INFO

Paula Ginzok beste urtebetez jarraituko du Lointek Gernika Bizkaian

Santoñako hegal-pibotak 5 puntu eta 3,9 errebote lortu ditu batez beste pasa den denboraldian. Hauxe da talde bizkaitarrak kontratua luzatu dion bosgarren jokalaria. Egun, Ginzo Estatu espainoleko selekzioarekin Valentzian dago, ostegunean hasiko den Emakumeen Eurobasketa prestatzen.

Paula Ginzo, IDK Euskotrenen aurkako azken euskal derbian, defentsa lanetan. (Raul BOGAJO / FOKU)

Lointek Gernika Bizkaiak Paula Ginzori kontratua luzatu dio beste urtebeterako. Duela 23 urte Santoñan jaiotako hegal-pibota da talde bizkaitarrak kontratua luzatu dion bosgarren jokalaria, Itziar Ariztimuño, Roso Buch, Belen Arrojo eta Margaret Roundtreerekin batera; pieza garrantzitsua era berean, datorren denboraldiari begira ez baitute Gernikan jarraituko ez Nadia Colhadok ezta Nogaye Lok ere. Hala, Ginzok, Gernikara etorriko diren fitxaketekin batera, zeresan handia izango du hurrengo lehiaketa sasoian.

«Taldera eta herria bikain moldatu naiz», onartu du Paula Ginzok berak klubari eskainitako balorazioan. «Gernika Emakumeen Endesa Ligako goikaldean egoten da beti, beraz, nik uste hobetzen jarraitzeko leku aproposenean geratuko naizela», gaineratu du Kantabriako jokalariak.

Otsailean 23 urte bete arren, badu eskarmendua Ginzok. Estudiantesen harrobian hazi zen eta Al-Qazeresen jokatu zuen Gernikara joan baino lehen. Pasa den denboraldian batez beste 17 minutu jokatu ditu, 5 puntu eta 3,9 errebote pilatuz. Ez dira zenbaki ikaragarriak, baina maila txukuna erakutsi du oro har, ia beti aulkitik aterata eta Colhako eta Nogaye Loren itzalean.

Hala, Lucas Mondela Estatu espainoleko emakumeen saskibaloi hautatzaileak ekainaren 17tik 27ra Valentzian jokatu behar den Eurobasketerako deitu zuen. Hasiera batean, espero zen moduan, galbahea estutzerakoan atzera geratu bazen ere, Nogaye Lok belaunean min hartu izanak eta Espainiar selekzioko bi jokalarik –Tamara Abaldek eta Alba Torrensek, hain zuzen– covid-19an positibo eman izanak Eurobasketerako 12 jokalari hautatuen artean lekua egin dio.