INFO

San Fermin ikastolako ikasleek agur festarako bildutako dirua, Lesboseko errefuxiatuentzat

Zizurko San Fermin ikastolako Batxilergo bigarren mailako ikasleek agur festarako bildutako dirua Zaporeak elkarteari eman diote, Lesbosen errefuxiatuak elikatzeko duen sukaldea laguntzeko.

San Fermin ikastolako ikasleak, Greziara egindako bidaian. (ZAPOREAK)

San Fermin ikastolako 2005-2020 promozioak 2.200 eurorekin lagundu du Zaporeak elkarteak Greziako Lesbos irlan duen sukaldea, zeinetan 1.500 errefuxiaturi jaten ematen zaien egunero.

Iaz Batxilergo bigarren maila egiten ari ziren ikasleek Greziara egin zuten ikasbidaia eta, nahiz-eta amaieran ez zen gauzatu, Zaporeak elkartearen jantokietako bat bisitatzeko aukera ere mahai gainean izan zen. Bidaia hura ikasleek ekimen desberdinen bidez bildutako diruarekin ordaindu zuten eta lortutakoaren zati bat 2020 kurtsoaren amaieran egin behar zuten agur festarako gordetzea erabaki zuten.

Iazko udaberria, baina, koronabirusak eta pandemiak markatu zuten eta ezin izan zuten agur festarik antolatu. Hasiera batean atzeratzea pentsatu bazuten ere, azkenean, dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde bati ematea adostu zuten. Zaporeak ezagutzen zuten, izan ere klasean ere elkarte honen inguruan mintzatu ziren behin baino gehiagotan. Eta berez, haien ekarpena egitea erabaki zuten.

Zaporeak eskertuta agertu da gazteekin: «Horrelako jendearekin aurrera egiten dugu», nabarmendu zuten sare sozialen bitartez.