INFO
Elkarrizketa
Ane Pescador
Donostiarra traineruko arraunlaria

«Arraun egitean naiz benetan naizena, eta berriz sentitu dut hori tostetan»

Musukoa kenduta eta erizain jantzirik gabe, Ane Pescador beste norbait da. Denbora luzean tostetatik aparte ibili ondoren, uretara eta Euskotren Ligara itzuli da Errenteriakoa. «Gorenera iristea» litzateke hurrengo ametsa orain, baina tostetara itzuli ahal izatea bera ere ez da gutxi izan.

Ane Pescador arraunlari «berria», erizain uniformerik gabe baina Donostiarraren uniformearekin, entrenamendua baino lehentxoago. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ane Pescador urte eta erdiz egon da arraunketara itzuli gabe. «Batelerak» taldeko kide izana, hura desegitean tostak alde batera laga zituen, baina bere gorputza traineruetatik at bazegoen ere, ez bere burua. Donostiarra da bere traineru klub berria, San Juanen dena irabazi zuen «familia» hartako hainbat kide bertan zain dituela.

«Gutxienez urtebete egin eta arraunari dena emanda» erretiratzeko gogo horrekin itzuli da tostetara, eta trainerilletako Euskadiko Txapelketa eraman du iristeaz batera. Traineru denboraldia, seguru asko, bestelakoa izango da, baina bere iritziari jaramon eginez gero, agian ez da azken urteotako Orioren nagusitasunik ikusiko.

«Errenazimentuko emakume» bihurtu zara. Arraunlari, erizain eta tarteka, zutabegile.

Urte nahiko gogorra izan da gero… Azkenean jende askorekin ibiltzen naiz, nahi ez dela ere. Beti kontu handiz ibiltzen, neurriak oso ongi hartzen eta beldurrez lankideak edo arraunkideak kutsatzeko… Lehenengoetakoa izan nintzen txertatzen eta, egia esan, askoz lasaiago nabil ordutik. Gainera, badakit zintzo ibili naizela eta ibili naizen jendea ere zintzo portatu dela.

Orain, txertatu gaituztenetik, arnasaldi bat izan da behintzat. Aldi berean, oraindik ere nik uste ezin garela erlaxatu. Horrek bai ematen didala beldurra!

Esan izan duzu arraunera itzuli eta behin betiko uztean «dena eman izanaren sentsazioaz» amaitu nahi zenuela. Bide horretan al zoaz?

Bai, eta kristoren gustua da! Arrazoi desberdinengatik San Juanen ez genuen ongi amaitu, baina arraunkideekin oso-oso ongi amaitu nuen. Aukera berri hau suertatu zait orduko –egun Donostiarran dauden– arraunkide askorekin izan nintzelako. Bestalde, betidanik aurkari izan ditudan arraunlari batzuk ere badaude eta aurten behingoz beraiekin arraun egiteko zortea izan dut.

Noiz hartu zenituen berriro arraunak?

Azaroan uste dut hasi ginela, baina egoera fisiko egokian jartzeko lehentxoago hasi nintzen (irribarrez).

Etxean ergometroa ere bazenuen. Hautsak astindu eta kea ere aterako zenion ba!

Bai, dexente! Gainera, lanarekin-eta –Ospitale Onkologikoan erizaina da Ane Pescador– askotan ezin izan dut klubera entrenatzera etorri. Askotan tokatu zait bakarrik entrenatzea eta, bai, etxeko ergometroa asko erabili behar izan dut.

Zer moduzko kirol mailan aurkitu duzu zeure burua?

Boladak eduki ditut denboraldian zehar. Denboraldi hasieran harrituta geratu nintzen uste baino hobeto nengoelako, baina otsail aldera-edo txakalaldi bat izan nuen eta ordaindu nuen esfortzua. Baina tira, nik uste berriro martxa hartu dudala eta gustura nago behintzat.

Traineru «titularrean» ikusten duzu zure burua?

