INFO

Etxea soinean hartu eta askatasun osoz bidaiatzeko aukera

Pandemiak errotik aldatu du bidaiatzeko genuen modua. Hegazkinak eta oporleku exotikoetara joateko planak alde batera geratu dira eta bidaiatzeko era alternatiboek indarra hartu dute. Autokarabanak dira horren adibide. 


Euskal Herri osoan nabaritu da autokarabanekiko interesa hazi dela. Debagoienean, esaterako, aspalditik daramate autokarabanismoaren ospearen loratzea antzematen. Horren erakusle, 2019an bertara hurbildu ziren bisitarien %5 autokarabana guneetatik pasatu ziren.

Debagoieneko bost udalerritan zabaldu dituzte autokarabana guneak jada: Oñatin, Bergaran, Eskoriatzan, Elgetan eta Arrasaten. Oñatikoa da berriena. Ikerne Altube Oñatiko Udaleko teknikariak azaldu duenez, 2015ean ireki zuten aparkalekua «zerbitzuetan aurrerapausoa emateko» eta «gabeziak zituen edo indartu beharreko arlo» bati hauspoa emateko.

Izan ere, Oñatin aterpetxeak egon badauden arren, Udalak eta turismo bulegoak jende gazteak eta familiek furgonetetan eta autokarabanetan bidaiatzeko apustua egiten zutela nabaritu zuten. Eta beraz, aparkaleku berri bat beharko zutela, Arantzazukoa gainezka zegoelako. Zabaldu eta denbora gutxira, aparkalekuak arrakasta izan zuen. Izan ere, “ADAC Stellplatzführer 2017” gida alemanak San Martingo autokarabanen eremuari aipamen berezi bat egin zion bere kalitate onagatik.

Hala ere, ospe onak eta pandemiak bere alde txarrak ere ekarri zituen. Altuberen esanetan, 2021eko Aste Santuan, EAEko itxiera perimetrala indarrean zegoelarik, «erabat saturatuta» gelditu ziren Oñatiko San Martin eta Arantzazuko aparkalekuak. Izan ere, konfinamendu perimetralak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako autokarabanistak naturguneetara eta kostaldera mugitzea eragin zuen. Udaleko teknikariaren aburuz, Arantzazuko naturgunera joan zirenetako askok ez zekiten inguru naturalak nola errespetatu: «Aste Santuan jende ugari hurbildu zen, asko hiriguneetatik, eta kaos hutsa izan zen. Jendeak ez zekien ez non ezta nola kokatu autokarabana». Izan ere, Arantzazukoa aparkaleku arrunta da, ez kanpatzekoa. Beraz, ezin daitezke ibilgailutik mahaiak, toldoak, sukaldetxoak... atera.

Bertiz, lehenengoa

Andoaingo Itsas Mendi Karabanak saltokiko arduradunek sektorean hazkunde hori dagoela berretsi dute. Beraien esanetan, aurten handitu egin da herritarrek mota honetako ibilgailuekiko duten interesa.

Hala ere, autokarabanak ez direla mundu guztiarentzat egokiak azpimarratu dute. Autokarabanak era guztietako erosotasunez hornituta dauden arren, eta etxean bezala sentiarazten zaituzten arren, muga batzuk dituzte, hala nola, dutxa eta sukalderako ur garbiaren kopurua 100 litrokoa dela.

Horregatik, ibilgailu horiek kanpinean ibiltzea zer den badakitenei erostea gomendatzen diete. «Guk jada kanpinetan sarritan ibili diren pertsonei gomendatzen diegu autokarabana. Kasuak egon dira non bezeroak ibilgailua erosi ondoren konturatu diren kanpina ez dutela uste zuten bezainbeste gogoko, eta, azkenean, bi edo hiru urtera ibilgailua saltzen amaitu dute».

Oñatin, gaur-gaurkoz, herriko autokarabana aparkalekuak 18 plaza ditu eta Arantzazukoak 26. Hala ere, udara begira, Aste Santuko egoera errepikatzeko arriskua egongo balitz, Udala autokarabanentzako gune berriak atontzeko prest egongo litzateke. Dena den, Oñatiko Udaleko teknikariak ez du horrelakorik errepikatzea espero, itxiera perimetrala bukatu delako eta beste autonomia erkidego batzuetan osasun neurri malguagoak daudelako: «Oraindik oso hankamotz gabiltza zerbitzuetan: ostalaritzako ordutegiak, bisita murriztuak... Mugatuta gaude eta ez gara duela bi urteko zenbakietara iritsiko inondik inora ere».

Udalak eta turismo bulegoak kalkulatzen dute 2019an 50.000-60.000 bisitari pasatu zirela Oñatiko turismo bulegotik informazio eske.

 

Azoketako bisitari kopuruaren igoera, sektorearen indarraren erakusgarri

Azken hilabeteotan antolatu diren autokarabanen azoketara joandako bisitarien kopurua sektorearen hazkundearen beste erakusgarri bat da. Duela hilabete, ibilgailuon salerosketa eta kustomizaziorako bi azoka antolatu ziren Ficoban eta BECen, Caravantur eta Caravaning hurrenez hurren. Caravantourrera joandako bisitariak, 2020an baino %16 gehiago izan ziren. Gauzatutako merkataritza operazioak (salmentak, alokairuak, kustomizazioak..), berriz, laurogei.

Astebete geroago egin zen BECeko Caravaning azokak ere antzeko balantzea utzi zuen. 8.713 bisitari hurbildu ziren hiru eguneko iraupena izan zuen azokara. Arrakasta handiena izan zuten ibilgailuak camperrak izan ziren. Camper furgonetak autokarabanak baino txikiagoak eta zertxobait merkeagoak izan ohi dira. Ekipazio aldetik, autokarabanek baino luxu gutxiago dituzte. Horregatik, mota honetako ibilgailu bat lehenengoz erostea pentsatzen ari direnetako askok, camperraren aldeko hautua egiten dute.

Azpimarratzekoa da, momentuz behintzat, autokarabanak zein camperrak eskuratzeko itxaron zerrenda dagoela. Ibilgailua orain erosiz gero, litekeena da jabeek azaro edo abendura arte itxaron behar izatea autokarabana etxean izateko. Izan ere, Itsas Mendi Karabanak saltokiko arduradunen esanetan, sektore honetan ere automobilgintzan duten arazo berbera dute, hau da, osagai elektronikoak falta direla, eta horrek, eskariaren hazkundearekin batera, eragin zuzena du ibilgailuak entregatzeko atzerapenetan.

Bestalde, 2021ean indarrean jarritako matrikulazio zergaren gorakadak, ibilgailuen prezioak %5 garestitu ditu gutxienez. Izan ere, matrikulazio tasa ibilgailuak igortzen dituen CO2 emisioen araberakoa da eta aurten, emisioak modu errealagoan neurtzen duen WLTP sistema jarri da abian. Hala, ibilgailu gehienek orain ofizialki gehiago kutsatzen dutenez, tasa %4,75etik %9,75era igo da. Autokarabanen kasuan, batez besteko prezioak 50.000 euro ingurukoak direnez, matrikulazio tasaren igoera asko nabaritzen da salneurrian.