INFO

Geo Barents berrogeialdian sartuta, Mediterraneo erdia GKE-en itsasontzirik gabe gelditu da

Gaurtik ez dago Gobernuz Kanpoko Erakundeen itsasontzirik Mediterraneo erdian migratzaileak erreskatatzeko. 410 pertsona salbatu berri dituen MSFren Geo Barents ontzia zen gelditzen zen azkena, baina Italiak bi asteko konfinamendura behartu du. Aita Mari Castellora joan zen konponketa lanak egitera.

Geo Barents MSFren itsasontziak 410 migratzaile eraman ditu portu segurura ostiral honetan. (Avra Fialas/MSF)

Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) Geo Barents ontziko tripulazioa bi asteko konfinamendua egitera behartu du Italiako Gobernuak eta, ondorioz, GKE-en itsasontzirik gabe gelditu da Mediterraneo erdialdea. Aita Mari ere han ibili zen azken misioan, eta Castello aldera erretiratu da orain, konponketa lanak egitera. 50 lagun erreskatatu zituen atunontzi euskaldunak joan den maiatzaren 27an.

Geo Barents-ek, aldiz, 410 migratzaile eraman ditu portu segurura ostiral honetan, zazpi egunez itsasontzian lehorreratzeko zain egon ondoren. Zazpi misio ezberdinetan salbatutako pertsonak dira. Tartean hamar emakume daude, horietako bat haurdun, eta 91 adin txikiko. 21 herritatik datoz, Siria, Bangladesh, Etiopia, Eritrea eta Sudandik, besteak beste.

Augusta hegoaldeko Siziliako portuan lehorreratu dira eta Gurutze Gorriak koronabirusaren froga egin die. Orain, Geo Barents hamalau egunez egonen da ainguratuta, berrogeialdia betetzeko.

Bera zen Mediterraneo erdialdean Libia edo Tunez bezalako Afrikako kostaldeko herrietatik Europa aldera abiatutako migratzaileak erreskatatzen ari zen ontzi bakarra.

Beste bost ontzi blokeaturik

Ustezko irregulartasun batzuk direla medio, Gobernu italiarrak blokeatuak ditu pertsonak salbatzen aritzen diren beste bost itsasontzi: Sea Eye 4, Alan Kurdi, Sea Watch 3 eta 4 eta Open Arms. Azken hau, izen bereko antolakundearen ontzia, Pozzallo hegoaldeko Siziliako portuan dago duela bederatzi astetatik.

Astelehen honetan, Sira Rego Unidas Podemoseko eurodiputatua Pozzallora joan zen Open Armsen egoera bertatik bertara ikustera. Ontzitik bertatik, Europako Batasunari eskatu zion itsasoan migratzaileak erreskatatzen dituztenak «kriminalizatzeari» uzteko.