INFO
NAIZeko harpidedunen etxeetara etorkizunetik iritsi den artefaktu multzoa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Artefaktu bat NAIZen komunitatearen esku 2024. urtea elkarrekin idazteko


NAIZen komunitatea ezinbestekoa izan da GARAk injustuki aurre egin behar izan dion 3 milioiko zorra ordaintzeko, eta ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere, etorkizunera begira baitago NAIZ. 2024tik etorri da herri honen kontakizun partekatua jasoko duen artefaktu berezia.

Azken egunetan, Euskal Herrian milaka eta milaka pertsonek sorpresaz etorkizunarekin egin dute topo postontzia irekitzerakoan. Liburuxka mardulari harriduraz begiratuko zioten askoek. Zer da? Agenda bat? Egutegi bat? Urtekaria? Laguntzen duen eskutitzak dio 2024tik bidalia izan dela, etorkizunetik, GARA/NAIZ proiektu komunikatiboaren partez harpidedun guztientzat, eta enkargu bakarra, momentuz: 2024ko urtarrilaren 1era arte gorde.

Orain bi urte, 2019ko urtarrilean, 20 urte bete zituen GARAk. Orduan zuzendaritzak iragarri zuen Gizarte Segurantzaren zorra ordaintzeko aurre-akordioa lortu zuela, Baltasar Garzón epaileak 1998an “Egin” itxi ostean GARAri esleitu zion zama kitatzeko hautua. 3 milioiko zama herri txiki bateko egunkariari. Heriotza zigorra litzateke Europako herri txiki hau handi egiten duen komunitatearengatik ez balitz.

2021eko apirilean, aldi pandemikoaren astinduarekin batera, iragarri zen GARAk, harpidedunen komunitatearekin batera, 3 milioiko legez kanpoko zorra ordaintzen amaitu zuela. Iraganeko mamuak uxatuta, etorkizunera begira dago orain GARA. Eta datorrenari indarrez heltzeko, komunitatea zabaldu eta are anitzagoa egiteko, “Etorkizunaren harpidedun gara” kanpaina abiatu du.

Komunitatearen inplikazioa

Aipatutako hiru milioiko zorra ordaintzeko, helburu nagusi bat finkatu zuen GARA/NAIZeko taldeak: 10.000 harpidedun berri lortzea. Horri esker kitatu da zorra, azken urteetan bultzatutako kanpaina ugari tarteko. Esan behar da, horregatik, proiektu komunikatibo honek funtzionatzeko NAIZeko harpidedunak «ezinbestekoak» direla, Kristina Fernandez kanpainaren arduradunak esan duen bezala: «Izan duten aukera bakoitzean demostratu dute».

“Etorkizunaren harpidedun gara” kanpainak NAIZeko komunitateko pertsonak ditu protagonista, eta haiengana jo zuen komunikazio taldeak. Argazkiak egin dizkiete kanpainan laguntzera prestatu direnei, proiektu komunikatiboaren benetako protagonistak erdigunera ekarriz, eta egunero pertsona desberdin bat agertu da NAIZen atarian.

Fernandezen harridurarako, pertsona helduak ez ezik, gazteek izugarrizko erantzuna eta inplikazioa erakutsi dute kanpaina honetan. Horrek egin du berezi, bere ustez: «Ikusteak nola batu den hainbeste pertsona desberdin, belaunaldi eta leku desberdinetakoak, helburu konpartitu baterako».

Azaldu duenez, jendea errepikatzeko prest egon da edo kanpaina ikusi ostean parte hartu nahi izan dutenen deiak jaso dituzte. «Keinu horiek kanpaina are gehiago edertzen dute, eta kanpainaren benetako protagonistak beraiek direla nabarmendu: harpidedunak», agertu du Kristina Fernandezek.

Asier Iñigo eta Kristina Fernandez, kanpainaren arduradunak. (Gorka RUBIO/FOKU)

 

Jauziari bultzada berri bat

«Jasotako laguntza eskertzeko egin dugu kanpaina hau. Komunikabide hauek hobetzen jarraitu eta gure lana herri eta mundu hau leku hobea izatera bideratzeko konpromisoan sakondu nahi dugu. Horregatik eskatu diogu gure komunitateari denona den proiektu honetan inbertitzeko. Harpidetzak funtsezkoak dira», nabarmendu du Asier Iñigo NAIZ eta GARAko marketing eta komunikazio arduradunak.

