INFO

Urigoitiaren eta Garateren muralak kentzera behartzen duen epaia gaitzetsi dute Otxandion

Asteazkenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Otxandioko Udalari agindu zion Luzia Urigoitiaren heriotzaren inguruabarrak argitzea eskatzen duen murala eta Ruben Garateren omenezko lona ezabatzeko. Larunbat honetan hainbat herritar elkartu dira epaiari kontra egiteko.

Ruben Garateren omenezko olanaren parean herritarrek emandako prentsaurrekoa. (Endika PORTILLO/FOKU)

Otxandioko hainbat herritarrek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 372/2020 epaia gaitzetsi dute larunbat honetan. Asteazkenean argitara eman zen epai horrek berretsi egin zuen Bilboko Administrazio Auzietarako Auzitegiak Otxandioko Udalaren aurka emandako ebazpen bat, eta hala, Udalari agindu zion Luzia Urigoitiaren heriotzaren inguruabarrak argitzea eskatzen duen murala eta Ruben Garateren omenezko lona ezabatzeko.

Muralen parean emandako prentsaurrekoan, herritarrek salatu dute aipatu epaiaren bidez Estatu espainiarrak «ukatu» egiten duela «dispertsioak helburu politikoak izan dituela», eta hori, diotenez, «30 urteko esperientziaren ondoren, ez da sinesgarria euskal gizartearen gehiengo zabal baten begietara. «Egiaren, egiaren alde baten edo alde baten egiaren ukapenaren aurrean gaude», agertu dute.

Modu berean, Estatuak gatazka politikoan duen erantzukizuna ere ukatzen duela salatu dute, eta ondorioz espetxe-politikaren biktimekin «bidegabeki» jokatzen duela, Ruben Garateren senide eta gertukoekin egin bezala.

«Hori nahikoa ez eta, Ruben Garateren heriotza eragin zuen espetxe-politika salatze hutsagatik, Estatuak dispertsioaren biktima garenoi beste biktima batzuk iraintzea leporatzen digu», adierazi du herritar taldeak.

Bestalde, Luzia Urigoitiaren kasuan, EAEko Justizia Auzitegiaren Epaiak Otxandioko Udalari leporatu dio Urigoitiaren inguruko prozedura judizialaren gaineko zalantzak agertu eta susmoak sortzea. «Bada, bai, Luziaren heriotzaren inguruko gertaerek nahikoa zantzu agertzen dute gertatu zenaren argipena exijitu eta erantzukizunak eskatzeko», argitu dute.

Egia osoa argitzea eta alde erantzukizun politikoak onartzea galdegin dute herritarrek: «Luzia Urigoitiaren auzian terrorismoaren apologia egitea leporatzen digu. Seinalatu eta inkulpatu egiten gaitu nork eta bere erantzukizun politikoak onartzeko prest ez dagoenak».