INFO

Victor Rodriguez, Valladolidetik datorren Bidasoa-Irungo hirugarren fitxaketa

C.D. Bidasoa eta Victor Rodriguez Costas (Vigo, 1993/03/15) aurre-akordio batera iritsi dira ezker hegalekoak datorren denboraldian Irungo taldean joka dezan. Beste bi fitxaketak bezala, Recoletas Atletico Valladolid taldetik dator.

Victor Rodriguez Valladolidetik dator Bidasoa-Irunera. (CD BIDASOA)

Asobal Liga amaitu eta aste batzuk igaro direnean, Bidasoa-Irun datorren denboraldi lehiakorra prestatzen hasi da dagoeneko bulegoetan. Ostiral honetan jakitera eman duenez, Recoletas Atletico Valladolid taldetik datorren Victor Rodriguez Costas (Vigo, 1993/03/15) fitxatu du talde irundarrak.

Espainiako selekzio absolutuarekin eta juniorrekin ibilia (20 neurketa, 22 gol), jokalariak 193 zentimetro neurtu eta 98 kilo pisatzen ditu. Asobal Ligan 167 neurketa jokatu ditu 6 denboralditan, eta 376 gol sartu. Horrez gain, hondartzako eskubaloian ere aritu da, eta Europako txapeldun izan zen Zagreben (Kroazia) 2017an.

Irungo taldeak dioenez, eskubaloian jokatzen hasi zen Vigoko Coia auzoko Balonman Sei do Nadal klubean eta 2013an Teucrok fitxatu zuen, non hiru urtez egon zen Recoletas Atletico Valladolidera 2016-2017 denboraldian iritsi aurretik.

Ezker hegaleko jokalari honen fitxaketa Bidasoa-Irunek datorren denboraldirako egiten duen hirugarrena da. Izan ere, azken egunetan Ander Ugarte eta Adrian Fernandezen etorrera iragarri ditu, eta biak Recoletas Atletico Valladolid taldetik datoz, Victor Rodriguez bezala. Beraz, baliteke talde aldaketa hainbeste ez nabaritzea, eta hori beti ona izango da jokalari zein Liga, Europa eta Kopa jokatu beharko dituen taldearentzat.