Ez gaude jende askorik ere. Beraz, nik uste denoi tokatuko zaigula arraunean asko egitea. Egia da urte eta erdi denbora luzea dela lehiatu gabe ibiltzeko, eta saiatu naiz, udari begira batez ere; esfortzuak egin ditut ahalik eta libreen ibiltzeko estropadei begira, lan kontuengatik hainbeste ito gabe. Nire helburua ahalik eta estropada gehien jokatzea izango da. Helburua hori dut eta horretarako borrokatuko dut, hori seguru.

Orain, gutxienez, taldekideekin normal entrenatzeko moduan zaude?

Txandaka nabil lanean. (Hasperena) Badakizu, erizain bizitza! Beste taldekide batzuek ere badituzte beren kontuak lana edo ikasketak direla medio, baina nik uste badaudela lanbide bereziki «puñeteroak» kontu hauetarako eta erizaintza horietakoa da.

Pandemiari lotuta, iaz arraun liga ezberdinak jokatu ahal izan ziren, nahiz eta txertorik ez egon, eta arraun denboraldia nahiko ongi salbatu zen. Eskarmentu horrekin lasaiago ekin dakioke denboraldi honi.

Nik uste jendea zentzu handiz ari dela jokatzen. Badakigu zenbat kostatzen den hemen egotea, osasun egoera mundu mailan nola dagoen aintzat hartuta. Kirola egin ahal izateagatik pribilegiatuak gara eta, ondorioz, inork baino gehiago zaindu behar ditugu gauza hauek guztiak; eredu izan behar dugu.

Nolakoa da orain Ane Pescadorren eguneroko errutina, arraunera itzuli ondoren?

Ba lana, arrauna eta libre daukadan tarteetan, zutabea idatzi (barre algara)! Egia esan, entrenatzera hona etorrita burua askoz ere lasaiago daukat; arraunak burua asko askatzen du. Egia da batzuetan denboraz-eta itota ibili naizela, bizitzak ez didalako behar adina ematen, baina hemen jendartean egon ahal izateak asko laguntzen du.

Eta kanpo faktorerik gabe, azkenean uretan lana egin, eta lan horretatik ateratzen denarekin gozatu nahi dut. Une horretan nago eta egia san, lasaitu bat suposatzen du, pisu bat gainetik kentzea bezalakoa

Iaz 7Krako elkarrizketan jendearekin harreman fisiko horren garrantzia eta harreman falta horrek eragindako kaltea azpimarratzen zenituen. Aurkitu dituzu harreman horiek tostetara itzulita?

Zalantzarik gabe. Taldekideak asko ari zaizkit ematen. Oso tratu normala ari naiz jasotzen. San Juanen taldekide izan nituenek «aspaldiko!» esanda agurtu naute; tira, nire lagun minetako batzuk hemen daude. Eta kanpo faktorerik gabe, azkenean uretan lana egin, eta lan horretatik ateratzen denarekin gozatu. Une horretan nago eta, egia esan, lasaitu bat da, pisu bat gainetik kentzea bezalakoa.

Zure itzulera honek «iraungitze data» garbirik badu ala jarraitzeko asmotan zabiltza?

Ikusiko da. (Serio) Lanarekin-eta, uste baino gehiago ari zait kostatzen. Estropadetan izateko-eta, lankideei pila bat zor diet; bost mila aldaketa egiten dizkidate eta aldaketa horiek ordaindu egin behar dira; gaueko txanda asko lotzen; estropadetatik zuzenean lanera joanda; gaueko txanda egin eta entrenatzera zuzenean… Jipoi handia da eta orduan ikusiko da. Arraun mundu honek tiratzen dit, asko erakartzen nau, baina ikusiko da.

Trainerilletan behintzat Euskadiko txapeldun geratu zineten eta tostetan tartean zu zeu ere bazinen. Espero zenuten?

Ez dakit. Ligan zehar estropada onak atera ziren. Gero txapelketei begira, oso ongi joan zen dena. Aurkariak ere espero bezala gogor zeuden eta borrokatu behar izan genuen eta gustura geratu ginen. (Irribarrea)

Gustora irabazi gabe ere geratu liteke…

Bai, baina irabaziz gero, gehiago! (Barrea)

Ontzian zindoaztenak aintzat hartuta, hura «Batelerak» zen.

