INFO

Peio Etxeberria eta Julen Egiguren, exijentzi maila desberdina baina ilusio bera

Aspeko bi aurrelariek arazorik gabe aukeratu dituzte larunbateko Promozio mailako finalerako pilotak, motelagoak azpeitiarrarenak eta biziagoak Zenotzekoarenak. Egigureneren iritziz, Etxeberria da finaleko «faborito argia». 

Peio Etxeberriak ez dio garrantziarik eman faborito izatearen zamari. (Maialen ANDRES/FOKU)

Lehiaketa motza izan da oso aurtengo Promozio mailako Buruz Burukoa, baina exijentzia maila handikoa, batez ere lehen egunetik irabaztea beste aukerarik ez zuela ematen zuen Peio Etxeberriarentzat. Zenotzekoak orain arte beragandik espero zena bete du eta finalean dago, baina azken pausoa ematea falta zaio Julen Egiguren azpeitiarraren aurka.

Lehen egunetik begi guztiak bere gainean izan ditu eta lehen mailan jokatzeko aukerarik gabe utzi zutenetik, ilusioa beste guztiari gailendu omen zaio. «Nik uste txapel bat jokoan dagoen bakoitzeko beti dago ilusio handia. Irabaztea izan da nire ilusioa lehen egunetik, pixkanaka-pixkanaka urratsak ematen joan naiz eta orain bide hau amaitu beharra dago», azaldu du Ultzamako aurrelariak gaurko material aukeraketan.

Saskian aurkitutakoarekin gustura amaitu dute Aspeko bi aurrelariek, bakoitzak bilatu duena topatu baitu. «Nik aukeratutako pilotak asko gustatu zaizkit, eskuan ondo sartzen zitzaizkidan. Bereak agian azkarragoak dira, lurrean gehixeago ibiltzen dira baina gustatu zaizkit baita», azaldu du azpeitiarrak.

Erritmo desberdinak

Lau eta Erdiko Promozio finalean Elordiren aurka galdu ostean, bigarren maila honetako beste erreferenteetako baten aurka jokatzea dagokio azpeitiarrari eta, alde horretatik, argi du Peio Etxeberria «faborito argia» dela baina, presiorik gabe, berea eman asmoz etorriko da larunbatean Labritera. «Peiok txapelketa osoan erakutsi duen mailarekin argi dago oso partida zaila izango dudala, baina ni nire jokoa egitera etorriko naiz, hori egitea lortzen badut, nire aukerak izango ditut», gaineratu du gipuzkoarrak. «Peio oso une gozoan dago, abiadura eta erritmo handia jartzen die partidei eta horri eustea oso zaila izango da, nire erritmoa, pausatuagoa, jartzen saiatuko naiz eta hori egitea lortzen badut, ziur irabazteko aukerak izango ditudala».

Zenotzekoak lehen egunetik daki bera dela txapel hau janzteko hautagai ia bakarra, «baina nik beti diot faboritoen hori egunkari eta prentsaren kontua direla, kantan erakutsi behar da hori eta Julen oso une onean datorrela uste dut, bere bigarren finala du eta hori ez da kasualitatea». Gainera, gogoratu du Egiguren Erasunen aurka final erdian oso partida zaila aurrera aterata datorrela eta horrek konfiantza handia emango diola.