Zortzi gazte auziperatuta, Ertzaintza oldartu zen Ernairen ekimenetan parte hartzeagatik
Ernaik ostiral honetan jakitera eman duenez, zortzi gazte izan dira auziperatuak maiatzaren 7ko mobilizazioetan parte hartzeagatik. «Gazteon orainaren alde borrokatzeagatik», salatu du gazte erakundeak. Ertzaintza gogor oldartu zen gazteen aurka egun hartan.
Ernaik gogoratu duenez, maiatzaren 7an «lehen lerrora egun genuen jauzi gure orainaz lehenengo pertsonan aritzeko. Ehunka gazte izan ginen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatu ginenak, Euskal Herrian ezinbestekoa zaigun burujabetza eta eraldaketa soziala aldarrikatuz». Orain zazpi gazte auziperatu dituzte, ostiral honetan antolakundeak jakitera eman duenez, Ertzaintzak haien aurka kolpeka egin ondoren, gainera.
Hori dela eta, «jazarpen» horren aurkako mobilizazioak deitu dituzte, asteazken eta ostegunerako. Hauetxek dira hitzordu zehatzak:
- Ekainaren 23an 18:30ean Gasteizen, Gora Judimendi plazan
- Ekainaren 23an, 18:30ean Portugaleten, Metroan
- Ekainaren 23an, 19:00etan Durangon, Andra Mari plazan
- Ekainaren 24an, 12:00etan Bilbon, Epaitegi aurrean, Buenos Aires kalean
Ernairen ustez, «solik mugitzen denak sentitzen dituenez kateak, maiatzaren 7an lehen eskutik jaso genuen PNVk herri honetako gazte konprometituontzat daukan eskaintza, 8 atxilotu eta 42 zauritu».
Gazteentzat ez zen «kasualitatea izan. Patronalak markatutako bideorriari jarraika gobernatzen duen alderdi batentzat, ez baita atsegina haren kudeaketa negargarriaren ondorioak azaleraztea eta are gutxiago prekarietateari aurre egiten dion belaunaldi baten amorrua sentiaraztea».
Gazte antolakundeak aipatu duenez, «aurrekoa gutxi balitz, maiatzaren 7an gazte prekarietatearen kontra mobilizatzeagatik zortzi gazte izan dira auziperatuak eta datorren ekainaren 23 eta 24an Bilboko epaitegietan deklaratzera deituak izan dira».
Ernairen esanetan, «larrialdi egoeran gaude» eta horregatik dei egiten dio «euskal jendarteari eta gazteriari bereziki» datozen egunetan Euskal Herriko toki desberdinetan antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzera.
«Belaunaldi gisa miseriara kondenatu nahi gaituzte –salatu du–. Hego Euskal Herriko 3 gaztetik 1 langabezian gaude, emantzipazioa merkatu kapitalistaren interesen mesedetara dagoen bitartean psikologikoki ondoratzen ari den belaunaldia bilakatzen ari gara».
Hortaz, Ernairen ustez «larrialdi egoeran gaudela aldarrikatzea baino ez zaigu geratzen gazteoi. Izan ere, gazte prekarietatea gazteon auzia izan beharrean gizartearen lehen mailako arazoa izan beharko litzatekeelako. Gaur atzo egin bezala, gure miseriaren arduradun politikoei gazteon bizitzen aldeko neurriak hartzea exijitzen diegu».