INFO

TKE Liga Euskal Herrira helduko da asteburuan Donostiako eta Zierbenako estropadekin

Coruñako lehen bi jardunaldi arraroen ondotik, sailkapenek apur bat argitzen hasi beharko lukete. Momentuz, Santurtzi da lider Eusko Label Ligan 22 punturekin eta Donostia Arraun Lagunak Euskotren Ligan 7 punturekin.

Donostiarrako arraunlariak traineruari buelta ematen aurreko igandean Coruñan (LOF)

Euskotren eta Eusko label Ligak Euskal Herrira iritsiko dira asteburu honetan, Galizako lehen asteburuaren ostean. Larunbateko estropada Donostian izango da eta igandekoa Zierbenan, eta bi hitzorduok sailkapenak apur bat argitzen hasteko balioko dute.

Coruñako lehen bi jardunaldiak arraro samarrak izan ziren ondorio gehiegi ateratzeko. Sailkapenean sekulako gorabeherak izan ziren egun batetik bestera, batez ere gizonezkoen proban: Hondarribia garaipenetik bederatzigarren postura igaro zen, Urdaibai alderantziz, Cabo bosgarren postutik azkenekora, Lekittarra azkenekotik zazpigarren postura…

Baliteke gora-behera horiek ohikoak izatea denboraldian zehar, dagoen parekotasunaren seinale, baina hori estropadaz estropada ikusten joan beharko dugu. Momentuz, Santurtzi da lider Eusko Label Ligan 22 punturekin eta Donostia Arraun Lagunak Euskotren Ligan 7 punturekin.

Ipar ukituko haizea, marea jaisten...

Larunbateko estropada 17.40an hasiko da emakumezkoen V. Donostiarra Banderarekin, eta ondoren ipiniko da jokoan gizonezkoen XIII. Donostiarra Bandera, biak Turismo Castilla La Manchak babestuak. Kontxako estropada eremua erabiliko da, nahiz eta mutilek lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzten.

Txandei dagokionez, aurrenekoan Tiran, Lekittarra, Zarautz eta Cabo irtengo dira; bigarrengoan Ondarroa, Ares, Orio eta Hondarribia; eta hirugarrenean Bermeo, Donostiarra, Zierbena eta Santurtzi.

Eremuaren baldintzei dagokionez, metro erdi inguruko olatuak espero dira, ipar haize apur batekin, eta aipagarria da itsasgora 17.55ean dela, juxtu gizonezkoen estropada hasiko den orduan. Baliteke marea jaisten doan heinean korronteak kaleetan eraginen bat izatea.

Estropada eremu honetako errekorrak 2018an ezarri zituzten Udaibaik (19.39) eta San Juanek (11.00).

Igandeko proba 11.40an hasiko da emakumezkoen Edinor Banderarekin, eta ondoren gizonezkoen XXXVIII Petronor Bandera izango da jokoan. Gizonezkoen txandak bezperako emaitzen arabera antolatuko dira.

Baldintzak bezperako antzekoak izango direla ematen du, baina kasu honetan marea igotzen harrapatuko dute traineru gehienek. Marka onenak 2014an Urdaibaik (19.24.42) eta San Juanek (10.29.54) lortutakoak dira.

Donostia, Maliaño eta Lekeitio

Best mailetan ere hainbat estropada jokatuko dira asteburu honetan. ETE eta KAE2 Ligetako traineruek, esaterako, Donostian bertan dute hitzordua larunbatean, baina kasu honetan goizez, 10.15etan hasita. KAE1 Ligako 13 ontziek, bestetik, 17.00etan ekingo diote XXIX Ayuntamiento de Camargo banderari Maliañon, Kantabrian.

Igandean ETE Ligako traineruek beste estropada bat jokatuko dute, 12.00etan Lekeition, II. Uribarren Abaroa bandera.