azpimarratu dute eta horren aurrean borroka egitea «aterabide bakarra» dela. Horregatik pentsiodunen mugimenduak maiatzaren 29rako deitu duen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Hego Euskal Herriko langile eta herritar guztiei.

Hauek dira mobilizaziorekin bat egiteko sindikatuen aldarrikapenak: 2011 eta 2013ko pentsio erreformak eta 2010 eta 2012ko lan erreformak bertan behar uztea; 2021erako iragarri diren murrizketen eta Pentsio Sistema pribatizatzeko asmoen aurka agertzea; gutxieneko pentsioa 1.080 euro eta gutxieneko soldata 1.200 euro; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala amaitzea eta ezkontidearen pentsioaren %100 larguntza-pentsiorako bideratzea; erretiro aurreratua, kotizatutako 40 urterekin, zigortu gabe onartzea; pertsonek bizi-baldintza duinak eta osasun-zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio-sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea.

Horrekin batera, «bertan lan egin eta bertan erabakitzeko» aldarria zabaldu dute sindikatuek: «burujabetza behar dugu, erabakiak hartu eta gauzatzeko eskumenak, baita pentsio sistemari dagokionez».