INFO

Gaizka Garitanok lana eta ilusioa eskaini eta zuhurtzia eskatu du

«Jokalariak fitxatu eta taldea osatu» alde batetik eta, bestetik, jaitsieraren dolua pasatu proiektu berria ilusioz hasteko dira Eibarko entrenatzaile berriaren lehentasunak. Oraindik zehazteke dago zenbatek berrituko duten kontratua. 

Gorositza, Garitano eta Palacios, Ipuruako prentsa-aretoan egindako aurkezpenean. (Jaizki Fontaneda/Foku)

Laugarren aldiz, Ipuruak Gaizka Garitanoren aurkezpena hartu du. 23 urte pasa dira lehen aldiz bertako soropila zapaldu zuenetik, bi etapatan kamiseta gorri-urdina 160 partidatan janzteko. 2012an aulkian jartzeko itzuli zen, Eibar Bigarren B Mailatik Lehen Mailara gidatzeko eta astelehen honetan, bi denboralditarako kontratua sinatu ondoren –Patxi Ferreira laguntzailearekin batera– «etxean» dago berriro, antzeko erronkari aurre egiteko.

«Etxea» hitza asko erabili da entrenatzaile bizkaitarraren aurkezpen ofizialean. Amaia Gorostiza presidenteak esan du, Garitano «etxera itzuli» dela eta klubak behar duena hori dela azpimarratu du, «etxea beste inork baino hobe ezagutzen» baitu. Cesar Palacios Kirol Zuzendariak ildo berari ekin dio, «dena» duela esanez, «batez ere esperientzia eta, neretzat garrantzitsuena dena, kluba oso ondo ezagutzen duela. Zein hobe bera baino Eibar zer den jokalariei ezagutarazteko».

Garitanok berak etxean sentitzen dela onartu du, lagunen artean. Eta horregatik bere erantzuna azkarra eta positiboa izan zen. «Proposatu zidatenean azkar esan nuen baietz –azaldu du–. Eibarrek deitzen dizunean, lagunek deitzen dizutenean… Askotan buruarekin baino gehiago bihotzarekin egiten duzu baina baietz erantzun behar duzu. Deitu eta hurrengo egunean eman nien baiezkoa. Eta asko eskertzen diet nigan pentsatu izana, konfiantza hori eman izana. Eskerrak eman behar dizkiet Amaiari, Cesarri eta klubari orokorrean».

Esperientziarekin eta ezagutzarekin batera, Garitanok ilusioa eta lana ekarriko du, «lan egitea» baita «eskatu didatena». «Aurretik egindako lanari» gehituko zaiona, «asko eta ondo egin baita urte guzti hauetan. Gertutik ikusi dut, bazkide bezela eta etortzen naizelako ere, lagun asko baitauzkat, eta itzela izan da lana, asko disfrutatu dugu Lehen mailarekin eta denbora honetan klubak maila guztietan izan duen bilakaerarekin. Horregatik, ez dut uste proiektu berria denik, baizik eta hain ondo egin dutena hartu, guk gauza berriak sartu eta denon artean lan hori egin».

Lanaren eta ilusioaren truke, lasaitasun pixka bat eskatu du, «zuhurtzia» hain zuzen ere, Bigarren Maila oso gogorra eta luzea dela gogoraraziz. «Jaitsiera oso gogorra izaten da, mingarria, eta erorketa gelditu behar da. Denbora behar da jaitsiera asimilatzeko eta proiektu berri bat hasten dela jakiteko. Klubak eta orain arte egon direnek sekulako lana egin dute baina azken urtea gogorra izan da. Orain gatozenok ilusioa piztu behar dugu berriro, ilusio barik oso zaila delako lan egitea», esan du. Eta «oso talde lehiakorra» izaten ahalegindu arren, faborito etiketa alde batera utzi eta lan egin umiltasunetik eta, berriro ere, ilusiotik hasita.

«Amorebietaren ilusio bera izan behar dugu –gaineratu du–. Bigarren Maila oso parekatua izaten da, ez da egoten alde handirik goiko eta beheko taldeen artean. Jaitsi berria izateagatik besteak baino hobea zarela pentsatzen baduzu, oker zaude eta horretan ezin dugu huts egin. Agian beste gauza batzuetan huts egingo dugu baina horretan ez. Denboraldiari ekin behar diogu igo berrien ilusioarekin eta ez jaitsi berrienekin; bestela, oso zaila egingo zaigu. Zorionez, klubak idiosinkrasia hori dauka eta ez dut uste maila horretan huts egingo dugunik», gaineratu du.

Denbora ez da bakarrik beharrezkoa jaitsieraren dolua osatu eta proiektu berriari ilusioz egiteko; nahitaezkoa da proiektua bera eratzeko ere. Ildo honetan, Garitanok gogoratu du Espanyolek eta Mallorca lehen saialeran itzuli direla Lehen Mailara aurreko urteko «taldeak mantenduz, estruktura berdinarekin eta agian hobearekin. Baina gure kasua desberdina da, taldea eraiki behar dugu», jokalari dezentek alde egingo baitute. Horrek zailtasuna gehitzen dio derioarraren eta, batez ere, Cesar Palaciosen lanari baina badauka bere alde ona ere eta Garitanok nahiago du «horrekin geratzea. Beti baikor naiz eta alde onak begiratzen saiatzen naiz. Logikoki lan zaila daukagu, talde berri bat eraikitzea ez delako erraza. Denbora behar du eta bere arriskua ere badauka. Baina alde onak daude ere, pixka bat taldea zure gustora egin dezakezula, zein jokalari mota behar duzun pentsatu…».

Kirol Zuzendaritzaren eta aulkiaren berritzeak osatuta, hori da klubaren lehentasuna: «Jokalariak ekarri eta taldea osatu, hori da lehen lana. Gero, talde lehiakorra egin. Eta gero, gerokoak. Pazientzia eduki behar da, talde bat ez baita eraikitzen bi edo hiru astetan. Lasaitasunez baina gelditu barik, hori da prozesua. Jokalariak ekarri, taldea osatu eta talde lehiakorra egin, Eibarren taldeak beti izan diren bezela. Eta denboraldia ondo hasi, partidak irabazten hasteko, azkenean horretarako ekarri baikaituzte, partidak irabazteko».

Garitanok onartu du merkatuaren egoerak ez duela lagunduko lana azkar egiten, alde batetik azken urtean mugimenduak orokorrean moteldu direlako eta bestetik, gainera, nazioarteko txapelketa handiak ospatzen diren udetan, «dena mugitzen delako pixka bat beranduago. Halakoetan beti heltzen dira jokalariak azken asteetan».

Noiz baino lehenago, jakitear dago zenbat heldu beharko diren, klubak oraindik ez baitu argitu zenbat futbolarik jarraituko duten, euren kontratua berrituko dutelako edota ez dutelako euren kontratuetako «jaitsiera klausula» erabiliko alde egiteko. Cesar Palaciosek soilik azaldu du hainbat jokalarirekin hitz egiten ari dela eta «eskaintza egin diegu» kontratua berritzeko: «Espero dugu aurrera ateratzea. Jokalari batzuen kasuan oinarrizkoa iruditzen zaigu, berriei hemen jokatzea zer den ondo transmititu dezaketelakoan gaudelako».