Gaizka Garitano: «Jaitsiera bat gogorra izaten da eta depresio horri buelta eman behar zaio»
Sei urte beranduago, Eibar taldea zuzentzera itzuli da Gaizka Garitano entrenatzailea. Bigarren Mailan hartuko du taldea eta bere ustez, ezinbesteko eginbeharra da «ilusioa berriro piztea». Pozik agertu da «etxera» bueltatzeaz eta klubean lagunekin elkartzeaz.
«Ezagutzen dut kluba, nahiz eta azken urteetan asko hazi den eta orain apur bat desberdina den». Gaizka Garitano horixe bera adierazi du Eibar klubeko kamerei eskainitako elkarrizketan. Derioarra talde armagina entrenatzera itzultzen da sei urte kanpoan eman ostean. Valladolid, Coruñako Deportivo eta Athleticen probatu eta gero, berriro Eibar zuzenduko du. Bigarren Mailan hartuko du taldea.
«Pozik nago etxera bueltatzeaz», onartu du. Klubeko langileak ezagunak ditu, «lagunak» ditu. «Lehengo lagunak berriro aurkitu ditut eta ez da klub berri batera joaten zaren moduan, denak berriak direla; jende asko ezagutzen dut eta horrek gustora egotea errazagoa izatea ahalbidetzen du», azpimarratu du.
Noski, helburuei buruz ere itaun egin diote. Kirol-zuzendaritzatik tinko adierazi zuten helburua ahal bezain lasterren Lehen Maila itzultzea dela baina prestatzailearen iritziz, egunetik egunera egin behar dute lan eta horrek zehaztuko ditu helburuak, «futbolak ez baititu errespetatzen epe luzeko helburuak, alferrik da».
Azken urteetan klubeko langileek egindako lana goraipatu du Garitanok baina, era berean, adierazi du jaitsierarekin beste proiektu berri bat hasten dela eta bera «prest» dagoela «erronka» berri hau hartzeko.
Horregatik, egunean eguneko lanean fin aritzea, taldea osatzea, denboraldi aurrea ondo prestatzea eta batez ere, ilusioa berpiztea izango dira Deriokoaren ezinbesteko eginbeharrak: «Jaitsiera bat egoten denean apur bat gogorra izaten da eta depresio horri buelta eman behar zaio»
«Lehen Mailara igo ginenean aurrekonturik txikiena geneukan kategorian eta orain, alde horretatik, indartsuago izango gara. Aldiz, ilusio aldetik orduan izugarria geneukan, beharbada orain Amorebietak izan dezakeena, eta gu ez bagaude nibel horretan zaila izango da ondo joatea. Ez badaukagu ilusio eta umiltasuna besteekin gosez lehiatzeko, gauzak oso zailak direla jakinda, ezinezkoa izango da ondo joatea», onartu du irmotasunez.