Batzuk bai. Baina, adibidez, Oriok ere izugarrizko ontzia zeukan; Deustok, ere bai. Bistan da maila oso ona dagoela, baita aurkarien artean ere. Denboraldi-aurretik bertatik esaten nuen Arraun Lagunak bat –Eli Pescador ahizpa bertan ari da– entrenatzen oso-oso ongi ikusten nuela… Zorionez, lau traineruak elkarrengandik gero eta hurbilago gaudela ikusten dut.

Baliteke zeinahi estropadatan kaleen aldetik-eta diferentziak egotea eta edozein estropadatan hanka sartzeko aukera egongo da. Horrela, lehenengo egiten duenak laugarren egiteko aukera ere izango dula uste dut

Iaz ere hala esaten zen eta Orio denen gainetik pasatu zen…

Ez dut uste aurten halakorik pasako denik! Baliteke estropadaren batean kaleen aldetik-eta diferentziak egotea eta betiere hanka sartzeko aukera egongo da. Lehenengo egiten duenak laugarren ere egin dezakeela uste dut. Edozer gerta daiteke.

Azken estropadan –Gipuzkoako Traineru Txapelketa– seigarren egin zenuten. Uste baino makalago? Aurkariak hobeto?

Ez dakit. (Hasperena) Oraindik ez dugu taldeko baloraziorik egin. Badakigu ez genuela gure estropada onena egin, baina gauza batzuekin harrituta geratu ginen. Korronterik edo zerbait bazen, baina ez da hori kontua. Sorpresa bat izan da, hori bai, baina konfiantza daukat egiten ari garen lanean eta badakit gauzak aterako direla.

Orain arte behintzat, tostetara itzuli izanaren damurik ez duzu izango.

Ez, noski. Beti esan izan dut ni arraunak askatzen nauela. Arraunean egiten dudanean modurik garbienean benetan naiz naizen hori eta berriro sentitu dut hori tostetara bueltan.

«Bateleretan» familia bat aurkitu zenuen; zure lankideak ere «familia» direla diozu. Donostiarra ere «familia» duzu?

Bai. Oso sorpresa onak hartu ditut jende askorekin eta oso pozik nago. Jende berria ezagutzea oso aberasgarria da, nik uste, eta pertsona bakoitzak badauka bere gauzatxoa, edo emateko hondar aletxo hori, eta beti ikasten da besteengandik.

Asko ari naiz disfrutatzen arraunaz, jendearekin bidea egiten eta tostan, lehertuta, gaizki pasatzen ari naizen momentuetan, gogoratzen didate: 'Benga Ane! Arraunean inor ere ez dela inoiz hil!'. Ba, aurrera orduan!

Aurkariek ere ongietorririk eman al dizute?

(Aurpegia argitzen zaio) Jo! Jende askorengandik mezu oso politak jaso ditut! «A zer poza bueltatu zarelako!» eta horrelakoak (irribarrea). Hori bai, nabaritzen dut zahartzen ari naizela. Gazteago nintzenean arraunlari guztiak kontrolatzen nituen; urteak pasata, ostras! aurpegi asko pasa egiten zaizkit! (Algara) Hala ere, arraun munduan lagun asko dauzkat eta haiekin hitz egiten dut eta abar… baina bestelako aurpegiak gogoratzeko orduan, pixka bat desastrea ere banaiz. 

Tostetara itzultzea helburu pertsonal bat betetzea izan bada, zein ote da Ane Pescadorren hurrengo helburua?

Gustatuko litzaidake berriro gorenera iristea. Behin hemen barruan borrokan sartuta gaudela... Baina egia da asko ari naizela gozatzen jendearekin bidea egiten, eta gustatzen zaidan beste gauza bat: traineru ontzi bat hazten joan dadin laguntzen ari naizela.

Tostan, lehertuta noala gogorarazten didate: 'Benga Ane! Arraunean inor ere ez dela inoiz hil!'. Ba, aurrera orduan!