INFO

Jardunaldi internazionalistak burutu ditu Askapenak asteburu honetan Hernanin

Askapenak jardunaldi internazionalistak burutu ditu asteburu honetan Hernanin ‘Bizi elkartasun internazionalista’ lelopean. Euskal internazionalismoaz hausnartu eta beste herrialdetako esperientziak ezagutu dituzte.

‘Gora Herri Boterea’ jarduna, askapenaren nazioarteko jardunaldien barruan. (Gorka RUBIO/FOKU)

‘Bizi elkartasun internazionalista’ lelopean jardunaldi internazionalistak burutu ditu Askapenak asteburu honetan. Euskadi-Cuba, Panafricanism Today, Brasilgo MST eta Greziako KOE antolakundeetako kideek eta Sahara eta Boliviako ekintzaileek hartu dute parte, besteak beste.

Ostiralean, ekainaren 11n, hasi ziren jardunaldiak ‘Euskal internazionalismoa: Bidea luze, pausoa labur’ tailerrarekin. Euskal internazionalismoaren historia zein Askapenaren sorrera eta 3 hamarkada luzez izandako ibilbidea aztertu zituzten.

Guillermo Paniagua ekintzaileak inperialismoaren garapena berrikusi zuen ‘Herramientas para un mundo internacionalista’ hitzaldiarekin.

Larunbatean lau hitzaldi egon ziren. Besteak beste, Panafricanism Today eta Askapenako kideek nazioarteko harremanen ikuspegi herrikoi batetik, integrazioko bi esperientzia zehatzetan sakonduko zuten.

Gainera, ‘Gora herri boterea!’ hitzaldiarekin internazionalismoak beste herrietako Herri Botere esperientziak ezagutzeko aukera eskaini zuen Askapenak Euskal Herriko borroka ezberdinetako kideekin «terraza tertulia» txikian.

Gaur ‘Okupatu, eutsi eta ekoitzi’ dinamikarekin ekin dio egunak. Brasilgo kanpamendu okupatuta irudikatu dute, nukleoak osatu eta kolektiboki komunitatea kudeatzeko ariketa eginez.

Bukatzeko ‘Sin Cuba, nada sería igual’ hitzaldia izan da. Milagros Acea (Cuba), Souradjou Ali (Benin) eta José Manzaneda (Euskal Herria) Euskadi-Cubako kideek Kubako iraultzak internazionalismoan izan duen eragina aztertu dute.

Iraultza kubatarri elkartasuna emanez eta blokeoa salatuz amaitu dituzte jardunaldiak igande honetan.