Euskarak bizi duen egoerarekin kezkatuta, borroka indartzeko deia egin dute gazteek
Gazte euskaltzale talde anitza batu da gaur Iruñean euskarak bizi duen egoerarekin haien kezka plazaratzeko eta euskararen aldeko borroka indartzeko deia luzatzeko. Hizkuntza politikak eta azken hilabeteetan auzitegiek hartutako erabakiak salatu dituzte.
Hainbat gazte euskaltzale batu dira larunbat honetan Iruñean euskararen egoeraren inguruan duten kezka, ardura eta gogoa plazaratzeko. Herri edo auzoetako zenbait euskara taldetatik, unibertsitateko euskara taldeetatik eta gazte mugimenduetatik datozen gazteak, zein egoerarekin kezkatuta dauden norbanakoak izan dira bertan.
Euskarak bizi duen egoerarekin kezkatuta agertu dira. Euskarak, atxikimendu, bultzada edota erabilerari dagokionez, azken urteetan «atzerakada» izan duela adierazi dute, eta inkesta eta ikerketen arabera euskara kale, ikasleku, plaza eta bizitzetatik pixkanaka- pixkanaka desagertzen ari dela gogoratu dute, «noiz eta, ustez, hizkuntza inoiz baino jende gehiagok jakin eta ulertzen duenean». «Hasierako irakaspena argia da, beraz: euskara jakitea eta ulertzea ez dira inondik inora nahikoa berau bizirik mantentzeko», azpimarratu dute.
Auzitegien epaiak
Bide horretatik, salatu egin dute azken hilabeteotan euskararen eskubideen aurka EAE, Nafarroa eta espainiar zein frantziar auzitegiek kaleratutako epaiak. Euskal Herriko mugen barrutik zein kanpotik «datorkigun erasoaldi autoritario» berria ez dela gogoratu dute: «Sortutako zalapartak dimentsioa handitu duen arren, euskal hiztunok egunero-egunero jasaten ditugun diskriminazioen erakusleiho bihurtu dira aipaturiko erabaki judizialak», azaldu dute.
«Auzitegien arabera, lanpostu publiko baterako euskara eskakizuna egitea diskriminatzailea da, eta hizkuntza gutxituak sustatzea Konstituzioaren aurkakoa. Arazoaren muina, baina, bestelakoa da, euskara alboratzeak eta gaztelania eta frantsesaren derrigortasunak errotzen baitu Espainia eta Frantziaren proiektu politiko inposatzailea», azaldu dute.
Era berean, Bernart Etxepare Lizeoan, Bilbon edota Baionan milaka pertsonak erasoen aurrean emandako erantzuna «txalogarria» izan dela nabarmendu dute.
Hizkuntza politikak
Euskararen erabileraren gainbehera hizkuntza politikekin «estuki lotuta» dagoela azpimarratu dute ere. Izan ere, Euskal Herriko instituzio eta erakunde publiko nagusiei «utzikeria» egotzi diete: «Sabaia jo dute aspaldi diseinatutako hizkuntza politikek, eta, bide horretatik, lurra jotzera garamatzate; gure eskubideak zatitzen ditu zonifikazioak eta D ereduaren ezabaketak; eta hizkuntz eta nazio bakarraren joera zentralistak gure errealitate eta hautu linguistikoa desagerrarazten du».
Horren aurrean, euskara eta euskaldunen eskubideak erdigunean jarriko dituzten neurri, erabaki eta politika «ausart eta eraginkorrak» exijitu dituzte; «eskubide osoz, hiztun duin bilakatuko gaituen plan orokorra».
Borroka indartzeko deia
Baina, bereziki, euskararen aldeko borroka indartzeko deia luzatu diete euskaldun eta euskaltzaleoi: «Azkenaldian aztertutako bidegurutzetik edo inflexio momentutik irten eta ekiteko ordua heldu zaigu, norabide berritua markatu eta erasoen aurrean zutituko den mugimendu euskaltzalea berraktibatu eta artikulatu beharra daukagu. Alta, euskararen aldeko herri mugimendua berrosatzea dagokigu, ardura eta arduradun politikoak seinalatu eta benetako aldaketak exijituko dituena, euskararen problematika bistaraziz eta aldarrikapen-borrokak proposatuz».
Bide beretik, euskara eta euskaldunentzako gune askeak eraikitzearen garrantzia aldarrikatu dute eta euskaraz bizi eta antolatuko diren gune sozial, politiko edota kulturalak biderkatzeko deia egin dute; «bertatik ere ahaldundu eta boteretu gaitezen, eta, bereziki, eragin dezagun».
«Halaber, gaur gaurkoz, hori ez da horrela. Ondorioz, belaunaldi gisa, hurrego galdera honi erantzutea ere badagokigu: zergatik egingo du Euskal Herriko gazte batek, euskaraz ikasi duenak edo ikasi ez duenak, hemen jaio denak edo jaio ez denak, euskaraz aritzeko hautua? Gure Herrian, hainbat izan dira belaunaldiz belaunaldi euskarara hurbiltzeko hautuaren atzean egondako arrazoiak: euskaraz hitz egiteko debekuei aurre egitea, borroka antifrankistaren ikur bilakatzea, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko nahia… Gaur egun, herri-gogo berritu baten bila jo behar dugu, helduleku izango den horren bila. Euskaraz duin bizitzeko bitartekoak garatu bitartean, euskaraz bizitzeko borondatea euskal gazterian hedatu dadin», hausnartu dute.
Horretan guztian agente aktibo izateko konpromisoa hartu dute gazte euskaltzaleek: «Euskalgintza mugimenduan etengabeko ekarpena egiteaz gain, gure esparru naturala diren gazte eta ikasle mugimendu eta arloetan, elkarlanerako, hausnarketarako eta jardun politiko euskaltzalerako espazioak sortzen jarraituko dugula adierazi nahi dugu, ikastetxez ikastetxe, unibertsitatez unibertsitate, gaztetxez gaztetxe… Gazte euskaltzaleok saretzea, eragitea, kontzientzia piztea eta batzea baita egoera gorabeheratsutik behetik gorako bidea hartzeko tresnarik eraginkorrena».