INFO
Elkarrizketa
Iñaki Goikoetxea «Xagua»
Isuntzako patroia

«Gustura nabilen bitartean eta taldeak nahi badu ez dut arrauna uzteko asmorik»

Iñaki Goikoetxea (Lekeitio, 1979) arraun munduko beterano handietakoa da. 42 urte ditu eta bizitza osoa darama Isuntzako ontziak gidatzen. TKE Ligaren lehen estropadak bizi izan zituen 2003an, esaterako, eta berriz gorengo mailaz gozatzen ari da, Isuntza «lagun talde bat» delako.

Iñaki Goikoetxea "Xagua", Isuntzaren instalazioetan (Monika DEL VALLE / FOKU)

Irakaslea ogibidez, ikasturteari amaiera emateko azken lanetan –«ikaslerik gabe jada beste martxa batean»– harrapatu dugu Xagua, Isuntzako patroi ezaguna. 2018an igoera lortu ostean, lekeitiarrek hirugarren urtea izango dute Eusko Label Ligara itzuli zirenetik eta, hankak lurrean, argi dute mailari eustea izango dela aurten ere helburua.

Zer moduz joan da neguko prestaketa?

Iazkoarekin alderatuta oso desberdin. Iaz uste dut ekainaren hasieran edo ahal izan genuela lehen aldiz uretara entrenatzera irten, itxialdia eta gero. Sekulako estresa izan zen, hiru astean moldatu behar izan genuen etxean egindako lan horretatik uretan blokea egiteko entrenamenduetara. Eta aurten berriz oso desberdina izan da. Ez nuke esango normalitatera itzuli garenik erabat, gure mugak izan ditugulako entrenatzerako orduan. Urte hasieran, esaterako, taldekide batzuk konfinatuta izan ditugu, arraunlari batek positibo eman zuelako. Orain, azkenaldian, zorionez ez dugu horrelakorik izan; ondo entrenatzeko aukera izan dugu eta ea alde horretatik behintzat ez dugun arazo gehiagorik izaten.

Iazkoa aipatu duzu, urte benetan arraroa denontzat. Baina zuen kasuan, sekulako denboraldia egin zenuten azkenean.

Ba izan genituen arazo guztiak eta gero egia da oso pozik amaitu genuela. Era berean, kontuan izan behar da denboraldi hasieran oso estropada estuak izan zirela, segundo gutxiren barruan puntu dezente atera genituela, eta alde horretatik gauzak ongi atera zitzaizkigun. Hasiera horri esker dinamika onean sartu ginen eta denboraldia ongi joan zen guretzat. Inolaz ere ez nuke esango lasai egon ginenik, denboraldi erdialdera Lekeition bertan estropada txar bat egin genuelako eta horrek berriz ere beheko borrokan sartu gintuelako. Baina gero berriz ere gora egin genuen eta ongi amaitu, nahiz eta azken astea konfinatuta pasa genuen. Baina bai, zortzigarren postua oso aipagarria da eta oraintxe bertan sinatuko genuke aurten ere zortzigarren amaitzea.

Alde horretatik ez duzue inoiz burua galdu. Aurten ere mailari eustea al da helburua?

Bai, zalantzarik gabe. Hamargarren postua oraintxe sinatuko genuke! Gero dena ongi joan delako posible baldin bada estropadetan gehixeago gozatzea ederto, baina helburua argia da, mailari eustea.

Eta horretarako iazko blokeari jarraipena eman diozue, oso aldaketa gutxi dituzue taldean.

Bai, hala da. Hasiera batean hiru baja izango genituela ematen zuen, baina azkenean horietatik bi arraunlarik jarraitzea erabaki dute eta bakarrak utzi du taldea [Imanol Sagarzazu]. Altaren bat ere bada [Asier Jaio], baina esan genezake taldearen %95 berdina dela. Eta hori ona da.

Denboraldi-aurreko estropadetan zer sentsaziorekin amaitu duzue? Izan ere, askotan emaitzak bakarrik ikusita zaila izaten da ondorioak ateratzea...

