Murgiltze ereduaren alde lau eskola okupatzen hasi dira Ipar Euskal Herrian
Murgiltze eredua ezarri nahi duten lau eskoletan okupazioak abiatu dira. Horietatik hiru publikoak dira, bestea pribatu katolikoa. Kontseilu Konstituzionalak maiatzean murgiltzearen aurkako ebazpena eman ondoren, aste honetan erabaki horrek sistema publikoari soilik eragiten diola azaldu du.
Heldu den ikasturtean murgiltze eredua ezartzea aurreikusia zeukatn Ipar Euskal Herriko lau eskoletan okupazioak hasi dira ostegun honetan, horrela izanen ez dela badirudielako. Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 21ean murgiltze eredua antikonstituzionaltzat jo ondoren, aste honetan zehaztu du horrek sare publikoari soilik eragiten diola. 2021-2022 ikasturteari begira murgiltze eredua ezarri nahi den eskoletatik hiru publikoak dira eta laugarrena eskola pribatu katolikoa da.
Idauze-Mendiko eskola okupatu dute gaur 8.30etik 10.00ak arte, heldu den egunetan Arrosa-Ortzaize, Larraine eta Aiherrako eskoletan ere izanen dira, uztailaren 6ra arte.
Eskola publikoetako guraso elkarteak diren Biga Baik eta Ikas-Bik, eta sare katolikokoa den Euskal Haziakek, agiria igorri dute ostegun honetan. Bertan azaltzen dutenez, lau eskoletako gurasoek eta hautetsiek akademiako ikuskariari idatzi diote heldu den ikasturtean irekitze horiek egin daitezen formalki eskatzeko, eta horretarako baliabideak bidera ditzatela galdegiteko.
Eskaera horrek erantzunik ez duela jaso, eta heldu den urterako aurreikusitako eskola horietako euskarazko irakasle posturik ez dagoela aurreikusita gaineratu dute: «Argi dugu Hezkunde Nazionala guztiz murgiltze klase horien kontra dela, Konstituzio Kontseiluaren erabakiak indar berria ematen diolarik aurkako jarrera horri».
Zentzu horretan, gaineratu dute: «Gure nahia beti bezain azkarra eta fermia da, gure eskoletako haurrek irakaskuntza mota erainkorrena ukan dezarten, euskararen transmititzeko griña handia dugun buraso eta irakaskuntza munduko eragileontzat».
Kontseilu Konstituzionalaren erabakiak publikoari soilik eragiten badio ere, Aiherrako eskola pribaturako ere ez du posturik arreikusi Akademia Ikuskaritzak. Hala, Euskal Konfederazioko bozeramailea den Sebastien Castetek adierazi du: «Pribatua izanik ere, gure ustez Aiherrako eskolan ere ez da murgiltze eredua ezarriko».
Euskal Konfederazioa
Mobilizatuta segitzera deitzen du Euskal Konfederazioak, Gobernuaren nahia hizkuntzen kontra egitea dela salatuz. Maiatzaren 29an Baionan 10.000 pertsona bildu zirela gogoratuta, eta Estatu frantses guztian zehar Pour Que Vivent Nos Langues kolektiboak deituta 60 tokitan egin ziren ekimenak aintzat hartuta, Emmanuel Macronek «piztutako sua itzaltzen» saiatzen ari dela baieztatu du Castetek.
Euskal Konfederazioak agiri bidez azaldu du: «Hezkunde Ministeritzako Zerbitzuen jarrera salatu nahi du, eta eskoletako ordezkariei bere sostengua adierazi».
Azterketak euskaraz
Murgiltze ereduaren kontrakoa ez dela euskararekiko eraso bakarra ere oroitarazi du, eta brebeta eta baxoa azterketa ofizialak euskaraz egitearen alde sortu den Azterketak euskaraz kolektiboaren lana ekarri du gogora.
Ostegun honetan Baxoa azterketaren Filosofiako proba pasa duten Seaskako Bernart Etxepare lizeoko 40 ikaslek protesta gisara azterketa euskaraz idatzi dute.
Aste honetan. Seaskako irakasle batzuek emandako prentsaurrekoan azterketak frantsesez egin beharra inposatzen zaiela salatzeko desobedientziaren bidea hartu dutela nabarmendu du. Brebeta azterketan euskarazko kopiak zuzenduak izanen diren ziurtasuna ez badute, brebetaren azterketak ez zuzentzeko prest direla adierazi baitzuten.
Azterketak Euskaraz kolektiboak Donapaleun uztailaren 1ean, 18.00etan, deitu duen manifestaziora joateko deia luzatu du Konfederazioak.