INFO

Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko dute Bilbon, ekainaren 26an

‘Euskal Herritik mundura!’ lemapean, egun osoko egitaraua antolatu du Gu ere bai! plataformak ekainaren 26rako, Bilbon, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko elkarretaratzea, "Gu ere bai" dinamikak deituta. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Gu ere bai! plataformak euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatuko du Bilbon, ekainaren 26an. Eta horretarako zazpi kirol eta kultur ekimen nagusi antolatu ditu.

Euskal kirola, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen dituena, euskara, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, aniztasuna, euskal selekzioen ofizialtasuna eta nazioartekotasuna hedatu nahi ditu Gu ere bai! plataformak aldarrikapen egun honen bitartez.

Goizean, 10:00etan, mendi martxa bat abiatuko da San Mames zelaiaren kanpokaldetik. Bilbo inguruko lau orduko ibilbidea izango da, eta bazkalordurako, Arriaga inguruko gune nagusira helduko dira mendizaleak. Ordu berean, 70 km inguruko bizikleta itzuli bat aterako da leku beretik. Txirrindulariak Balmasedara joan etorri bat egingo dute, euskal kirolen ofizialtasuna errepidean aldarrikatuz.

Bilboko Areatzaraino helduko da euskal selekzioen aldeko itsas martxa ere, ur kirolariek gauzatua:  arrauna, kayak, surf, sup eta igerilariak izango dira.

12:00etan Arriaga antzokiaren aldamenean egongo den eszenatokian ‘Hitzaren kirol nazionala’ ekitaldia hasiko da. Amets Arzallus, Oihana Bartra, Unai Iturriaga eta Jone Uria bertsolariek saioa eskainiko dute. Hizkuntza eta doinua, neurriak eta errimak hizkuntzaren kirol nazionalean.

13:00ean herri kirolen txanda izango da Arriagako gunean. Harrijasotzaileak, lasto altxatzea, ingudea eta beste zenbait erakustaldi izango dira bertara hurbiltzen direnen gozamenerako. Era berean, haurrentzako egitarau berezia egongo da egun osoan zehar. Egurrezko haur jolasak, ipuin kontalaria eta ‘Printzesa eta futbolaria’ antzezlanarekin gozatu ahal izango dute haurrek.

Arratsaldean kalejiraren txanda izanen da. 17:00etan aterako da Arriaga plazatik. ‘Euskal Herritik mundura! Euskal selekzioa / OFIZIALTASUNA’ pankartaren atzetik, Bilboko kale artean hedatuko da kirolari, kirolzale eta euskal herritarren deiadarra. Ekitaldi nagusia, kalejiraren ostean izango da.

Futbolean ofizialtasuna

2020ko abenduan, Euskal Futbol Federazioak Lakuko Kirol zuzendaritzaren sustenguarekin ofizialki eskaera egin zuen FIFA eta UEFAko egoitzetan. Futbolaren eremuan, beste kirol batzuetan bezala euskal selekzioaren ofizialtasuna eta euskaldunon lekua aldarrikatuz. «Gu ere bai! ekimenak bat egin zuen eskaera horrekin, horren alde mintzatu eta kaleratu ginen behin eta berriro, eta urtebeteko epean lanean jarraitzen dugu. Oso garrantzitsua da guretzat egitasmo hori gauzatzea, eta oraindik zazpi hilabete ditugu aurretik, jarritako epemugari erreparatuz, lanean segi eta lorpenak eskuratzeko», adierazi dute.

«Ilusioa eta gogoa badugu, borondatea nabari da alde guztietatik. Gure jarrera elkarlanarena da, herri oso baten aldarria delako besteak beste. Instituzioek, kirol erakundeek, kirolariek eta herritarrek bat egin eta Euskal Herritik mundura gure aldarrikapenak gauzatzeko ordua dela deritzogu», gehitu dute.