BBK-k areto propioa eta terraza izango ditu Fosterren proiektuan
Bi erakusketa handi eta areto propio bat, 700 metroko terraza batek inguratuta, urtero milioi bat euroko ekarpenaren truke. Laburbilduta, hauxe BBK-k eta Arte Ederretako Museoak hamabost urtetarako sinatu duten akordioa. Norman Fosterren asmoak nondik nora doazen jakiteko balio izan du.
Zenbait arazori aurre egin ondoren –pandemiaren eragindako atzerapenak, batez ere– eta bere inguruan sortu den polemikaren harrabotsak hor dirauen bitartean –Madrilgo San Fernandoko Arte Akademiak maiatzean sekulako belarrondokoa eman zion proiektuari–, Bilboko Arte Ederretako Museoaren eraikina eraberritzeko eta handitzeko proiektuak lehen pausuak ematen hasi da.
Lanak ez dira gutxienez udazkenera arte hasiko, baina Norman Fosterren eta Luis Maria Uriartek prestatutako ‘Agravitas’ izeneko proiektuaren lehen zirriborroak gorpuzten hasi dira.
Lanketa prozesu horretan koka daiteke asteazken arratsalde honetan egin den ekitaldi instituzionala. BBK-ren eta museoaren arteko lankidetza-hitzarmena modu ofizialean sinatu baita eta, bide batez, Norman Foster arkitektoak bere taldeak hastapeneko proiektuari egin dizkion zenbait aldaketa esanguratsu aurreratu ditu.
Terraza bat
Esaterako, eta hau da berritasun nagusiena, Fosterrek terraza bat atera dio eraikiko den gune nagusiari. Fosterren ‘Agravitas’ proiektua, funtsean, gaur egungo museoari gehituko zaion ‘txapela’ antzeko bat bezala defini daiteke. Egitura berri horrekin metro karratu gehiago gehituko zaizkio museoari, zehazki 1.500 metrotako erakusketa-areto bat eta 700 metro koadroko terraza bat.
Terrazaren ideia berria da, beraz, eta eskultura-erakusketak egiteko balio izango du eta, era berean, bisitariak bertatik paisaiaz goza dezaten. «Hastapeneko proiektuan ez zegoen terrazarik, baina arkitektura ingurukoekin eta bezeroekin sortzen den elkar lanetik eta dialogotik sortzen da –argitu du Fosterrek–. Eta urrutitik begiratzen bazaio, egiturak proportzionaltasun bat du horrela, findu egiten da. Gainera, zuk etxe bat erosten duzunean, nahiago duzu beti terraza bat izatea, ezta?».
Erakusketa-aretoa ederra izango da, malgutasun handikoa –areto desberdinetan bana daiteke– eta argitsua oso. Solairu artean dauden hezkuntza– eta zabalkunde-jardueretarako gelekin idi-begi baten bidez lotuko da. Idi-begi hori baita proiektu honen beste ezaugarrietako bat, argiarekin batera; idi-begiak museoaren ‘bihotzarekin’ konektatuko baita era berean.
Publikoa-pribatua
Museoaren sarrera aldatu egingo da, parkera emango baitu, eta Juan Crisostomo Arriagaren ‘txokoa’ ere bai –iturria desagertzen da–. Eskultura hau eta Chillidarena museoaren barnera pasako dira.
Erakusketa-aretoari BBK Museoa izena ezarri diote. Xabier Sagredok, BBK-ko lehendakariak, eta Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak –museoaren patronatuko erakunde partaideen ordezkari legez–, gaur sinatu duten akordioak, 25 urteko lankidetzaren ondoren, hurrengo hamabost urtetarako jardun bateratuaren ildo estrategikoak finkatu ditu.
Funtsean, publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren adierazle dela esan daiteke gaurko akordioa. Museoak horrela bere finantzaketa bermatu nahi du hiru iturriekin: BBK-k urtero egindako milioi bat euroko ekarpenarekin, programaren garapenak sortutako diru-sarrerekin eta beste laguntzaile nahiz babesle batzuen balizko ekarpenekin.
BBK-k berak 2019an museoa handitzeko egin zen nazioarteko arkitektura lehiaketa babestu zuen, alegia, Norman Fosterren eta Luis Maria Uriarteren proiektuak irabazi zuena.