Arbillak kontratua luzatu du, Eibarren proiektu berriaren lehen harria bilakatuz
Jokalari nafarrak Eibarren jarraituko du 2023rarte. 34 urteko atzelariak zazpi denboraldi emango ditu guztira kamiseta gorri-urdinarekin.
Eibarrek udako lehen «fitxaketa» gauzatu du. Kluba akordio batera iritsi da Anaitz Arbillarekin nafarraren kontratua 2023rarte luzatzeko. 34 urteko atzelariak zazpi denboraldi emango ditu guztira kamiseta gorri-urdinarekin.
Berritzearekin, Arbilla proiektu berriaren lehen harria bilakatu da. Izan ere, proiektuaren oinarrietako bat izango dela esan daiteke, Cesar Palaciosek bere aurkezpenean esan zuen bezela, agintari armaginen asmoa kluba ondo ezagutzen duten jokalariak mantentzea baita, helduko diren berriei honen idiosinkrasia transmititzeko; Gaizka Garitanok izango duen misioetako bat ere, alegia.
Hori, aldagelari dagokionez. Zelaian, ezer gutxi esan daiteke Arbillari buruz, taldeko «laban suitzarra» baita. Mendilibarren aginpean 142 partida (134 Ligan eta 8 Kopan) jokatu ditu azken bost denboraldiotan, defentsako postu guztietan arituz. Esperientziaz, balio-aniztasunaz eta nortasunaz gain, baloi luzeak kokatzeko sekulako gaitasuna emango dio Garitanoren talde berriari.
Eibarrek zabaldutako bideo baten, Arbillak berak adierazi du gaur «egun polita eta zoragarria» dela «neretzat, esan baitezaket Eibarren jarraituko dudala bi urtez. Eta espero dut hemendik gutxira denok elkarrekin ikusi Ipuruan, ametsa bete dadin».
Berritzen duen jokalari bakarra ote?
Baliteke Arbilla izatea kontratua ekainaren 30ean amaitzen dutenen artean berritzen duen jokalari bakarra, Marko Dmitrovicek Sevillan jokatuko baitu, Pedro Leonen errendimendua dezente jeitsi baita azken urteotan eta Paulo Oliveirak hainbat proposamen euki baitezake. Portugaldarrak, edozein kasutan, Eibarren beraren eskaintza eukiko luke bertan jarraitzeko.
Zalantza gehiago dago kontratua indarrean duten jokalarien inguruan, batez ere «jeitsiera klausula» daukatenei dagokienez. Kikek Osasunara joateko erabili du dagoeneko eta badirudi Coteren kasuan izango dela ere, hegalari asturiarrak talde barik dagoela esan berri baitu elkarrizketa batean. Inui eta Enrich egoera berberan dauda baina euren kasuan baliteke kluba izatea beraiekin jarraitzea nahiko ez lukena. Pape Diopi dagokionez, bere kontratua berritzeko aukera dago klausula baten bidez, baina jeitsieraren ondoren aurrekoen egoera berdinean dago.
Printzipioz, Arbillaz gain, beste hamaika jokalariek dute kontratua indarrean: Yoel Rodríguez (2024rarte), Rober Correa (2022), Pedro Bigas (2022), Sergio Álvarez (2022), Edu Expósito (2024), Quique González (2024), denboraldiko azken jardunaldiotan lehen taldean aritu zen filialeko Miguel Ángel Atienza (2023) eta beste taldeetan utzita egon diren Álvaro Tejero (2024), Roberto Olabe (2023), Damian Kadzior (2023) eta Jaime Dios (2023).