INFO

Abuztuaren 25etik 29ra egingo dute Iraultza Txikien Akanpadaren 2. edizioa, Arteako Basoan

Herri mugimendu anitzetako militanteak Iraultza Txikien Akanpadaren 2. edizioa aurkeztu dute. Topaleku izan nahi duen kanpaldi hau abuztuaren 25etik 29ra bitartean egingo dute, Arteako Basoa proiektuan.

Iraultza Txikien Akanpadaren 2. edizioaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Herri mugimendua saretzeko asmoz, abuztuaren 25etik 29ra Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizioa antolatu dute Basoan (Artea). Ostiral honetan egindako aurkezpenean «Piztuko dugu sua?» galdera eta, era berean, gonbidapena luzatu diete Euskal Herriko militante eta mugimenduei.

2018ko irailean ospatu zen Zubietan Iraultza Txikien Akanpada lehenengo aldiz. «Konspiratu, eragin, pentsatu, gozatu eta mobilizatu ginen. Hiru egunen ostean, ondorio argia atera genuen: ariketa hartan ehundutako konplizitateen eta afinitateen txingarra itzal ez zedin, bi urtean behin akanpada errepikatzea izango zela hauspo eraginkorrena», azaldu dute antolakuntzako kideek.

2020an, covid-19ak eraginkako egoera zela eta, aurreko urtean ezin izan zuten akanpada antolatu. Baina aurten, «herri mugimenduaren sua bizkortzeko» garaia dela erabaki dute.

«Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizioak, ororen gainetik, herri mugimenduen topaleku izan nahi du. Ez aurrez prestatutako bide-orriak aurkezteko, ez eta ziurgabetasuna behin betiko erantzunen bidez argitzeko ere. Ez dago horrelakorik. Erantzunak baino gehiago, galderak plazaratu nahi ditu akanpadak, eta horien inguruan elkarrekin hausnartzeko, elkarrekin borrokatzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio komuna eskaini nahi die askotariko militanteei», azaldu dutegaurko aurkezpenean.

Era berean, Iraultza Txikien Akanpada «bizimodu onaren entsegu orokorra» izatea nahi dute. «Merezi duen bizitza zoriontsu eta bidezko baten bila, kapitalismotik eta patriarkatutik emozionalki, ekonomikoki, psikologikoki, politikoki desertatzeko era baten erakusle».

Hiru gune izango ditu akanpadak: Elkarrekin Borrokatu gunea praktika militanteei buruz aritzeko gunea izango da; Elkarrekin Husnartu gogoeta militanterako esparrua izango da eta herri-mugimenduan pil-pilean dauden gaien inguruan arituko dira; eta Elkarrekin Eraiki bestelako esperientziak edo saio eraldatzaileak ezagutzeko eta sortzeko espazioa izango da.