INFO

Iñaki Martinek Gipuzkoa Basket laga beharko du entrenatzaile izaten jarraitzeko

Ekainaren hasieran Marcelo Nicolaren lekua hartuko zuela iruditu arren, azkenean Donostiako klubak kirol zuzendari izatea eskaini zion. Eskaintza honi ezetz esan ondoren, klubetik at geratu da entrenatzaile donostiarra. Gauzak ondo, Estudiantesekin sinatuko du.

Iñaki Martin entrenatzaile donostiarra, joan den urtarrilean, Teneriferen aurkako partidan Gipuzkoa Basket zuzentzen. (Jon URBE / FOKU)

«Oraindik ez dut ezer sinatu inorekin, baina ofizialki atzo gauean –astelehena ekainaren 21a– Aitorrekin [Uriondo, Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendaria] izandako elkarrizketa batean esan zidaten ez nuela taldean jarraituko». Iñaki Martin entrenatzaile donostiarrak "Ser" irrati katean eginiko adierazpenak dira.

Gipuzkoa Basket etxe berria oinarri sendoekin eraikitzeko asmotan dabil, ACB Ligatil Urrezko LEB Ligara jaitsi berri den honetan eta tartean, Marcelo Nicolaren lekua beteko duen entrenatzailearen bila ari dira ere.

«Posible balitz, gipuzkoarra, taldearen egoerara moldatzeko kapaza eta urtebete baino gehiago geratzea nahiko lukeena», berretsi zuen Aitor Uriondo kirol zuzendariak entrenatzaile berriaren soslaia egiteko orduan. Eta egiari zor, Iñaki Martin hautagaien artean ere ba omen zegoen.

«Uneotan –astelehen eguerdian– Iñaki Martin klub barruan dago eta kluba gustora dago berarekin, lan ona egin baitu», esan zuen Aitor Uriondok. «Lanean daramatzadan egun gutxi hauetan informazioa pilatu dut, baina inolako aterik itxi gabe osterantzean egon daitezkeen aukeren aurrean. Alegia, Iñaki Martin gure hurrengo entrenatzailea izan liteke, baina baita beste norbait ere», jarraitu du.

Iñaki Martin, 43 urteko entrenatzaile donostiarra, Valladoliden dabil egunotan. "Encestando.net" webgune berezituak aditzera eman duenez, Estudiantesekin sinatuko du ezeren okerrik ezean, baina Martin berak esandakoaren arabera «orandik behintzat» ez du deus sinatu.

Entrenatzaile gipuzkoarraren hitzetan, «ekainaren 3an klubak GBCren hurrengo entrenatzailea ni izatea nahi zuela esan zidan. Aukera horrek ilusio handia piztu zidan, nahiz eta mila arazo izango genituela jakin».

«Baina ekainaren 7an entrenatzaile izan beharrean, kirol zuzendari izateko aukera luzatzen didate. Ordutik aurrera, hainbat bilera eta elkarrizketa izaten ditut, baina nik aurgi daukat entrenatzaile izan nahi dudala. Nire ezezkoaren ondoren, kirol zuzendari berri bat sartzen da –Aitor Uriondo, hain zuzen–, eta berak beste ikuspuntu bat dakar berarekin. Aitorrek nirekin oso zuzen eta zintzo jokatu duela onartu eta eskertzen dut, baina behin kirol zuzendari postuari uko egiten diodanetik, ekainaren 3ko "feeling" hori galtzen doa eta gero eta garbiago ikusten dut klubak ez nauela nahi entrenatzaile izateko. Atzo esan zidaten, baina joan den astetik garbi neukan zer gertatuko zen», biribildu du Iñaki Martinek.

Handik aurrera, «mahai gainean jarrita daukadana martxan jarri dut, entrenatzaile postuan lana aurkitzeko. Zerbait badabil, baina oraindik ez dugu ezer ere itxi. Kontua da etxean ezer ere egin gabe ezin nintzela geratu», berretsi du.

Gipuzkoa Basketen aurpegirik alaiena

Pasa den denboraldian Marcelo Nicolaren laguntzaile izan da Iñaki Martin, eta urtarrilean argentinarraren lekua bete behar izan zuen, azken honek positibo eman baitzuen covid-19an.

Nicola bakartuta zela, eta Jaime Echenique izarra min hartuta gainera, Gipuzkoa Basketek Teneriferi irabazi zion, azken segundoan Mike Carlsonek sarturiko hiruko bati esker, eta hurrengo astean Badalonan Joventuti irabazteko gai ere izan zen.

Iñaki Martinen aginduetara jokatu ditu 2020/21 denboraldi honetan Gipuzkoa Basketek bere partidarik egokienak eta alaienak, baina ez zen nahikoa izan GBC-ren maila salbatzeko, ezta ere Iñaki Martinek Donostian jarraitzeko ere. Gauzak ondo, Estudiantesekin sinatuko du.