Mikel San Josek ez du Birminghan taldean jokatuko hurrengo denboraldian
Jokalari nafarrak beste urte baterako kontratua zeukan, baina talde ingelesarekin adostuta etetea erabaki du.
Mikel San Josek ez du Birminghan taldean jarraituko. Atarrabiako jokalariak kontratua etetea adostu du. 2020ko irail amaieran iritsi zen Peaky Blinders telesail ospetsuko kideen hirira eta bi urtetarako sinatu zuen arren, lehen denboraldia amaitu ostean taldea uztea erabaki du.
Denboraldi zaila izan da Birminghan taldearentzat eta San Joserentzat ere. Aitor Karanka entrenatzaile gasteiztarrak gomendaturik heldu zen Ingalaterrako Bigarren Mailara. Azken sasoian gutxi jokatu zuen Athleticen eta hilabete luzez entrenatzen aritu zen. Hamaikakoetan lekua egin zion Karankak urria bukaeran, zelai erdian kokatuz eta lehen partidetan erakutsitako dohaiak eta gaitasuna goraipatu zituen.
Ondo egokitu zen taldera eta Kopan Manchester City-ren aurka ere neurtu ziren. Hala ere, urte berriarekin emaitza txarrak pilatzen joan zen taldea eta jaitsiera postuetara gerturatu ziren. Talde ingeleseko arduradunek Karanka kaleratzea erabaki zuten eta jokalari izandako Lee Bowyer-ek ordezkatu zuen.
Birminghan-ek maila mantentzea lortu du denboraldia amaieran, baina entrenatzaile berriarekin gutxi jokatu du San Josek. 28 partidatan parte hartu du nafarrak. Taldearen webgunean egindako adierazpenetan eta bere tuiter kontuan azaltzen duenez ez da erabaki erraza izan berarentzat, baina erronka berri bat bilatzeko unea dela uste du.
Birminghan taldeko jokalaria izatea ohore bat izan dela azpimarratu du eta pena ematen dioela zaleen aurrean aritzeko aukerarik eduki ez izana.
I can only thank the @BCFC family for this opportunity to experience the Championship. It has not been easy but it was beautiful. It's a shame I didn't get to enjoy St Andrews fully as a player but I hope I'll be there soon as a fan. Ones blues forever blues. KRO pic.twitter.com/AMq8j5cc0t
— Mikel San José (@mikelsanjo6) May 28, 2021
Lee Bowyer entrenatzaileak ere esker oneko hitzak izan ditu San Joserentzat, entrenamenduetan zein jokatu duenean ondo egin duela nabarmenduz. Aldi berean, argi uzten du jokalariak eskatu duela taldea uztea eta egoera horretan erabaki egokiena kontratua etetea dela esan du.