INFO

Altunak Artolari buruz: «Berak erabaki beharko du eta ez da batere erabaki erraza izango»

Jokin Altunak Bilbon egin duen entrenamenduaren ondoren onartu du «arraroa» egiten dela Buruz Buruko finala noren aurka jokatuko duen ez jakitea, baina nahiago duela horretan gehiegi ez pentsatu eta ez diola presiorik sartu nahi bestela ere gaizki pasatzen ariko den Iñaki Artola bere lagunari.

Jokin Altuna, Bizkaia pilotalekuan pilota bat probatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jokin Altunak entrenamendu gogorra egin du gaur goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan Victor Estebanen laguntzarekin, eta ondoren prentsaurrekoa eskaini du hilaren 20ra atzeratu den Buruz Buruko finalera begira dituen sentsazioak azaltzeko. Onartu du «arraroa» egiten dela noren aurka jokatuko duen ez jakitea, baina nahiago duela horretan gehiegi ez pentsatu eta ez diola presiorik sartu nahi bestela ere gaizki pasatzen ariko den Iñaki Artola bere lagunari –berarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuela eta «ikututa» zegoela aitortu du–.

«Niri iruditzen zait finala jokatzea merezi dutela finalera iritsi direnak. Gero ikusi behar dena da lesioak eta lesioak daudela, bi edo hiru hilabeteko lesio bat duen pilotariari itxarotea agian zailagoa da, egutegi guztia aztoratu dezakeelako. Kasu honetan egia esan ez dakit ziur lesioa zein den, ez dute argi esan zer gradutako lesioa den, zer epe beharko dituen osatzeko, eta orduan ez dakit zer esan. Nik nahi nuke Iñakik jokatzea, eta juxtua hori litzateke, baina ez dakit iritsiko den. Berak erabaki beharko du eta ez da batere erabaki erraza izango», aztertu du egoera Amezketako aurrelariak.

Argi dagoena da aurkari bat edo bestea izan, Iñaki Artola edo Beñat Rezusta, jokoa asko aldatzen dela, eta Altunak ez du hori ezkutatu. «Bat aurrelaria da eta bestea atzelaria, bat ezkerra eta bestea eskubia, sakatu ere modu desberdinean egiten dute, errestoa ere Beñatek gehienetan botera eta Iñakik airez… Oso desberdinak dira, baina entrenatzera etortzen naizenean ez nabil inola ere horretan pentsatzen. Espero dut hurrengo astean aukera bat izatea entrenatzeko jakinda zeinen aurka jokatuko dudan».

Hala ere, bere egunerokoan egoera horri buelta askorik ez ematen saiatzen omen da. «Ez naiz asko jarduten honi buruz kalean, baina egia da orain pilotazale guztiok mediku bilakatu garela, denok dakigu Artolak jokatuko duen edo ez. Hori azken finean berak bakarrik daki eta nahikoa zalantza izango du».

Gaur nekatuta baina pozik amaitu omen du entrenamendua –«nahiko gogorra izan da eta orain apur bat nekatuta nago, atzo ere entrenamendua egin nuen, baina oraindik egun batzuk faltra dira eta pozik egiten ari naizen lanarekin»–, eta datozen egunetarako plana ere argi dauka: «Entrenatzen segi, lasai lasai. Gehienbat hurrengo astera begiratu gabe lan egin, aste honetan aste honetakoarekin zentratu. Igandea hartuko dut deskantsatzeko eta datorren astean ere entrenamenduren bat egin beharko da. Sentsazio onekin jarraitzea da garrantzitsuena, burua okupatuta izatea».

«Azkeneko urteetan pozik ari naiz»

Finalak jokatzera ohitzen ari den galdetuta, erantzun du «gustora» dagoela ematen ari den mailarekin. «Azkeneko urteetan pozik ari naiz, emaitzak hor daude. Txapelketa hau amaitzen denean egingo dut denboraldiaren balorazio bat, baina orain finala prestatzen ari naiz buru belarri eta ez dut asko pentsatzen gauza horietan».

Eta iazko Buruz Buruko finala Jakaren aurka galtzean pasa zituen une txarrak gogoratu dizkiotenean, gertatutakoa argitu nahi izan du. «Iritsi zaizkit kritika batzuk galtzaile txarra naizela esanez. Gaizki sentitzen nintzen, ez zen izan nahita egin nuena, ingurukoek badakite horrela izan zela. Egun hartan Erik zoriondu nuen, esan nuen argi berak merezita irabazi zuela finala. Esperientzia horietatik beti ikasten duzu, kolpe gogorrak hartzen dituzu hor baldin bazabiltza. Agian galtzeko beldurrez etorri nintzen irabazteko ilusioz baino gehiago, eta aurrean aurkari oso on bat eduki nuen. Hala ere, komentario horiei ez diuet jaramonik egiten».

Azkenik, beste final bat publikorik gabe jokatu beharrak pena ematen diola adierazi du, eta jada frontoiak irekitzen hasteko garaia dela aldarrikatu. «Jenderik gabe jokatzen hasi ginenean uste genuen hilabete bat edo biko kontua izango zela. Baina azkenean negua, udaberria… Denbora asko da. Batez ere, Binakako Txapelketa oso luzea da eta partida guztiak jenderik gabe jokatzea… Nik uste publikoa gero eta leku gehiagotan sartzen hasi dela eta frontoietan ere sartzen hasi behar duela. Leku arriskutsuagoak badaude eta ez dut arrazoirik iikusten jenderik gabe jokatzeko. Badakit 3.000 pertsona ezingo direla sartu, baina hemen 700-800 pertsona sartuta, arau zorrotzekin, nik ez dut arazorik ikusten».