Herriari euskaraz bizitzeko aukera eman nahi izan dio Araba Euskarazek, trabak gaindituz
Izurritea dela-eta, formatua egokitu dute. Gaur ez da ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik, ezta gune askorik ere. Ekitaldietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik webgunean izena ematea ere. Baina, bideak zabalduz, Araba Euskaraz ospatzea lortu dute Laudio Ikastolakoek eta «harro» daude.
Laudio Ikastolako zuzendariak, Jon Bengoetxeak, Aiaraldea.eus-i adierazi dionez, «harro» sentitzen dira kontuan izanda `Zabal bideak´ lelodun Araba Euskaraz hau pandemia garaian antolatu dutela eta abenduan lanari ekin ziotenean ez zegoela halako jai handirik. «Erronka zen halako zerbaitez hitz egiten hastea ere».
«Formatu honek berez ez du horrenbeste lan suposatzen, baina galdera gehiegi izan ditugu: eguraldiaren inguruko kezkak, janlekua ondo aterako ote den jendea oraindik ez zela apuntatu ikusita…», gaineratu du.
Aurrera egitea erabaki dute, honako helburuarekin: «Herriari aukera bat ematea euskaraz bizitzeko, eta ikastolak bizirik gaudela esateko». Gaurko antolatutako antzerki, dantza emanaldi, kontzertu, tailerrak eta jolasak «pentsaezinak» ziren eta «horrekin jada asetuta» daude.
Urte osoko ibilbidea
Pandemiaz gain, kontuan izan behar da jaien eredua eraldatzen dabiltzala Ikastolen Elkartean. Bilakaera horretan, azken egunak ez du pisu guztia hartzen eta urte osoan antolatzen dira ekitaldiak. Laudion ere hala egin dute. Martxoan, adibidez, `10.000 Km baietz erronka´ ekimenean 2.000 pertsonak parte hartu zuten eta antolakuntzan jende mordoa aritu zen. «Egoera zailenetan ere beti dago ikastola eta euskararen izenean lan egiteko prest dagoen jendea, eta eskertzekoa da hori», erran zion Bengoetxeak NAIZi elkarrizketan.
Gaurko egunera heldu eta herritarrei gozatzeko aukera ematea zen bigarren erronka eta pozik daude aurrera egiteko gai izan direlako, oztopo guztien gainetik, «pandemiak minimo batzuk jartzen baititu eta gutxieneko horiek ez dira ohikoak».
Heldu den urtean, teorian, Argantzon ikastolari egokituko zaio Araba Euskaraz antolatzea, baina Arabako ikastolek guztiok batera prestatzea erabaki dute.
50 urte bete ditu
Laudio Ikastolak 50 urte bete ditu, eta hasiera ekitaldian, mende erdiko belaunaldiak omendu ondotik, `Zabalbideak´ kanta eta dantzarekin eman diote hasiera aurtengo Araba Euskarazi.
Ikasle, irakasle, langile, familia eta herritarrez gain, bertan izan dira erakundeetako ordezkariak ere. Adibidez, Lakuako Hezkuntza sailburua, Jokin Bildarratz. Honek Laudioko hitzordua aprobetxatu du berriz ere hezkuntza komunitateari eskerrak emateko, covidak markatutako kurtso honetan presentzialtasuna posible egiteagatik. Heldu den ikasturtea «ezberdina» izatea eta «pedagogiaz gehiago eta pandemiaz gutxiago» mintzatzea espero du.
Laudio Ikastolaren 50 urteak adibide gisara hartuta, hezkuntza etorkizuneko herri proiektu bezala hazi den zuhaitz batekin konparatu du. «Duela hamarkada batzuk aldaxka bat zena, enbor sendoko herri proiektua da gaur», nabarmendu du.
Bildarratzen arabera, euskara, teknologia, elkarbizitza, ezagutza, aniztasuna eta parekidetasuna dira herri proiektu horren zutoinak.
Familiei eskertza
Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalezek, berriz, euskara bultzatzeko Arabako familia eta ikastolek egindako lana txalotu du. «Familiak izan dira ikastolen habe, zutabe eta hezurdura. Orain dela urte batzuk gure hezkuntza sistema propioa sustatzen eta eraikitzen hasi ziren», baloratu du.
Erantsi duenez, hamarkada batzuen ondotik, hizkuntza normalizazioaren prozesuan parte hartuz aukera berriak irekitzen ari dira, hezkuntzatik harago, beste esparru sozial batzuetan ere bai.
Ramiro Gonzalezek argi du «etxea eta ikastetxea direla, hurrenkera honetan, hizkuntza bat barneratzeko biderik eraginkorrenak». Denborarekin, jendartearen behar bati erantzun zaiola azaldu du: euskararen etorkizuna errealitate eta erronka berriei irekitzea, salbuespenik gabe, ilusioz».