INFO

Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %21 bigarren etxebizitzak direla salatu du EH Baik

EH Bai alderdiak abiatu zuen ‘Etxebizitza Eskumena’ kanpainaren baitan hainbat ekimen burutu dira azkenaldian. Berriki webgune berri bat ere ireki dute herritarrak informatu eta haien lekukotzak emateko. Artean, «Donibane Lohizuneko desastre inmobiliarioa» salatu du Herri Berrik.

Hendaiako heri sarreran EH Baik ezarritako kartela. (NAIZ)

Ipar Euskal Herria departamenduko hauteskundeetan murgildua den honetan, etxebizitzaren gaia eztabaidaren lehen lerroan ezartzen duten hainbat ekimen burutu dira azken asteetan. Batetik, Gazte Ekintzak «etxebizitza eskubidearen alde» egindako ekintzak edo BAM Taldeak «Euskal Herria ez da salagai!» aldarrikatzeko egindako elkarretaratzeak aipa daitezke, eta bestetik, EH Bai alderdiak ‘Etxebizitza Eskumena’ kanpainaren baitan egin dituen ekimenak. Guztiek etxebizitzaren arazoa azaleratu dute eta eztabaida irekia da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarren artean.

Pasa den maiatzaren 22an sare sozialetan zabalkunde esanguratsua izan zuen ekimena burutu zuen EH Baik. Tokiko Etxebizitza Planak emandako datuen arabera Ipar Euskal Herrian 54.152 etxe huts direla iragarri zuen alderdi abertzaleak, horietatik 11.904 erabat hutsik dira, eta beste 42.235 bigarren etxebizitzak dira. Hau da, EH Bairen arabera, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %21 bigarren etxebizitzak dira.

Horrela, datu horiei ikusgarritasuna emateko herrien sarreretan panelak ezarri zituzten, udalerri bakoitzean zenbat etxebizitza huts diren seinalatzeko. Panelak ezarri ostean argazkia atera eta irudiak sare sozialetan zabaltzen hasi ziren eta zabalkunde esanguratsua izan zuten, etxebizitzaren gaia berriz ere eztabaidagai izan delarik.

Ordea, EH Bai etxebizitzaren inguruan egiten ari den lanketa ez da hauteskundeetara mugatzen; apirilaren 10ean aurkeztu zuten ‘Etxebizitza Eskumena’ kanpaina gauzatzeko Lurra eta Etxebizitza taldea sortu zuten eta kanpainaren lanketa, gutxienez, azaroa bitartean luzatuko da, hil horretan «manifestazio jendetsu» bat egiteko asmoa baitute.

Artean, beste hiru ardatz izango ditu jada martxan den kanpainak: batetik, etxebizitzari buruzko herri kontsulta egitea eta etxebizitza eskubidea defendatzeko ekintzak burutzeko asmoa dute, eta, bestetik, eremu instituzionalari dagokionean, «Tokiko Etxebizitza Planaren segimendua eta herrietan hartzen diren erabakien lanketa».

Etxebizitzaren gaiak sarean ikusgarritasuna izan dezan «logementpaysbasque.com» ataria sortu ute. Bertan, etxebizitzaren auziari lotutako informazioa eta artikuluak aurki daitezke, baina horrez gain herritarrei beren lekukotasuna emateko aukera eskaintzen diete.

Melanie Verdier 28 urteko paristarrak, adibidez, Baionan etxebizitza bat topatzeko hilabeteak behar izan zituela kontatzen du. Beste askok salatzen duten bezala, higiezinen agentziek dirudunak lehenesten dituztela azaltzen du bideo baten bidez. Bere esanetan, «higiezin agentziek ez zuten ene galdera serioski tratatzen, nire erosmen ahala mugatua delako».

Donibane Lohizunen etxebizitza irregularrak

«Egungo egoera baliatuz etxeen jabeek egoera txarrean diren etxebizitzak baldintza txarretan alokatzen ahal dituztela» salatu du Donibane Lohizuneko Herri Berri taldeak eta legea aldatu behar dela aldarrikatu du, «zeren eraikitzeko egiten den baimen eskaera eta eraikitzen dena gauza bera direla bermatzeko jarraipena egiten da, baina legeak mugak ditu, besteak beste, eraikinen barnealdean zer gertatzen den kontrolatzea zaila delako».

Horren adibide da Jalday industriagunean den etxebizitza bat. «Ez gara ibiliko etxez etxe arauak betetzen diren ikusten, ez da gure lana, baina badira adibide batzuk Donibane Lohizuneko desastre inmobiliario orokorraren adierazle direnak», jakinarazi du Peio Etcheverry-Ainchart bozeramaileak.

«Zonalde industrialean etxebizitzak eraikitzea legez kanpokoa da, soilik etxearen zaintzaz arduratuko denarentzat etxebizitza bakar bat eraikitzeko aukera eskaintzen du legeak», adierazi du Herri Berriko ordezkariak, baina salatu duenez, «batzuek jendeak etxebizitza bat eskuratzeko duen beharraz baliatzen dira», zonalde industrialean etxebizitzak eraiki eta alokairu garestiak ezartzeko.  

Herri Berrik birritan salatu ditu Donibane Lohizunen espekulazioari lotutako aferak, beste batzuen artean etxebizitza bihurtutako garajeen alokairua salatu izan du, eta jarri duen azken adibidea ere orokorragoa den egoeraren adierazle bat gehiago dela argitu du.

Alokairu garestiak legez kanpoko etxebizitzan

Donibane Lohizuneko Jalday industriagunean dagoen eraikin baten orubeak 1989an erosi ziren 14.300 euroko prezioan  (garaiko 70.000 franko). Sasoi hartan eraikina legearen arabera eraiki zuten, bi estalpe, bi bulego eta etxebizitza bakar batekin.  Hamar urteren buruan, 1998an, 78.900 euroan saldu zen oraindik etxebizitza bakar bat zuen eraikina. Hogei urte geroago, 2018an berriz saldu zen eraikina, 795.000 euroan, baina ordurako bost etxebizitzako eraikina zen.

Nolatan bilakatu zen etxebizitza bakar bateko eraikina bost etxebizitzako eraikin garesti bat legez kanpoko eremu batean? Erantzuna 2006an egin ziren lanetan aurkitzen da, baina lan horien txostenik ez da inon, «preskripzioagatik deuseztatuak izan baitziren».

Edonola ere, Herri Berrik salatzen duenez, eraikinaren egitura aldatzeko lanak baimendu zitezkeen, baina inolaz ere ez bere erabilera aldatzeko. Alegia, legeak galarazten duen moduan, lanak ezin ziren etxebizitzak eraikitzeko bideratuak izan, baina hain justu, horixe izan zen jabeak egin zuena.

Gauzak honela, egun, bost etxebizitza alokatzen ditu jabeak. Bi apartamendu-estudio, bakoitza hilean 510 euroan, beste bi apartamendu hilean 750 euroan, eta duplex bat hilean 800 euroan. Donibane Lohizuneko Udalak jokaera iruzurtia izan dela onartzen du, baina 2006ko lanak preskribaituak direnez ez dago iruzurra egin zenaren frogarik.  

Herri Berrik eman dituen datuen arabera eraikinaren jabeak 1,2 milioi euroko irabaziak izan ditu azken 12 urteetan. Hots, halako egoerei aurre egiteko «legea aldatzea beharrezkoa eta posible da» talde honen aburuz, eta etxebizitzaren gaia jorratzen segitzeko asmoa erakutsi du, halako iruzurrak beste eremu batzuetan ere ematen direnaren susmoa baitu.