INFO

EAEn kutsatze kopurua bikoiztu da 19 eta 39 urte artekoen taldean

Koronabirusari aurre egiteko neurrien arintzeak eta, besteak beste, Mallorcan izandako agerraldiak, birusaren intzidentzia asko handitu dute 17-18 urtekoen taldean. Asteartean, baina, igoera nabarmenagoa izan zen 19-39 urtekoen artean, egun batetik bestera kasu kopurua bikoiztu baitzen. 

Kalean maskara erabiltzeko beharrik gabeko lehen eguna, Bilbon. (Endika PORTILLO/FOKU)

Pandemiaren bilakaera kaskarra izaten ari da egunotan Hego Euskal Herrian, eta ia hilabete egin behar da atzera iragan asteartean izandako datuen antzekoak aurkitzeko. 368 positibo atzeman ziren herenegun, astelehenean baino 153 gehiago –%71 hazi zen kasu kopurua–, eta intzidentzia metatuak gora egin zuen herrialde guztietan. Batez ere, Bizkaian (5 puntu) eta Gipuzkoan (13 puntu), eta azken honetan intzidentzia 79tik 106ra pasatu da astebetean.

Horiek hala, duela astebete datu epidemiologikorik onenak zituen Gipuzkoak, eta orain txarrenak izateko bidean dago. Egoeraren aldakortasuna osasun krisi honen ezaugarri nagusienetakoa izan da hasieratik.

Mallorcan izandako agerraldi handiak azaltzen du, neurri batean, kutsatzeen hazkunde hau, eta horren adibide da Osakidetzako atzoko txostenaren arabera 17 eta 18 urteko gazteen artean intzidentzia 883,93 kasutan dagoela, biztanleria osoaren tasa baino zortzi aldiz handiagoa.

Deigarria da beste adin talde batean azken orduotan izandako bilakaera. Izan ere, 19 eta 39 urte artekoen artean atzemandako kutsatze kopurua bikoiztu da egun bakarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain zuzen, astelehenean 83 kasu detektatu ziren talde horretan; asteartean, aldiz, 166.

Modu horretan, intzidentzia metatuak jauzi handia egin du kolektibo horretan, 167 kasutik 200era pasatu baita, eta ikusteko dago heldu diren egunetan joera horri eusten dion.

Arduratzeko datua da aipatutakoa, asko handitu baita egun batetik bestera. Gaztetxoen artean, berriz, egoera ez da lasaitzeko modukoa, kasuek gora egiten jarraitzen baitute; 17-18 urtekoen taldean, batez ere.

Adin horietan 34 positibo detektatu ziren asteartean eta 17, astelehenean; beraz, hor ere kutsatzeak 24 orduan bikoiztu dira. Baina talde honetan jauzia aurreko astean eman zen, eta, adibidez, joan den asteburuan 120 kasu atzeman ziren, Mallorcara joandakoen artean egindako baheketak direla medio. Ematen du aste honetan egoera nolabait egonkortu egin dela.

Albiste lasaigarriak adin handiagoko taldeek eman dituzte, egoera askoz egonkorragoa baita horietan. 40-64 urte artean positiboek gora egin arren, 42tik 62ra, intzidentziak berdin jarraitzen du, 78 kasutan. 65 urtetik gorakoen artean 9 kutsatze baino ez ziren atzeman asteartean, aurreko egunean bezala. Intzidentziak apala izaten jarraitzen du hemen: 22 kasu bakarrik ehun mila biztanleko.

Hernanin 52 positibo berri

Adi jarraitzeko datuak dira azken egun hauetan Hego Euskal Herri osoan jasotzen ari direnak, eta arduraz aztertzeko modukoak asteartean Hernanin izandakoak. Izan ere, 52 positibo berri zenbatu ziren bertan; hots, Gipuzkoan detektatutako kutsatze guztien %40. Horren ondorioz, udalerri hori eremu gorrian sartu da, 402 kasuko intzidentziarekin.

Hogei mila biztanle izanagatik, ez da ohikoa horrelako herri batean kasu kopuru hori atzematea, eta horren ondorioz Xabier Lertxundi alkateak Udalaren Osasun Mahaia deitu du gaurko, egoera aztertzeko asmoz.

Izan ere, aurreko egunetan, San Joan jaien inguruan, nahiz eta Udalak inolako ekitaldirik ez zuen antolatu, ohi baino jende gehiago ibili zen herrian, Udaleko iturriek Efe agentziari adierazi ziotenez, baina gaineratu zuten oraindik ez dakitela agerraldi handi honen jatorria zein den.

Lakuako Osasun Sailak ere ez zuen agerraldi honi buruzko daturik eman. Gaurko bileran, Hernaniko alkateak eta udal taldeetako ordezkariek ez ezik, Osakidetzako eskualdeko arduradunek parte hartuko dute.

Zumaia ere eremu gorrian dago, 478 kasuko tasarekin, baina ostiralean 21 positibo atzeman ondoren, azken egunotan birusaren eragina egonkortu dela ematen du eta asteartean hiru kasu bakarrik detektatu ziren.