INFO

Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituen bide berdea

Elizondo eta Irun lotzen zituen meatze-tren zaharraren ibilbideari jarraituz, Nafarroa eta Gipuzkoa elkartzen dituen Bidasoko bide berdeak ikuskizun ederrez gozatzeko aukera eskaintzen die oinezkoei zein txirrindulariei.


Bidasoko trenbidearen lehen zatia 1898. urtean eraiki zen Endarlatsako meategietako minerala Irunera garraiatzeko. Urte batzuk geroago, 1916an, Elizondoraino luzatu eta bidaiariak garraiatzen hasi zen. Azken bidaia 1956an egin zuen, baina, beste bi urte martxan egin izan balitu, agian gaur egun arte bizirik mantenduko zen. Izan ere, 1958an Laminacion de Lesaka siderurgia-lantegi ezaguna eraiki zen, eta tren zaharraren ibilbidea berreskuratzeko azterketak ere egin zituzten, baina dagoeneko beranduegi zen.

Egun Bidasoko bide berdea Behobian hasi eta Bertizeraino iristen da, 42 kilometroko ibilbidea osatuz eta ingurune natural ederra zeharkatuz. Paseo luze eta atsegina ahalbidetzen du, bidea egiten duenak ia nabarituko ez duen desnibel txikia baitu.

Ibilbidea Irunen has dezakegu edo, nahiago badugu, Behobian bertan. Pausuko zubiaren ondotik igaro ostean, Garraioaren Hiria atzetik zeharkatu eta Bidasoa ibaiari jarraituko diogu, bertatik 7 kilometrora Endarlatsara iristeko, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugara hain zuzen ere. Bortzirietan gaude eta lehenik aurkituko dugun herria Bera da. Jarraian, Endarlatsatik 9 kilometrora, Lesakako bidegurutzera iritsiko gara, zehazki, bertan dagoen Bereau benta eta kamioi aparkalekura.

Beste lau kilometro egiten baditugu, Igantziko Berrizaun auzora iritsiko gara. Bertan zegoen Bidasoko trenbideko Arantzako eta Igantziko geltoki zaharra, nahiz eta gaur egun arrastorik geratzen ez den. Eta 19 kilometro gehiago eginez gero, Sunbilla eta Doneztebera iritsiko gara, Malerreka eskualdean. Hemen, berriro ere Bidasoa ibaia jarraituz, Baztan aldera egingo dugu eta, Legasa ondotik igarota, 6 kilometrora Oieregiraino iritsiko gara, Bertizko Parke Naturalean bertan amaituz.

Burdinaren Museoa Lesakan

Bide berdearen inguruan aurkituko ditugun leku interesgarrien artean, bereziki aipatzekoak dira Aiako Harria parke naturala eta Irungo Oiasso Erromatar Museoa. Hori bai, ibilbideak zeharkatzen dituen herri guztiek –Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe eta Legasa– badute ikusteko eta dastatzeko eskaintza zabala.

Lesakan, adibidez, Burdinaren Museoa ikus dezakegu Turismo Bulegoaren eraikinean bertan (Harriondoa kultur etxea). Izan ere, lesakarrek historian zehar aspalditik jakin izan dute burdinak emandako aukerak ezin hobeto aprobetxatzen: burdinolak, errementari tailerrak eta siderurgia lantegiak funtsezkoak izan dira herriaren garapenean. Museoa irailaren 20a arte egongo da zabalik asteartetik ostiralera goizez eta arratsaldez, eta, larunbat, igande eta jai egunetan, goizez.

Horrekin batera, herrigunean zehar barreiatuta dauden jauregi, dorretxe, iturri, garbitoki eta zubiek, besteak beste, aire zabaleko museoa osatzen dute. Dorretxeen artean, aipatzekoak dira Minddurrinea dorrea, XIV. mendekoa, Lesakako eraikinik zaharrena; edota Zabaleta dorrea, XV. mendean eraikia.

Herrigunetik ateraz gero, eta Oiartzunera doan errepideari jarraituz, Burdin Aroko trikuharri eta tumulu ugari dituen Agiña-ra heldu gaitezke, ezagutzea merezi duen leku lasai, sinboliko eta berezia.