INFO

Baigorriko Kulturaldiak aurrera darrai euskal kultura hedatzen

Ekainaren 20ra bitarte Kulturaldiak hitzordu anitzak proposatuko ditu Baigorrin: euskal antzerki, musika, film eta dantzak izanen dira Nafarroa Behereko herrian, Basaizea elkarteak antolaturik.

Axut! antzerki taldearen ‘Amua’ obra aurkeztuko da Baigorrin. (AXUT!)

Urtero bezala, Basaizea elkarteak euskal kultura hilabete batez Baigorrira hurbilduko du. Literaturari eta ikerketa linguistikoari tokia eman eta gero heldu den asteetan antzerki, musika, film eta dantzak eskainiko ditu.  

Axut! antzerki taldearen ‘Amua’ obra izanen da ikusgai ostiral honetan. Maite Larburu, Manex Fusch eta Ximun Fusch taula gainean agertuko dira, hirurek Arantxa Hirigoyenekin batera idatzi duten obra antzezteko.

Ekainaren 6an, igandearekin, Ruper Ordorikaren kontzertua ikusteko parada izanen da Plaza Xokon. Bere ‘Mugalaris’ diren Arkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleagarekin batera agertuko da taula gainean.

Euskal zinemari ere eginen diote tokia, Josu Martinezek Baigorrin grabaturiko ‘Ama’, ‘Anti’ eta ‘Subandila’ film laburrak ikusgai izanen dira ekainaren 11n.

Dantzarekin amaituko da Kulturaldia, ‘Izan Baita’ Arrola dantza taldeak Garaztarrak taldearekin batera egindako obrarekin. Herriko Ezker paretan, XV. eta XVI. mendeetako Nafarroaren historia agertuko da musika eta antzerkia dantzarekin uztartuz. Gertakizun ezberdinak agertuko dira: festa, militarismoa, errepresioa, gatazka eta aliantzak. Nafartarren geroa mendez mende nola erabaki zen aurkeztu nahi dute horrela.

Liburuak

Lehen ekitaldiak liburuen inguruan izan dira. ‘Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara’ lana aurkeztu du Koldo Zuazok, hiru urtez egindako ikerketaren bitartez bildutako lanen emaitza gisa. Euskal Herri osoko euskalkien ezagutzan sakonduz iparraldeko hiru herrialdeak ditu aztergai azken urteotan. Saran egon zen lehenik, Baigorri aldean egon eta gero Barkoxera joanen da bertako zuberera aztertzeko asmoz.

Dom Campistron ilustratzaileak ‘Bekatorosak’ obra aurkeztuko du, Maialen Lujanbio eta Maddi Ane Txoperena bertsolarien laguntzarekin. Bertan zazpi maitasun eta borroka istorioen lekukotza eta aitortza ematen du homofobiaren kontrako aldarria eginez. 26 urteko aldudarrak Nafarroa Behereko zazpi lagun elkarrizketatu ditu obra osatzeko, zazpi ‘bekatorosa’.