Gogorarazi du «prentsa askatasunean sinesten duen jendeari etorkizunera harpidetzea» eskatu ondoren 10.000 harpidetza berri lortzea eta horren bitartez 3 milioiko zorra «inongo laguntza instituzionalik gabe» ordaintzea «benetako lorpena» dela.

«Baina erronka hori arrakastaz bete ondoren, inork aurreikusten ez zuen mundu mailako pandemia batekin topo egin dugu, eta krisi global bat sortu du. Horregatik, zorraren ordainketak utzitako egoera zailari beste krisi bat gehitu zaio, eta horrek dena are gehiago zaildu du», azpimarratu du Iñigok.

Horregatik jarri dute martxan “Etorkizunaren harpidedun gara” kanpaina: orain arteko indarrari eutsi eta harpidetza gehiago lortzeko. NAIZen webgune berritua edo NAIZ IRRATIA bezala, azken urteetan emandako jauziak etorkizunera luzatu eta komunikabidea indartu, hobetu eta zabaltzeko.

Artefaktua

800 gramo inguruko liburuxka bat, 2024 urteko eguneko orri bana, 400 QR kode baino gehiago eta 1977tik 2023rako aldia jasotzen dituzten orriak ifrentzuan. Artefaktu bitxi hau banatu zaie opari GARA/NAIZen harpidedun guztiei. Etorkizunetik bidalia gainera, 2024. urtetik, GARAk 25 urte beteko dituenean.

Itsaso Sexmilo NAIZeko harpidedunak «sorpresa» hartu du artefaktua etxean jasotzean, eta ziur aski beste askok bezala, lehen begiradan ez zuen liburuxkaren egitekoa ulertu. «Ilusio handiz hartu dut, baina, egia esan, ez dut gauza handirik ulertu. QR kodez beteta dago, egun asko ditu… tira, berarekin zekarren gutuna irakurri dut eta hasi naiz ulertzen. Badirudi etorkizuneko agenda bat dela. Nahiko misteriotsua da, oraindik ez baitakigu oso ondo nola erabiliko dugun, baina gehiago jakin arte apalategian gordeko dut mimo handiz», kontatu dio NAIZi.

Itsaso Sexmilo, NAIZeko harpideduna. (Gorka RUBIO/FOKU)

 

Asier Iñigok azaldu du zertan datzan objektua: «Agenda bat, eguneroko bat edo koaderno bat da aldi berean. Analogikoa eta digitala konbinatzen dituen produktu bat da, historia eta 2024. urteko egunerokotasuna integratuko dituena. Oraindik ezin dugu gehiegi aurreratu, baina esan dezakegu NAIZen harpidetutako pertsona guztien artean eguneroko kolektibo handi bat osatzeko pentsatuta dagoela».

Hala, opari hau kazetaritzaren munduan sekula egin den eguneroko komunitario handienari bide emateko tresna da. NAIZen komunitatea osatzen duten milaka pertsonek eta 2024ra arte batzen direnek osatuko dute, bakoitzak nahi duen ekarpena eginez. Izan idatziz, marraztuz, argazkiekin, zirriborratuz edo bururatzen den edozertarako, baita urteko egun bat edo guztiak dokumentatzeko ere.

2024ko eguneroko kolektiboa sortzeko bitartekoa izateaz gain, historiara begiratzeko gonbidapena ere egiten du artefaktuak. «Kontrazala 1977tik, herrialde honetan prentsa independentearen sorreraren urtetik, 2023ra bitarteko aldia jasotzen du. Hala, harpidedunek azken 46 urteetako beren bizipen pertsonalen gertaera garrantzitsuenak jaso ahal izango dituzte: kirol-ekitaldi berezi hartako sarrera, gure bizitzan hain garrantzitsua den pertsona hori ezagutu genuen kontzertuarena, galdu ez genituen mobilizazio horien argazkiak, inoiz ahaztuko ez dugun egun hartan esan ziguten esaldia, jaiotzak, agurrak, maitasunak eta desengainuak», agertu du Iñigok.

