INFO

Euskararen aurkako erasoak fermuki salatzeko plaza hartu dute Donibane Lohizunen

Euskaraz mintzatzagatik eraso bortitza pairatu zuen herritarrari elkartasuna adierazteaz gain euskara eta euskal kulturaren aurka Donibane Lohizuneko ez besten karietara gertaturiko jazarpen ekimen guztiak deitoratu dituzte Louis XIV plazan deituriko elkarretaratzean bildutako herritarrek.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Donibane Lohizunen. (NAIZ)

Donibane Ziburuko gaztetxeak luzaturiko deialdiari erantzunez herritar anitz bildu dira gaur arratsaldean Louis XIV plazan antolaturiko elkarretaratzean. Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta ekainaren 26-27ko asteburuan Lapurdiko kostako herrian gertaturiko euskarafobia ekimenak salatu dituzte.

Euskal Konfederazioak babesturiko ekimenean era askotako eragileak eta adin guztietako herritarrak elkartu dira. Bere senide batekin euskaraz ari zelarik eraso bortitza pairatu zuen Jean-Louis Iratzokiri elkartasuna adierazi nahi izan diote sostengu zabala jaso duen ekimen horren bidez.

 

Herriko gazteek luzaturiko mobilizazio deialdiari babesa eman zion berehala Herri Berrik udal taldeak. Are, joan zen uztailaren 2an eginiko udal batzarrean erasoa salatzeko proposamena eraman zuen talde abertzaleak.

Atzo, herriko auzapezak Jean-François Irigoyenek (LR, Errepublikanoak eskuineko alderdikoa) bere izenean eta udalbatzako kide guztien izenean «erasoa onargaitzat» jotzen zuen agiria plazaratu zuen.

Irigoyenek «intolerantziak orokorrean gora egin duen testuinguruan» kokatu du erasoa, badira egun batzuk bestazale batzuk udal langile baten aurka erasoa burutu zutela Biarritzen oroitaraziz.

«Euskal Herriak badu harrera egiteko tradizioa, eta gure herrira bizitzera edo bisita egitera etortzen den oro ongi errezibitua izanen da; alta, gure kultura, tradizioa eta hizkuntza mespretxatzen dituztenak ez dira ongi etorriak izaten», adierazi zuen Irigoyenek.

«Ezinbestekoa da gure karriketan nahi duen orok euskaraz egin ahal izatea, hori ez baita inondik inora negoziatzen», nabarmendu zuen auzapezak frantsesez bakarrik idatzitako agiri horretan.

Erakundetako ordezkaritza zabala

Gaurko mobilizazioan Donibane Lohizuneko Herriko Etxearen ordezkariak soilik ez, bai Ziburutik zein Baionako udalelatik ere ordezkaritza zabalak heldu dira euskararen aurkako erasoak onargaitzak direla nabarmentzeko.

«Euskal Herrian euskaraz» oihuen artean hartu dute plazan mobilizazioan parte hartu duten herritarrek elkarretaratzari amaiera emateko gaztetxeko kideek «euskaraz bizitzeko» adierazitako engaiamendua.