INFO

Anbulantzietako langileek bi eraso pairatu zituzten iragan astean eta protestara deitu dute

Arabako anbulantzietako langileek bi eraso jasan zituzten iragan astean eta LAB, ELA, CCOO eta ESK salatu dute Lakua, Premiazko Garraio Sanitarioaren Sarea (RTSU) eta Osakidetza direla erasoon arduradun nagusiak.

Osakidetzaren anbulantzia bat, Gasteizen. (Juanan RUZ/FOKU)

Arabako anbulantzietako langileek bi eraso jasan zituzten iragan astean eta Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Enpresa Batzordea osatzen duten sindikatuek (LAB, ELA, CCOO eta ESK) salatu dute Lakua, Premiazko Garraio Sanitarioaren Sarea (RTSU) eta Osakidetza direla erasoon arduradun nagusiak.

Batzordeak esplikatu duenez, joan den astean, etxebizitza partikular batean, langile bati eraso egin zion aizto bat zeraman paziente batek. Azkenean, bertatik ihes egin ahal izan zuen.

Bestalde, kontatu du bi osasun-langilek eraso bat jasan zutela bide publikoan. Kasu honetan, profesionalak iraindu zituzten hainbat pertsonak. Larrialdiaren lekura sartu zirenean, eta behin pazientearekin zeudela, «oldarkortasun maila handiagoarekin», inguruan zegoen jendearen bultzadak eta ostikoak jaso zituzten.

Larrialdietako Garraio Sanitarioaren Enpresa Batzordeak nabarmendu du bi egoeretan profesional horiek erasoak jasateko arrisku handiko gune eta larrialdi mota batzuetara poliziaren presentziarik gabe sartu behar izan zutela, eta Lakuako Herrizaingo Sailaren, Osakidetzako Larrialdien eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren «inplikazio eza» salatu du.

Anbulantzietako langileak jasaten ari diren erasoen erantzuleak, sindikatuen esanetan, Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburua, RTSUko Fernando Garcia Vara eta Oscar Aller Garcia, Osakidetzako Larrialdietako zuzendaria dira, «langileen babesean erakusten ari diren utzikeriagatik».

«Egoera hauek, era berean, lan prekaritatearen eta azpikontratazioaren testuinguruan ulertu behar dira, eta Eusko Jaurlaritzari bere erantzukizun zuzena egunerokotasunean saihesteko balio diote. Beraz, berriro aldarrikatzen dugu funtsezko zerbitzu publiko hori presaz argitaratzea, gure sektoreko ordezkaritza sindikal osoak planteatutako baldintzetan», argitaratu dute.

Erasoak salatzeko, bestalde, elkarretaratzea deitu dute datorren ostiralean 11.00etan Gasteizko Arabako Unibertsitate Ospitaleko kanpoko kontsultetan.