Marketing eta komunikazio arduradunak esan du aurrerago azalduko dutela nola garatuko den ekimena eta nola hartu dezaketen parte arduradunek. Bitartean, artefaktua ondo gordetzea eskatu zaie etxean jaso dutenei.

Zilar-tintazko erronkak

Hain zuzen ere, agendak denbora iraun behar duelako iragarritako urtearen zain, diseinua erakargarria izatea bilatzen zuten kanpaina diseinatu duten arduradunek, jendeari «energia eta ilusioa» piztu ziezaiola. Horretarako, Xabi Gorostiagari deitu zieten. Berak diseinatu du azken astean sare sozialetan bolo-bolo dabilen artefaktua.

«NAIZen telefono-deia jaso nuen eta zer izango zen oso ondo ez zekiten zerbaiten diseinua eskatu zidaten. Artefaktua esaten genion, ez genekielako zertaz ari ginen. Esan zidaten: ‘Gauza arraro bat behar dugu’, eta badakizu gauza horiek behar ditugunean zuri deituko dizugula», kontatu du diseinatzaileak.

Hasieratik gustatu zitzaion ideia, aitortu duenez. Etorkizunetik bidalitako objektu bat imajinatzea «erronka handia» izan zen berarentzat, «2024an funtzionatu behar duen zerbait izan behar zuelako» eta, gainera, NAIZek ordezkatzen duen prentsa libre eta kritikoaren proiektua irudikatu behar zuen.

«Niretzat bereziki zaila izan zen, ‘Egin’ bultzatzeagatik nire aita eta lagun on batzuk kartzelan urte asko eman zituztela ikusi behar izan baitut», esan du.

Xabi Gorostiaga, agendaren diseinatzailea. (Raul BOGAJO/FOKU)

 

Zailtasunak zailtasun, eguneroko eta urtekariaren arteko hibrido bat sortzea erabaki zuten, zeinaren helburua, Gorostiagak azaldu duenez, «tresna bat izatea den, mihise bat, NAIZeko komunitateko kideek beraien bizitzen isla bertan irudikatzeko».

«Arazo teknikoak aztertu eta ebatzi ondoren, inprimategiarekin eta azaleztapenarekin lan egiten hasi ginen. Hiru lan-saio egin genituen liburu- eta paper-dendetara egindako bidaietan jasotako liburu, koaderno, libreta, arte-liburu eta egunkariekin. Egia esan, paperezko produktuen frikia naiz. Beraz, inspiratzeko bide asko nituen», adierazi du.

Etorkizuneko produktua da, eta itxurak ere halakoa behar zuen: kartoiaren gainean tinta fluoreszenteak, alderantziz erabiliak eta akabera matea dutenak, itxarote-hilabeteetan babesteko. Estanpazio holografikoa eta trokela. Zilar-tinta barruan. Hori guztia, Xabi Gorostiagak esplikatu moduan, «estanpatzaile artisauarekin eta inprimategi digital modernoenek baino kalitate eta emaitza hobeak eskaintzen dituzten makinekin» egin zuten.

«Eta horrela eraiki genuen NAIZ komunitatea osatzen duten pertsonen etxera iritsi den ‘artefaktu’ txiki hau –dio Gorostiagak–. Pixka bat asaldatzen nau artefaktuak hainbeste pertsonen etxeen intimitatea ‘inbadituko’ duela jakiteak, haiek ez baitute lehenago ikusi edo eskatu. Eta erronka erantsi bat da jasotzen duena jakin-minez eta esker onez sentitzea. Lortu izana espero dugu».

Kontatzeko dagoena

Artefaktua jaso duen harpidedunak, agian, desengainu bakarra hartuko zuen opariarekin, sekretuan gordetzen baitu 2024ra bitarte gurean eta munduan gertatuko direnak. Euskal Errepublikatik bidaliko zuten liburuxka? Koronabirusaren pandemia gainditu dugu jada? Eibarko gizonezkoen futbol taldea itzuli al da lehenengo mailara? Loteria zenbakirik ez ezustean etxeratu diren ehunka orrietan.

Apustu bat bai, ordea: datozen urteetan ere gertatuko dena kontatzen jarraitzea. Eta 2024an, kontakizun hori komunitate oso batek egina izatea.