Hala da. Azkenean bakoitzak bere “pelikula” dauka. Talde bakoitzak daki prestaketa zer puntutan daukan, zer talde eraman duen estropada bakoitzera… Gure kasuan apur bat kostatzen zaiguna estropada osoa hasi eta buka ongi egitea izaten da. Eta alde horretatik bai nabaritu dugu aurrerapauso bat Lekeitiotik Ondarroara. Uste dut oraindik badaukagula marjina hobetzeko, baina Ondarroan jada ikusi zen aurrekoek denbora gutxiago atera zigutela; gure txandan ibiliko den Zarautz pare-parean izan genuen segundo bakarreko tartearekin… Besteek ere hobetuko dute, baina guk ere baietz uste dut, eta azken egun hauek oso garrantzitsuak izaten dira horretarako.

Osertz Aldayk jada seigarren urtea beteko du zuekin. Bere garaian atentzioa eman zuen Hondarribia utzi eta Lekeitio aldera joateak, baina argi ikusi da egindako lanaren fruitua. Pozik zaudete berarekin?

Oso pozik. Osertzen kasua berezia da. Kontua da 1994an, 1995ean eta 1996an Isuntzan egin zuela arraun, utzita. Hondarribiko bigarren traineruan hasi zuen urtea baina azken estropadak gurekin egin zituen, eta harremana hortik zetorren. Nik uste bestela kostako zela bera Hondarribitik ateratzea.

Harrobiarekin lan egiten duen zuen moduko arraun elkarte batek beti behetik datozen gazteei begira egon beharra dauka. Zer osasun ikusten diozu herriko harrobiari?

Arraun elkartea sekulako lana egiten ari da, jende pila bat ari da gazteekin lanean. Egia esan, gustua ematen du egiten den lana ikusteak. Eta kontuan izan behar da urte oso gogorra izan dela arlo horretan, pandemiaren erruz gazteenek askotan ezin izan dutelako entrenatu. Infantilek, esaterako, ezin izan dute estropadarik jokatu, nahiz eta zorionez orain promozio estropada batzuk antolatu diren lehiatu gabe ez geratzeko. Baina bai neska eta bai mutil gaztetxo pila bat dabiltza arraunean. Alde batetik arazo bat ere bada, covidaren erruz jendeak txandaka entrenatu behar duelako, baina albiste ona ere bada, jende asko daukagun seinale. Egunero batel pila bat ikusten dituzu uretan, eta nahiz eta gure helburu nagusia ez izan, emaitzak ere onak izan dira. Baina garrantzitsuena ez da hori, hori gero etorriko da. Garrantzitsuena ongi pasatzea eta ikastea da. Sekulako lana egiten ari da elkartea.

Askotan pandemiak eliteko kirolean sortu dituen arazoez jarduten gara, baina benetako arazoak beheko mailetan egon dira zoritxarrez, are gehiago arrauna bezalako kirol batean.

Bai. Ezin ganoraz entrenatu, estropada gutxiago… Orain ematen du egoera hobetzen ari dela eta ea hala den, baina gogorra izan da beraientzat.

Hori gaztetxoei dagokienez, baina zuri, inporta ez bazaizu, beterano deituko dizut. Horrenbeste urte eta gero oraindik ilusioz sumatzen zaitut...

Bai, gustura nabil. Hemen oso giro ona edukitzen dugu, lagun talde bat gara azkenean, eta oraingoz ez dut arrauna uzteko asmorik. Gustura nabilen bitartean eta taldeak nirekin kontatzen duen bitartean hementxe jarraitzeko asmoz.

Zoritxarrez ematen du aurten ere zaleei estropadetara ez gerturatzeko gomendioa egingo zaiela. Pena handiena horixe izango duzue, ezta? Zaleen babesa jaso ezin hori...

Dudarik ez. Iazkoa penagarria izan zen. Kirolak duen zentzua bera ere galdu egiten da azkenean. Zalerik gabe estropadek asko galtzen dute. Nik uste aurten iaz bezainbesteko zorroztasunik agian ez dela izango. Adibide bat jartzearren, txirrindularitzan ere ikusi genuen Euskal Herriko Itzulian zaleak bazirela errepide bazterretan. Nik uste jendea alde batetik edo bestetik hurbilduko dela, nahiz eta arraunlariok bai eduki beharko dugun gune bat guretzako. Baina badirudi egoera orokorra hobera doala eta ea arraun estropadetan ere normaltasun apur bat berreskuratzen dugun.